Jon ORMAZABAL
PILOTA

Sailkapenaren bi ertzak muinetik aldentzen ari dira

Jaka-Zabaletak goitik eta Bengoetxea-Mariezkurrenak behetik, bi puntuko aldea dute alde eta kontra.

Bigarren itzulia hastearekin batera, badirudi, sailkapeneko bi muturretan behinik behin, gauzak argitzen ari direla lehen fase honi dagokionez. Matematikoki oraindik ia edozer gerta daitekeen arren, aurten ezarritako sistema berriak aukerak biderkatzen ditu bi bikote baino ez direlako kanporatzen, baina igandean Zumaian sailkapenean justu aurretik zituzten Olaizola II.a-Urrutikoetxearen aurka galduta, Baikoko nafarrek ia ezinezkoa dute aurrera egitea.

Kontua da, sistema aldatu den arren, seigarren postuaren erreferentziari begiratzen badiogu, aurten postu honek suposatuko duela benetako etena. 2012an bi itzuliko ligaxka ezarri zenetik, ohikoena seigarrenak sei puntu biltzea izan da; hala egin zuten Bengoetxea-Apraizek, Retegi-Rezustak 2015ean, Berasaluze-Beroizek 2016an, Artola-Albisuk 2016an eta Urrutikoetxea-Ladis Galarzak 2018an. Bitan baino ez dira seigarrenak bost punturekin geratu; Ezkurdia-Zubieta 2013an eta Berasaluze-Albisu 2014an. Iaz, esaterako, Ezkurdia-Ladis Galarzari 7 puntu lortzeak seigarren postua baino ez zien eman.

Eta sei jardunaldiren faltan Bengoetxeak eta Mariezkurrenak puntu bakarra bildu dute. Gainera, lortutako garaipen bakar hura bigarren jardunaldian lortutakoa izan zen. Berriozarreko gaztearen lekua Andoni Aretxabaletak bete zuen bi partidetako batean; hau da, Leitzakoak eta Mariezkurrenak ez dute elkarrekin garaipenik lortu eta sei partidetatik bost gutxienez lortu beharko lituzkete hurrengo fasean egoteko borroka horretan egon ahal izateko.

Antipodetan

Oso bestelakoa da, antipodetan daudela esan genezake, Jaka-Zabaletaren kasua. Zazpi punturekin, inor gutxik jartzen du zalantzan Aspeko bikotea hurrengo kanporaketan egongo dela, baina kontua da aurten lehen bi postuetan sartzeak balio berezi bat duela, oso bidegabea izan daitekeen play-offa saihestuko baitute lehen ligaxkako bi bikote onenek.

Sei jardunaldiren faltan, bi puntuko aldeak lasai egoteko modukoa dirudi; batetik, orain arte emandako itxura sendoagatik –galdutako partida bakarra tanto bakar baten aldearekin galdu zuten–, eta bestetik, azken urteetan 9/10 garaipen behar izan direlako gutxienez bigarren postua bermatzeko. Izan dira, orain bi urte bezala, Olaizola II.a-Untoria 7 punturekin sailkatu diren bikoteen kasuak, baina garaipen pare batekin ia ziurtatuta izango lukete euren helburua behar lukeen bigarren postu hori.

Gainerakoan gauzak oso orekatuta daude eta bigarren postuan diren Ezkurdia-Martijatik azken-aurrenak diren Olaizola II.a-Urrutikoetxeara bi puntuko aldea baino ez dago. Hori bai, ezustekoa da elkarrekin txapeldun izan diren bi bikoteak, Aimar-Urrutikoetxea eta Irribarria-Rezusta, multzo horren azpialdean ikustea.

Ibai Zabalak beste urte bat; Mendizabal Garfera

Bulegoetan mugimendu eguna izan zen atzokoa. Alde batetik, Baikok Ibai Zabalari beste urtebeteko kontratua egin dio, eta bestetik, Garfek bere azken bi fitxaketen berri eman zuen, Aitor Mendizabal eta oraintxe arte afizionatuetan aritu den Julen Aizpuru atzelari asteasuarra.

Bizkaitarraren kasuan, Bilboko enpresak jakitera eman zuenez, 2021era arte berritu du kontratua berriztarrak. Gauzak horrela, hamahirugarren denboraldia egingo du profesionaletan eta, 32 urterekin, bera izango da koadroko atzelaririk beteranoena. Bere enpresan bertan ere Oinatz Bengoetxea eta Aimar Olaizola baino ez dira zaharragoak. Abendu amaieran partida bat utzi behar izan zuen zangoan min hartuta, baina osatu da eta laster kantxetara itzultzeko moduan egongo da.

Enpresa handietan lekurik gabe geratu zena Aitor Mendizabal izan zen, baina segituan aurkitu du pilotan jokatzeko aukera, Garfe enpresa errioxarrarekin sinatu berri baitu. Berarekin batera, 21 urteko Julen Aizpuru atzelari asteasuarrak egingo du profesionaletarako jauzia. Debuta ere elkarrekin jokatuz egingo dute, urtarrilaren 24an Asteasun bertan, Urbieta II.a-Urruzolaren aurka. Aurretik, Santxo eta Ion Urbieta kaiolan arituko dira. J.O.