Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Gobernuaren eta CFDTren aliantzak ez du pentsioen aldeko protestaldia eten

Edouard Philippe lehen ministroak iragan asteburuan CFDT sindikatuarekin lorturiko konpromisoa irmoki defendatzeko eskatu zien atzo LREMeko diputatuei. Bestalde, hainbat sektorerekin negoziazioak bultzatu ditu frantses Gobernuak mobilizazioa ahuldu nahian.

Frantziako Gobernuak ofentsiba orokorra abian eman du erretreten erreformaren aurkako mugimendua ahuldu nahian. Iragan asteburuan erretreta hartzeko adin finkoa 64 urtera pasatzeko asmoari uko egin zion Gobernuak, hala CFDT sindikatu nagusiak ezarritako «marra gorria» aintzat hartuz.

Geroztik, behin baino gehiagotan CFTC eta Unsa sindikatuek ere babesten duten konpromiso horren irismena mugatzera jokatu du atzo LREMeko talde parlamentarioko kideekin bilera egin zuen Edouard Philippek. Lehen ministroak sindikatu erreformistekin eginiko akordioa «bere osotasunean eta irmotasun osoz defendatzeko» eskatu zien diputatuei.

Izan ere, akordioa ezagutarazi zenetik, Philippek argiki azaldu du 64 urteko adin finkoa lege egitasmotik ezabatzearen truke CFDTk eta bere aliatuek puntuen araberako erretreta sistema aintzat hartu eta «sistema berria martxan jartzeko beharrezkoa den finantza orekari buruz hitz egitea ere» onartu zutela. Horretaz, hain zuzen, jardungo dute hilabete bukaeran elkarrizketa mahaian eseriko diren ordezkariek. Gobernuak eta sindikatu erreformistek eginiko akordioaren arabera, 18 hilabetez luzatu zen kontzertazio prozesuak ahalbidetu ez zuen irtenbidea beharko du xerkatu apirila bitartean jardunen duen foro berriak. Edonola ere, finean adostasuna izango ez balitz, Emmanuel Macronek esku libreak lituzke bere nahiera erreforma plantan emateko.

Horrela jokatu zuen, hain zuzen, langabezian diren herritarren babes sistema murriztuz iragan azaroan indarrean sartu zen erreformarekin.

Irakasleak eta abokatuak

Izan ere, pentsioen egitasmoak eragin duen protesta iraunkor eta askotarikoa indargabetzeko xedez, Gobernuak sindikatuen lerroan lehenengo urradura eragin ondotik sektoreen araberako negoziazioak azkartu ditu aste honetan. Hartara, sindikatuekin bildu ondoren, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak irakasleen hilabeteko sariak emendatzeko xedez 500 milioi euroko partida iragarri zuen astelehen iluntzean.

Egun berean, abokatuen ordezkariekin elkartu zen Nicole Belloubet Justizia ministroa. 1.400 euroko oinarrizko pentsioa bermatze aldera keinua egiteko prest legoke Gobernua.

Hala eta guztiz ere, joan zen astean abian eman zuten «greba gogorrarekin» jarraitzeko erabakia hartu zuten atzo abokatuek.

Euskal abokatuen elkargoko buru den Teddy Vermotek baieztatu zuenez, heldu den astelehenera arte segida izanen du Baionako auzitegiaren jarduna aski moteldu duen protestak.

Egoera aldakorra bada ere, intersindikalak bultzaturiko protesta ez da eten. Hala, 41. egun bete duen greba mugimenduarekin jarraitzeko erabakia hartu zuten atzo tren langileek, Baionan. Horren ondotik, LAB, CGT, FSU, Solidaires, FSU eta CFE-CGC sindikatuek babestu zuten martxa abiatu zen. 1.500 lagun inguru elkartu ziren Kontseilu Nagusiaren egoitzaren aitzinean amaitu zen mobilizazio horretan. Protesta gehiago iragarri zituzten: gaur Hendaian eta etzi berriro Lapurdiko hiriburuan.