Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Bidera atera

Hotzikara batean esnatu da. Oraindik ere ordu txikiak dira. Egunotan neguko arropak ezin kendu dabilen hirian, termometroari muzin eginda bada gaur bidera atera denik. Gaur, zero graduko ziutate batek motxila batean sar daitekeen berotasunik goxoena prestatu du bidaiarako.

Tentuz egin dute bidea, asteburuero egin lez. Egunaren lehen argi izpiekin batera, bertso bat idatzi du norbaitek tentu handiz, furgonetako leihatilan pilatutako lurruna baliatuz. Kolpe hotz batez eman die ongi etorria lur arrotz horrek, asteburuero lez. Baina gaur bada zerbait ezberdina, gaur ez dira ohiko zurrumurruak, algarak baizik.

Bien bitartean, bada oihuak entzuten ari den beste bazter bat. Zentroa deritzonik bada, baina guretzat biak ere lekutan dira. Zuera eta Madril. Biak ditugu urrun, baina bietan ere gaude eta behar dugu egon. Bietan ari da izaten goiz zalapartatsua. Oihuak entzuten dira, han eta hemen, eta zein ezberdinak diren gureak eta guri buruzkoak.

Bide bazterrean itxaron zaituzte. Beti izan gara bazterrekoak eta bazterretatik jarraituko dugu bidaia egiten, denak bidera irten ahal izan arte. Madriletik entzun diren oihuak, atzera itzuli nahiko luketen horienak dira, baina zu etxera itzuli zara. Ez dago atzera bueltarik. Aurrera begirakoak dira gure oihuak eta gure urratsak. Ongi etorri, Ekaitz.