2020/01/15

NAHIKARI GARCIA
REALEKO JOKALARIA

2014ko urtarrilean egin zuen debuta, 16 urte besterik ez zuela, Lehen Mailan Realeko kamisetarekin Levanteren kontra, larunbatean izango duen aurkari berbera. Sei urte hauetan, euskal futbolaren promesa handienetakoa zena puntako jokalari bilakatu da. Golak sartuz eta sortuz, jokoarekin gozatuz eta gozaraziz, esperientziak pilatuz eta beti «gehiago hobetzeko eta ikasteko gogoekin».

«Ez dakigu non dagoen gure muga baina gorantz begiratzen dugu beti»
Amaia U. LASAGABASTER
0115_kir_futfem

Denboraldiko bederatzigarren golarekin, Nahikarik garaipena eman zion igandean Realari. Laugarrena jarraian, bere mugak oraindik finkatzeke dituen taldearentzat.

«Zer moduz» batekin hastea erretorikoa izango litzateke.

Bai, ezin naiz kexatu. Partida dexente daramagu dinamika onean eta horrelako dinamikak harrapatzen dituzunean, dena errazago irteten da. Ni neu ere ondo sentitzen naiz, golak sartzen... Aurrelarien boladak horrelakoak dira, batzuetan ez duzu golik sartzen entrenamenduetan ere eta beste batzuetan denak sartzen dira, buruarekin, oinarekin edo ipurdiarekin jota ere.

Aurretik lehen buelta zaila bizi izan duzu, bi hilabete erizaindegian emanez.

Gogorra egiten da. Gainera, taldearen dinamika ez hain on batekin kointziditu zuen eta ez du laguntzen. Zorionez, buelta eman diogu, neuk hanka nahiko ondo daukat eta gustura nabil eta taldea... bistan dago.

Taldeak zure falta izan zuen, baina koxka aurreko urteetakoa baino askoz txikiagoa izan da. Sailkapena ikusi besterik ez dago.

Askotan esan dugu hori falta zitzaigula, konstanteagoak izatea, erritmoa mantentzea. Dinamika onak denbora luze batean mantentzea oso zaila da, baina horrexek markatzen du neurri handi batean talde handi, ertain eta txikien arteko aldea.

Nondik dator hobekuntza hori? Esperientziatik?

Baliteke. Gazte-gaztetxoak hasi baina gero eta esperientzia gehiago daukagu eta ziur laguntzen duela. Gero eta kontzienteagoak gara partida bakoitzak duen garrantziaz, partida errazik ez dagoela...

Ez da bakarrik erregulartasun orokorra mantentzea, baizik eta norgehiagoka bakoitzaren barruan. Bata bestearen ondorioa da neurri handi batean. Eta biak dira, besteak beste, esperientziaren ondorioak ere. Egiten dugun guztiak irakasten digu. Eta oraindik asko daukagu ikasteko.

Eta horren guztiaren ondorioa sailkapenean ikus daiteke. Bosgarrenak, lehen itzulian iaz baino sei puntu gehiago partida bat gutxiago jokatu arren...

Hazkuntzaren, ikastearen, pauso bat aurrera ematearen ondorioa da. Lanarena ere bai, noski, baina lana beti egon da. Eta asmoa aurrera jarraitzea da, goi-goi mailako taldeetatik gero eta gertuago egotea.

Non dago zuen muga?

Auskalo. Ezin dugu jakin, ez guk ez inork. Lehiaketak eta lehiaketaren exijentziari ematen diogun erantzunak esango digute noraino heldu gaitezkeen. Guk ez dugu mugarik jartzen eta beti gorantz begiratzen dugu.

Orain esan al daiteke Kopako garaipena ez zela izan kasualitate hutsa, hazkunde orokor baten barruan mugarri bat baizik?

Noski. Aurreko lan askoren emaitza izan zen. Egia da horrelako txapelketak irabazteko zorte pixka bat behar duzula zozketetan, une klabeetan... Horretaz kontziente gara, baina partidak irabazi egin behar dira eta guk irabazi genituen, lehen kanporaketak une deserosoan harrapatu gintuen arren aurrera egin genuen, eta inflexio puntu bilakatu genuen... eta jokatu genuen finala, noski. Zeinen kontra eta nola. Lan luze baten ondorioa izan zen eta lan horrekin jarraitzeko indarra eman digu.

Atletico ez, baina beste aurkari potolo bat daukazue larunbatean. «Muga» hori non dagoen zirriborratu dezake partida honek?

Badakigu partida garrantzitsua dela eta oso aurkari zaila, eta irabazteko asmoarekin goazela. Hortik aurrera, zer konklusio atera daitezkeen... ez dakit.

Levanteren kontra egin zenuen zuk debuta orain dela sei urte. Gauza asko bizi izan dituzu.

Egia esan, ez nuen espero dena joan den bezala joango zenik. Hainbeste gauza eder bizitzea, hemen egotea... Urruti ikusten dut eta, aldi berean, oso gertu, batez ere, orduko helburu berbera daukadalako: hazi eta asko ikasi, eta ilusio berberarekin ekiten diot.

Bizipen polit berriak heltzear daude. Urrezko Danborra, She Believes Cup... eta titulu bat irabazteko aukera Superkoparekin.

Oso ilusionatuta gaude. Hiru aurkari oso potente izango ditugu, egon daitezkeen indartsuenak, baina guk ere hor egoteko eskubidea irabazi dugu. Asmoa disfrutatzea eta borrokatzea da.

Salamancara bidaiatu aurretik, Valentziara bidaiatu aurretik ere, beste hitzordu garrantzitsu bat daukazue, ez soilik zuri-urdinentzat, Lehen Mailako jokalari guztientzat baizik. Bihar hitzarmena sinatuko da. Hori bai garaipena.

Hori bai poza, bai. Gugatik, etortzear daudenengatik eta urte askotan lan egin dutenengatik. Gure eskubideak dira eta beharrezkoa zen urrats hau egitea. Eta espero dugu bide baten lehen urratsa besterik ez izatea.

Kopa bezalako txapelketa bat irabazteko zorte pixka bat behar duzu baina lan luze baten ondorioa izan zen. Eta lan horrekin jarraitzeko indarra eman zigun.