GARA
BAIONA

Fernandez Iradi preso gaixoari buruzko erabakia, otsailaren 27an

Parisko Dei Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi presoaren zigor etete eskaera aztertu zuen atzo eta heldu den otsailaren 27an plazaratuko du bere erabakia. Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak ontzat eman zuen, joan den azaroan, defentsak eginiko galdera, esklerosi anizkoitza duen Lasarte-Oriako presoaren osasun egoera eta espetxea ez direla bateragarriak onartuz. Alta, Fiskaltzak helegitea jarri ondoren Dei Auzitegiak afera aztertu zuen atzo.

Fernandez Iradiren abokatuak, Maritxu-Paulus Basurcok, eskaera onartzea eskatu zuen. Fiskalak, berriz, txosten berriak eskatu zituen.

Gauzak horrela, auzitegiak heldu den otsailaren 27an jakinaraziko du bere ebazpena. Finean, hiru aukera ditu epaileak. Defentsaren eskaera ontzat emanez gero, presoa libre utzi behar luke. Alabaina, presoa askatzeko eskaera errefusatu dezake edota fiskalak, atzoko saioan egin zuen galdea ontzat emanez, informazio gehigarria eskatu eta auzia berriro aztertzeko data berria finkatu.

Bigarren eskaera

Epaileak, defentsarekin bat eginez, Fernandez Iradi artatzeko sendagileen txostenak proposatzen zituen neurriak kartzelan bermatzea ezinezkoa zela onartu zuen azaroan. Era berean, testuinguru berria kontuan hartuta, presoa kaleratzeak arriskurik ez lukeela ekarriko nabarmendu zuen. Alta, Fiskaltzak erabakiaren aurka helegitea jarri zuen.

Hau da Fernandez Iradik aurkeztu duen bigarren eskaera. 2014koa baztertua izan zen, bi urte luze iraun zuen prozesu baten ondotik. Abokatuak atzo oroitarazi zuenez, bere osasun egoera dela-eta presoari «gero eta nekezagoa egiten zaio» horrelako prozedura luze bati aurre egitea.