Idoia ERASO |
BAIONA
IPAR EUSKAL HERRIKO HEDABIDEEN KONTSUMOA

Biztanleen %42k euskara hutsezko hedabideren bat kontsumitzen dute

Euskararen Erakunde Publikoak Ipar Euskal Herriko hedabideen kontsumoaren gaineko azterketa aurkeztu zuen atzo Baionan. Iazko urrian bildutako datuen arabera, biztanleen %42k euskara hutsezko edukia duen hedabideren bat kontsumitzen dute usu edo noizean behin. Emaitzok hedabideetako hizkuntza politikak markatu ditzakete.

“Hedabideen eta euskarazko hedabide eta emankizunen Ipar Euskal Herriko erabilera ohiturei eta kontsumoari buruzko azterketa” aurkeztu zuten atzo Baionan. Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan 13 urtetik gorako 1.600 pertsonari egindako galdeketaren emaitzak biltzen ditu txosten horrek.

Hedabideen kontsumoari buruzko datuak zehaztasun handiz biltzen dituen lehen txostena da. Aurreko inkesta 2006an egin zen, eta garai hartan aztertu ez ziren eremuak agertzen dira oraingoan. Hori dela-eta, bi galdeketen emaitzak ezin direla erkatu azaldu du inkesta egin duen Cohda enpresako Ibai Agirrebarrenak. Bestalde, aurrerantzean bost urtean behin egitea egoki litzatekeela esan du EEPko zuzendari Bernadette Soulek.

Iparraldeko hiru lurraldeetako biztanleria osoa kontuan izanik, %42k erregularki edo noizbehinka gutxienez euskara hutsezko edukia duen hedabide bat kontsumitzen du. Kontsumitzaile gehien dituen euskarazko hedabidea Euskal Irratiak (%27) da; atzetik ditu ETB1 (%24), Kanaldude (%14), Gaztea (%8), Euskadi Irratia (%6), ETB3 (%5), “Berria” (%4), “Herria” (%3), Berria.eus (%3), Kazeta.eus (%2) eta “Ipar Euskal Herriko Hitza” paperean (%1) eta Internetez (%1).

Ipar Euskal Herriko euskara hutsezko bost agerkariak biltzen dituen Euskal Hedabideak elkarteko medioetara jotzen du gizartearen %31k; kopuru horrek %80ra egiten du gora euskaldunen artean; %53koa da euskaldun hartzaileen artean eta %14koa, erdaldunen artean.

Beñat Arrabit EEPko presidente eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako presidenteordeak «baikorki» baloratu zituen emaitzok, eta gizarteari eta enpresei «euskaraz ere kontsumitzen dela» jakinaraztea garrantzizkoa dela azpimarratu zuen.

Soulek inkesta proiektu estrategiko gisa definitu zuen, eta hizkuntza politikan berebiziko garrantzia duen hedabideen sailean EEPtik definitutako oinarrien egokitasuna agerian uzten duela adierazi zuen.

Euskarazko hedabideak indartzea da oinarri horietako lehena, eta inkestaren emaitzek erakusten dute gizartetik heltzen den eskaera kuantitatiboa dela, kualitatiboa egokitzat jotzen baita.

Frantsesezko hedabideetan euskararen presentzia handitzea da bigarrena, eta inkestak ere hori erakusten du, euskarazko eduki gehiago izatea galdegiten duela gizartearen parte handi batek.

Hizkuntzari begiratu gabe, tokiko hedabide guztiak kontuan izanik, biztanleen %88k bat edo gehiago kontsumitzen dituzte. Batez beste, biztanleriak bertako 4,2 hedabide kontsumitzen ditu noizbehinka edo erregularki; kopuru hori 7,1era igotzen da euskaldunen artean.

Estatuko zein tokiko hedabideak kontuan izanik, herritarren %90ek ikusten dute telebista; aldiz, %62k soilik bertakoa. Irratiari dagokionez, %84 da Estatu zein tokikoa eta %53 bertakoa da soilik. Egunkariei begiratuta, bertakoen indarra nabaria da, %56 osotasunean, eta %52 tokikoa. Astekarien artean %29 da orokorrean eta %14 kontsumitzen dira bertakoak. Azkenik, sarean kontsultatutako egunkarien artean %36koa da osoki, eta %29koa bertakoena.

Ipar Euskal Herriko astekarien artean bigarrena da Mediabask (%4), “La Semaine du Pays Basque”-en atzetik (%11). Webguneei dagokienez, NAIZ taldeko frantsesezko euskarria prentsa idatziari loturiko bigarren webgune bisitatuena ere bada (%8), Sud Ouest lehenaren atzetik (%27); ondoren, Berria.eus (%3) eta laugarren, Kazeta.eus (%2).

Telebistaren eremuan estatu mailako kateak dira nagusi (%87); ondotik datoz TVPI (%53), France 3 telebista publikoko Ipar Euskal Herriko deskonexioa (%51), ETB1 (%24) eta Kanaldude (%14).

Irratien artean ere estatu mailakoak dira lehenak (%67); atzetik daude France Bleu Pays Basque kate publikoa (%43), Euskal Irratiak (%27), EiTB (%11) eta Euskadi Gaztea (%8).