2020/01/14

Durangoko Udalak neurriak iragarri ditu etxegabe baten heriotzaren ondotik
GARA|DURANGO

Joan den igandean Durangoko kutxazain automatiko batean hilik aurkitu zuten gizonezkoaren heriotzaren harira, «neurriak» hartuko dituela jakinarazi zuen atzo Udalak. Zehaztu zuenez, gizona kalean bizi zen eta udaltzainek «halako egoeretan dauden pertsonek lotarako dituzten aukeren» gaineko informazioa eman zioten.

Ohar batean, udal gobernuak nabarmendu zuen ez dela «espekulatzen hasteko garaia» eta gaineratu zuen «agerikoa» dela «kalean bizi diren pertsonek ez dituztela baldintza onenak ez osasunari eta ez bizi kalitateari dagokionez», horrek haien bizitzan eragin zuzena izanik.

Udalaren ustez, «ez da onargarria garai hauetan oraindik ere gure herrietan hainbat pertsonak horrelako bizi baldintzak izatea». Horren aurrean, «hausnarketa» egin behar dela azaldu zuen, «instituzio guztiei dagokiena», bakoitzak duen erantzukizun mailan. Halako heriotza gehiago gerta ez daitezen lan egiteko eta «neurri eraginkorrak» hartzeko konpromisoa azaldu zuen.

Aurtengo bigarrena

Durangokoarekin bi dira hasi berri den urtean kalean hildako etxegabeak. Urtarrilaren 3an, Donostiako Gros auzoko kutxazain batean aurkitu zuten gizon bat hilik. Kasu bien harira, LABek atzo gogorarazi zuen pobreziak eta bazterketa sozialak gora egin dutela azken urteotan, bereziki pobrezia larrian bizi diren pertsonen kopuruak, %65 hazi baita azken hamar urteetan.

«Hau ez da kasualitatea; izan ere, lan merkatuko prekaritatearen gorakadaz gain Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dauden babes politiken ahultze baten aurrean aurkitzen gara», arrazoitu zuen.