Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Txilen da Greta

Zarata besterik ez. Bidaia luze eta neketsu baten helmugak ez luke horrelakoa izan behar. Tren estazioetan topatu ohi den magiaren arrastorik ez. Ateak zabaldu ahala iritsi zaio nasan bildutako jendetzaren zalaparta arrotz eta gorgarria. Horrela iritsi da Greta Thunberg klimaren goi bilerara. Horrela bihurtu da albistegi denen protagonista. Horrela irabazi ditu titular denak. Baina berak planeta oso bat du irabazteko eta lurra ezin da prentsako karakteretan neurtu.

Isiltasuna besterik ez. Negar eta garrasien ostean, isiltasuna. Heriotza bera bezain itogarria den isiltasuna nagusitu da tiro hotsen oihartzuna gainetik kentzeko gai izanen ez den lurraldean. Txilek ez du titularrik irabaziko, ordea. Planeta zaratatsuegia dugu bertatik datozenen ahotsak entzun ahal izateko. Apropos lapurtu nahi dizkigute Ameriketan jazotzen ari denaren inguruan aritzeko karaktereak. Bertan daudelako hain zuzen, planeta osoaren taupadak eten ez daitezen aspaldi borrokan ari diren komunitateak. Bertan daudelako klimaren aldaketari aurre egin nahian lidergoa sobera irabazi duten emakumeak.

Utz diezaiogun Gretari zaratarik gabe bere diskurtsoa ematen. Entzun dezagun Irmak eta Nancyk esateko dutena eta senti dezatela burrunba jasanezin eta gorgarria planeta itotzeko lanetan tiroez ere baliatzen diren horiek.