GARA
DONOSTIA

Azurmendiren figura goratuz hasi dute haren ekarpenari buruzko bilkura

Jakin Fundazioak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Gipuzkoako Aldundiak antolatuta, “Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia” biltzarra hasi zen atzo, Donostiako San Telmo museoan, filosofo zegamarraren ekarpena egungo begiradatik aztertu eta lantzeko xedearekin.

Jardunaldietako antolatzaileek nabarmendu zutenez, Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941) «Euskal Herri garaikideko pentsalaririk oparoena» da, eta «argitaratu dituen 41 liburuak eta ia 500 artikuluak horren lekuko dira. Hain zuzen, atzo hasi eta bihar arte luzatuko den zita honetan parte hartuko duten 50 adituek zegamarraren ekarpena ertz desberdinetatik aztertuko dute.

Azurmendiri gorazarre

Irekiera ekitaldi bereziarekin ekin zioten biltzarrari, Joxe Azurmendiren ekarpena aitortuz eta goraipatuz. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Nekane Balluerka EHUko errektoreak, Jon Insausti Donostiako Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakariak eta Iñaki Zabaleta EHUko irakasle eta Joxe Azurmendi Katedrako koordinatzaileek hartu zuten hitza. “Hilda topatu dut koplaria” Joxe Azurmendik berak idatzi eta Imanol Urbietak musikatutako partitura oparitan jaso zuen pentsalariak.

Ondoren, Joseba Zulaika antropologoak, Miren Azkarate hizkuntzalariak eta Pruden Gartzia urgazle eta idazleak hitzaldi bana eskaini zuten.

«Joxe Azurmendiren pentsamendua funtsezkoa da gaur egungo euskal politika, kultura eta subjektibitatea ulertzeko», adierazi zuen Zulaikak, aurrez beste hizlari batzuek nabarmendutako ideia bikain borobilduz.