Haritz LARRAÑAGA

HITZA BETETZEKO ESKATU ZIOTEN MACRON PRESIDENTEARI MILAKA LAGUNEK BAIONAN

ETORKIZUNA IRUDIKATZEN ZUTEN HAMAR GAZTEK ERAMAN ZUTEN «HISTORIA ERREPIKA EZ DADIN» LEMA ZUEN PANKARTA NAGUSIA. ASKOTARIKO ORDEZKARITZA ETA PARTE HARTZE ZABALA IZAN ZEN BAIONAN. BAKE ARTISAUEK EGUNGO BLOKEO EGOERARI ERANTZUTEKO EMAN BEHARREKO PAUSOAK AZALDU ZITUZTEN.

Arratsaldeko hiruretan traktoreen motorrak piztu eta Baiona erdigunera abiatu ziren Lauga gelaren kanpoaldetik. Joaldunek, baina, erritmoa bizitu eta aurre hartu zieten. Handik ordu erdira izara handi bati eusten zioten euskal presoen senideak martxan jarri ziren, errepide ertzak leporaino bete zituzten manifestarien txalo artean.

Presoen senideen atzean, etorkizuna irudikatzen zuten arlo desberdinetako hamar gaztek Emmanuel Macron presidenteak maiatzean Biarritzen esandako hitzak jasotzen zituen pankarta bat zeramaten: «Ez dezagun historia errepikarazi».

«Ez dugu nahi historia errepikatu dadin, bake justu eta iraunkor bat eraiki nahi dugu», azaldu zion GARAri pankartan zihoan Zibel Damestoyk, Hiriburuko dantzari profesionalak.

Gazteen atzean, ostera, oraina eta iragana, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ehun hautetsi baino gehiago. Makila eskuan zutela, manifestaziorako deia egin zutenean nabarmendu zuten moduan, «Frantziako Ministerioarekiko dugun haserrea adierazteko, eta gobernuari jarrera aldaketa bat eskatzeko».  Eta azkenik, ordezkari politikoen gibelean, milaka herritar.

Eguzkiak lagundu zuen, baina bestela ere giroa gozoa zen manifestarien artean. Baziren musikariak, abeslariak eta adin guztietako herritarrak. «Euskal Presoak etxera!» oihuak Baionako karrika zaharretan oihartzun egiten zuen eta bisitariek sakelakoekin irudiak hartu eta manifestazioaren zergatia galdetzen zieten bakegileen txaleko urdina zeramaten antolatzaileei zein parte hartzaileei.

Azken egunetan Baionako mobilizazioak jasotako atxikimenduen isla izan zen atzoko manifestazioa. Auzapez, kontseilari eta hautetsiez gain, alderdi politiko, elkarte eta erakunde anitzetako aurpegi ezagun asko zegoen. Besteren artean, Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Max Brisson eta Frederique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senatariak eta Vincent Bru eta Jean Lassalle diputatuak.

Lurralde baten bake nahia

Baionako erdigunea inguratu ostean, udaletxe aitzinera iritsi ziren joaldun, traktore eta manifestariak. NAIZ hedabideak ia 10.000 lagun zenbatu zituen; hau da, iaz baino mila gehiago.

Tren geltoki ondoko Errepublika plazan amaitu zen manifestazioa, baina plaza txiki geratu zenez, manifestariek Santespirituko zubia hartu zuten, eta bozgorailuetatik entzun zituzten hizlarien mintzaldiak. Une berean, mobilizazioarekin bat egin zuten arraunlariak agertu ziren Errobi eta Aturri ibaiek bat egiten duten lekuan.

Stephane Etxegarai musikariak egin zituen aurkezpenak eta jarraian hautetsiek hartu zuten hitza. Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza eta Maider Beotegi Bardozeko hautetsia mintzatu ziren, oholtza bete zuten Ipar Euskal Herriko dozenaka hautetsiren izenean.

Frantziako Ministerio publikoa salatu zuten, haien hitzetan, «deus ez dela aldatu esatea, Euskal Herriko hiritarrei irain egitea baita». Ezenarroren esanetan «egitear gelditzen denak ez du egindako bidea estali behar, baina egina izan denak ez du egitear den bidea estali behar».

Etapa berri bati ekiteko unea iritsi dela jakinarazi zuen Beotegik, eta horretarako hiru ardatz  nagusi azpimarratu zituen: «Lurralde oso baten kontra doan Ministerio Publikoaren jarrera» salatzea, bizi osorako zigortu nahi dituzten presoei «ezartzen zaien heriotza zigor» horri aurre egitea, eta, azkenik, «gatazkaren konponbide orotan ezartzen den justizia trantsizionala» sustatzea. 

Hitzaldia amaitzeko, «lurralde baten bake borondateak» duen indarra nabarmendu zuten eta makilak altxatuta agurtu zituzten bertaratuak. Arraunlariek arraunak jaso eta ehunka manifestarik ere haien makilak jaso zituzten txalo artean.

Hitza hitz

Hautetsien ostean, Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoin bozeramaileek hitz egin zuten bake artisauen izenean. Macron presidenteak Biarritzen esan zituen hitzak ez dituztela pasatzen utziko iragarri zuten. «Euskal Herria adibide bat da gatazkaren konponbidean eta armagabetzean. Estatuaren eginbeharra da laguntzea. Ez dezagun historia errepika, lagun dezagun», esan zuen Macronek. «Hitza hitz!» gogorarazi zioten bakearen artisauek.

Iaz bezala, blokeo egoera berri baten aurrean aurkitzen direla aitortu zuen bakegileak, eta iaz bezala, orain ere etapa berri bat irekitzeko beharra azpimarratu zuen. Iaztik izandako lorpenak oroitarazi ostean, salbuespen neurriekin amaitzeak frantziar Estatuari ez diola espainiar Estatuarekin haustura diplomatikorik suposatu nabarmendu zuen Funosasek.

Aldiz, Berhokoirigoinen iritziz, «salbuespen neurrien bukaerak eta bortizkeria politikoaren bukaerak ez dituzte bake iraunkorrerako eta elkarbizitzarako baldintza nahikoak osatzen», eta ondorioz, «kosta ahala kosta, bidea irekiko dugu», adierazi zuen.

Bakegileen hitzaldiaren ostean, emakume batek igorri zuen irrintzi ozen, indartsu eta luze batekin amaitu zen ekitaldia, arratsaldeko 17.15ean, alegia, Bilboko manifestazioa hastera zihoan une berean.