Amaia U. LASAGABASTER
Elkarrizketa
IRAIA ITURREGI
ATHLETIC B-KO ENTRENATZAILEA

«Bigarren Maila berriaren exijentzia eta lehiakortasuna eskertzekoak dira guretzat»

2017 ekainean jokatu zuen azken partida, ia bi hamarkadako ibilbideari amaiera emanez. Baina ez zion agurrik esan ez futbolari ez Athletici. Bi urte prestatzaile fisiko lanetan eman ondoren, aulkian eseri da aurten lehendabiziko aldiz zuri-gorrien bigarren taldea entrenatzeko.

Bi urte prestatzaile fisiko lanetan eman ondoren, entrenatzaile gisa bizitzen ari den lehen denboraldia ezin hobeto doa Iraia Iturregirentzat. Athletic B taldeak Bigarren Mailako Iparraldeko multzoko lehen postuan amaituko du 2019a.

Oporrak gustura disfrutatzeko moduko lana egin duzue.

Bai, oso pozik gaude. Emaitza aldetik gutxi esan daiteke, bi partida bakarrik galdu ditugu, liderrak gara... Egia esan, ez genuen espero. Batez ere, gainera, taldeak ematen dituen sentsazio onak azpimarratuko nituzke, bai entrenamenduetan bai lehiaketan. Noski, betiere jakinda hobetzeko gauza piloa dauzkagula jokalariak Lehen Mailak duen exijentziara hurbiltzeko.

Hori guztia, gainera, sortu berri den Bigarren Pro maila oso gogorra dela kontuan hartuta.

Aldaketa nabaria da, intentsitatean, lehiakortasunean... Apur bat erlaxatu eta agur! Jardunaldi guztietan dago sorpresaren bat, pare bat aldiz gertatu da azkenak lehenari irabaztea... Hori orain arte ez zen ikusten.

Horrekin ere pozik nago. Lehiakortasuna denentzat da ona, baina are gehiago bigarren talde batentzat. Oinarrizkoa dela esango nuke. Asteko lanean asko exijitu dezakezu, baina gero asteburuko exijentzia ez bada berdina... Bada, aurten bada, eta eskertzekoa da. Eta zailtasun horiek guztiak kontuan izanda ere lehenak izatea oso pozgarria da.

Zure jokalari onenetariko batzuk, gainera, gutxi ikusten dituzula ahaztu barik. Izan ere, Oihane Valdazate, Oihane Hernandez, Ane Azkona... dagoeneko lehen taldean egonkortuta daude.

Bizpahiru jokalarik lehen taldearekin jokatzen dute, beste bizpahiru astero doaz lehen taldearekin entrenatzera... Horrekin ere oso pozik gaude. Izan ere, hori da bigarren talde baten helburu nagusia. Argi dago jokalari horiekin are emaitza hobeak lortzeko aukera edukiko genukeela, baina domino efektu baten antzekoa ikusten ari gara: gazteek lehen taldean aurrerapausoa eman duten heinean, gure taldeko gazteek ere gauza bera egin dute euren hutsunea betetzeko. Eta horri esker emaitza onak lortzen ari gara eta, gainera, beste jokalari multzo hori bidea egiten doa. Gure helburu nagusia, beraz, betetzen ari da.

Argi dago hori dela bigarren talde baten helburu nagusia. Entrenatzeko orduan nabaritzen da? Arlo desberdinak landu edo azpimarratu behar dira?

Baietz esango nuke. Aurkarien bideoak ikusten ditugu, adibidez, baina batez ere guk egin behar duguna eta hobetu behar duguna lantzen dugu. Ez dugu hainbeste arreta jartzen aurkariari aurre egiteko egin behar dugunean, baizik eta guk, indibidualki zein kolektiboki, hobetzeko egin behar dugunean.

Partiduetan ere, planteamenduei dagokienez, desberdina da. Adibidez, lehen taldean egongo banintz eta helburua Liga irabaztea balitz, agian partida batzuetan beste planteamendu bat aterako nuke. Baina bigarren talde bat izanda, irabaztea nahi dugun arren eta lehiatzen ikasi behar dugun arren, formakuntzari emaitzari baino garrantzi handiagoa ematen diogu. Helburu indibidual eta kolektiboak ezartzen ditugu partidetan, sistemak lantzen ditugu, jokalariak erabakiak hartzera bultzatzen ditugu, postuz aldatu...

Entrenatzailearen ikuspuntutik aberasgarriagoa izan daiteke. Batez ere lehen urratsak ematen ari den batentzat.

Bai, nik uste horregatik ere gehiago disfrutatzen ari naizela. Adibidez, hiruzpalau sistema erabili ditugu esperientzia berriak ikusteko: nola egokitzen diren jokalariak, nola barneratzen dituzten kontzeptuak... Pixka bat esperimentatu egiten dugu. Jokalari batzuk postu desberdinetan probatzen ditugu, euren esperientzia handitzeko eta lehen taldeak izan ditzakeen beharretan pentsatuz... Eta horrek nire lana erakargarriagoa eta aberasgarriagoa egiten du.

Etxekoa izanda, erantzukizuna handiagoa da?

Bai, ni ere horrelakoa naizelako. Asko konprometitzen naiz. Etxekoa izanda, erantzukizunaz gain, beste presio bat jartzen diozu zure buruari.

Gazteei Athleticen zer den transmititzeko ez duzu urrun joan beharko. Zeuk baino barneratuagoa duten asko ez dira egongo...

Saiatzen naiz behintzat. Baina ez ni bakarrik, jokalariak Lezamara sartzen direnetik saiatzen gara gure ezaugarriok transmititzen. Lehiakortasuna, batasuna, lana... Eta mailaz maila, alde tekniko eta taktikoekin batera, oinarri hori sendotzen goaz.

Laburrean

Sailkapena. Bartzelonak lehen postuan amaituko du urtea, Atleticorekiko 5 puntuko aldearekin. Talde bereko Jenni Hermoso da golegile nagusia 15 golekin, Altuvek (Rayo) baino bost gehiago.

Aulkiak. Granadillak David Amaral kargutik kendu du, taldea 10. postuan badago ere. Jaitsieratik irten ezinean dabilen Betisek ere, Antonio Contreras kargugabetu du.

Fitxaketa. Mugimendu asko espero dira merkatuan hurrengo asteotan. Deportivok lehena egin du, Carolina Arbelaez fitxatuz. 24 urteko erdilari kolonbiarra da.

Txapelketa. Lezaman jokatutako Espainiako Txapelketaren lehen fasean, Euskadiko Federazioaren 17 urtez azpiko selekzioak jokatutako bi partida irabazi zituen. 15 urtez azpikoak, berriz, Aragoi menderatu ondoren Kataluniaren kontra galdu zuen. Nafarroari Malagan jokatzea egokitu zitzaion: 17 urtez azpiko taldeak lau puntu lortu zituen bitartean, 15 urtez azpikoak jokatutako bi partidak galdu zituen.

Lagunartekoa. Eibartarrak taldeak lortutako Superkoparen 20. urteurrena dela eta, Eibarrek eta Alavesek lagunartekoa jokatuko dute larunbatean Ipuruan (12.00). Sarrera doakoa da.

Jauzia. Olympiquek NWSL ligara salto egin du. 3,1 milioi euroren truke, Reign taldearen %89,5a erosi du. Liga estatubatuarrak, bestetik, datorren urtean talde kopuru bera mantenduko duela aurreratu du: bederatzi.

FIFA. 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa Costa Ricak eta Paraguaik antolatuko dutela berretsi du FIFAk. Abuztuan jokatuko da. Gianni Infantinok, bestalde, Noël Le Graët Frantziako Federazioko presidenteak Munduko Txapelketa bi urtez behin jokatzeko egindako proposamena aztertuko dutela azaldu du.

Txapeldunak. Universitario de Deportesek Peruko Liga irabazi du, Wilstermann taldeak Boliviako lehen txapelketa eskuratu du eta Panaman Universitario da Ligako txapelduna hirugarren denboraldiz jarraian.