Agurtzane Solaberrieta Mesa
Usurbilgo alkatea
GAURKOA

SOS Usurbil!

Klima aldaketa, larrialdi klimatikoa, trantsizio energetikoa, berotegi efektuko isuriak, planetaren berotzea, kutsadura... gisako kontzeptuak edota horren ondoriozko irudiak (lehorteak, uholdeak, itsaso mailaren gorakada...) nonahi ikusten ari gara egunotan, munduko agintariak Madrilen egiten ari diren klima aldaketari aurre egiteko goi bilera dela-eta. Haatik, inor gutxi mintzatu da Zubietako errauste-plantaz. Gipuzkoan CO2 gehien isuriko duen enpresaz, hain zuzen ere. Orain arte errauste-plantaz hamaika publirreportaje egin dituzten komunikabideek ez dute irudi bakar bat ere erakutsi egunero Usurbildik ikusten ari garen ketzarrari buruz. Hitz erdirik ez. Erreportaje bikaina dute hemen bertan, klima aldaketaz aritzeko.

Azaroaren 28an piztu zuten labea, noiz eta Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu zuen egun berean. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi. Baina, tamalez, ez da broma, ez. Oso kezkatuta gaude, egunero errauste-plantaren tximinietatik ateratzen diren ke-zutabe erraldoiak ikusten ari baikara. Gure paisaiaren parte bihurtu dira. Ikastolatik parez pare ikusten dira. Esan ohi dugu irudi batek mila hitzek baino indar handiagoa duela. Ba nik uste irudi horrek ondo baino hobeto islatzen duela gure seme-alabei utziko diegun etorkizuna zein den: beltza; kutsatua. Gure porrotaren irudia da.

8 urteko alabak askotan egiten dit galdera hau: «Nola da posible, ama, hain txarra den hori egin nahi izatea inork?». Bere hitzei amorrua, tristura, haserrea darie. Nola azalduko diot bakarren batzuek haien osasuna arriskuan jartzea lehenetsi dutela, helduon erosotasuna eta gutxi batzuen negozioa bermatzeko? Mundu honekiko inozentzia galtzerik ez nuke nahi; ez oraindik, bederen. Haur izaten jarraitzea nahiko nuke. Umea izanagatik ere, ziztada zuzenak igortzen dizkigu: «Ama, gelditu egin behar duzue!». Ez da heldua edota aditua izan behar ketzar horrek ezer onik ez dakarrela uste izateko.

Ama gisa eta alkate gisa dudan buruhauste eta kezka handienetako bat da, beraz, errauste-plantarena. Nire alaben, eta, noski, nire herrikideen osasunak kezkatzen nau. Eta horregatik natorkizue laguntza eske. SOS deia luzatzen dizuet Usurbildik, Usurbilgo alkate nauzuen aldetik.

Errauste-plantaren proiektuak izan dituen gorabeheretan ez naiz sartuko, baina uste dut arazo etiko, demokratiko, ekologiko eta ekonomiko latz baten aurrean gaudela. Inork ez du aldamenean nahi, eta, hala ere, derrigorrean egin beharrekotzat saldu zaigu. Dilema etiko horrek dimentsio latza hartzen du errauste-plantak eragiten dituen osasun- eta ingurumen-kalteak aintzat hartuz gero. Ikerketa asko daude argitaratuta, aldizkari serio, fidagarri eta modernoetan, errauste-plantaren osasun-kalteak nabarmentzeko eta ebidentziaren mailara eramateko. Berriki, Zubieta Lantzen elkarteak errauste-planta martxan jarri aurreko azterketa zientifiko bat egin du, eta martxan jarri ondorengo urteetan errepikatuko dute. Ikusteke, beraz, zer dioten. Edonola ere, nabarmendu nahiko nuke administrazio publikoaren ardura euren gain hartu dutela, eta, zentzu horretan, txalotzekoa dela euren ekimena. Osasunaz ari garela, arrisku hutsak aski behar luke arduraren eta prebentzioaren printzipioa aplikatzeko beste ezeren aurretik.

Osasunak eta ingurumenak kezkatzen nau gehienbat, gaurko eta biharko herritarrek jasan dezaketen eragina eta ondorengo belaunaldiei utziko diegun munduak. Ardura instituzionala dugun guztiok dugun kezka izango dela suposatzen dut.

Aitortuko dizuet, edonola ere, ez dela kezka bakarra. Beste bi alderdik ere arduratzen naute: batetik, proiektuaren kostu ekonomiko handiak eta horrek udaloi eragingo diguna; bestetik, Europak etorkizunerako markatzen dituen direktibei entzungor eginez, Gipuzkoako hainbat herritan abiatutako hondakin-tratamendurako bide jasangarriari muzin egiteak. Alderdi humano, sozial, ekologiko, eta ekonomikotik begiratuta, atzerapauso izugarria da, beraz, errauste-planta martxan jartzea. Hondamendia.

Usurbilek eta Gipuzkoako beste herri batzuek erakutsi dute badagoela alternatibarik, kontrakoa sinetsarazi nahi diguten arren. Usurbildarrok erakutsi dugu posible dela hondakinak kudeatzea osasuna eta ingurumena aintzat hartuz. Gure eguneroko ohituretan aldaketa txiki bat egin genuen duela hamar urte, eta, gaur egun herrian sortzen den hondakinen ia %90 gaika biltzen dugu. Apenas sortzen dugun errefusik. Gure herritik errauste-plantara apenas joango den ezer, hortaz. Haatik, inposatu diguten zerbitzu horrengatik ordaindu beharko duguna izugarri garestia izango da, izan ere, GHKren tarifa-sistemak errefusa, zamatu ordez, saritu egiten du. Birziklatzea, beraz, garesti ateratzen zaigu herritarroi. Marka da, gero! Gero, ekonomia berdeaz ariko dira, hitz eta pitz!

Baina, diodan bezala, asko dira zero zabor bidea hartu duten Gipuzkoako herriak, zorionez. Hainbat herritako birziklatze-tasak Gipuzkoa osora estrapolatuz gero, kitto, bukatuta legoke eztabaida. Garbi dago, beraz, zein den bidea. Horregatik, zentzu betea du herrian entzuten den esaldi honek: «Burua duenak ez du ondoan nahi, eta bihotza duenak ez du inon nahi». Azken batean, hondakinak kudeatzeko dugun moduak eta, zeresanik ez, dilema etiko, demokratiko eta ekologiko baten aurrean hartzen dugun jokabideak, garbi islatzen dute zer garen, nolakoa den gure izaera kolektiboa.

Munduko joera nagusiek kontrakoa adierazi arren, nik sinisten dut giza balioetan. Izan ere, nekez eraiki dezakegu herri bat baliorik gabe. Herri baten zimendu nagusiak dira balioak. Elkartasunik, demokraziarik edota justizia sozialik gabe, gureak egin du! Horregatik, gipuzkoarrei deia egin nahi dizuet abenduaren 13an, Usurbilgo Udalak deituta, egingo den manifestazioan parte hartzera. Alboan behar zaituztegu. SOS Usurbil, erraustegia gelditu!