2020/01/13

Jon GARMENDIA
Idazlea
Hor dago Partarrieu

Baionako manifa erraldoia bukatu ondoan egon naiz Mattinekin, eta han elkartu den jendetzaz hitz egin dugu, zenbat kostatzen ari den presoak etxera ekartzeaz, bi gobernu setatiren krudelkeriaz, gizakiak legearen begi-puntuan ezarriz bizi nahia bahitzen dutelako eta herriaren bizi nahia baldintzatzen, bidean familiakoei sufrimendua eraginaz, mundura borrokalariak ekarri izanagatik, ez jende otzana, gizarte eredu honi interesatzen zaiona. Interesa bere hitzek sortu didate niri, zentzuaren adiera orotan artista baita Mattin Partarrieu, margolari hazpandarra, umila eta eskuzabala, aldarrikapen askorekin konprometitua. Parisera itzultzen dela kontatu dit, atelierra han du, eta ospe eta errekonozimendu handia, ibilbide luze baten emaitza. Aldi honetan penaturik doala, Donibane Lohizuneko Saint Jacques karrikan daukan Hordago galerian «Sexiste» pintada agertu delako erakusleihoan; Zutik kolektibo feministak hartu du ardura bere gain eta Veronique de la Veze kideak Partarrieuk emakumearen irudia nola darabilen salatu du, estereotipo jakin bat emanaz. Tira, ez dut hasi nahi salaketa eta azalpena frantsesez baino eman ez den kontuarekin, ez dut batere maitatu, ez eta salatzeko modua ere, ireki daiteke eztabaida bat beste edozein maneran, ez halako akusazio potoloarekin. Eta hau artea da, ene ikuspuntutik emakumeak du boterea Partarrieuren margoetan, gizona da txotxolo estereotipatua. Hordago.