2020/01/16

ELAk orain «arrazoi gehiago» ikusten ditu greba orokorrerako

Estatu espainolean eratu den Gobernuak adostu duen akordioarekin desados agertu da ELA eta greba orokorrerako «arrazoi gehiago» daudela ondorioztatu du. UGTk eta CCOOk ez dute babesten greba eta kezkatuta agertu dira pentsiodunak deialdira atxiki direlako.

GARA|GASTEIZ
0116_eko_elaaltsasu

Estatu espainoleko Gobernua eratu berritan, ELAk «arrazoi gehiago» ikusten ditu Euskal Herrian urtarrilaren 30erako deituta dagoen greba orokorra babesteko. PSOEren eta Unidas Podemosen arteko akordioak hobekuntza batzuk jasotzen dituen arren, sindikatuaren ustez «ez ditu inola ere» grebaren aldarrikapenak asetzen. «Musika asko eta hitz gutxi daude», nabarmendu zuen atzo Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak.

Pentsio eta lan eskubideetan jarri zuen arreta ELAk, baina era berean nabarmendu zuen errenta altuenei PFEZa igotzeak urtean 300 milioi euro jasotzea «besterik» ez duela eragingo eta, beraz, ez dela nahikoa: «Planteatzen diren aldaketa fiskalek ez dute funtsezko aldaketarik eragingo fiskalitatean».

Pentsio eta lan eskubideei dagokienez, urtarrilaren 30eko greba orokorrerako jasotako aldarrikapenetatik «urrun» dagoela adierazi zuen ELAk. Kritikatu zuen pentsioen kasuan KPI errealaren arabera eguneratzea bakarrik zehazten dela eta hori duela urtebete adostu zutela bi indar politiko horiek, «eta ez zen gauzatu». Iraunkortasun faktorea ezabatzeko promesarekin zalantza egiten du, bi baldintza txertatu dituztelako.

Lan eskubideen alorrean, estatalizazioaren aldeko akordioa dela ziurtatu zuen Lakuntzak. Lanbide arteko gutxieneko soldata batez besteko errenten %60 izan arte mailaka igotzearekin kexu agertu zen eta alor honetan adostasuna elkarrizketa mahaitik abiatzea deitzea atzerapausoa iruditzen zaio.

UGT eta CCOO, grebaren aurka

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu du urtarrilaren 30eko greba eta iragarri zutenetik eragile ezberdinek beren atxikipena erakutsi dute. Atzo, Arabako metalgintzako sektorearen txanda izan zen.

Atzo egin zuten negoziazio mahaia, sei hilabeteren ondoren, eta SEA patronalak «inolako aurrerapenik» eraman ez zuela kexatu zen LAB. «Borrokak aktibatzeko bidean», sindikatuak dei egiten die Arabako metalgintzako langileei greba orokorrean parte hartzera.

CCOO eta UGT, aldiz, ez dira atxiki greba orokorrera eta kezkatuta agertu dira pentsiodunen borrokak hartu duen bidearekin. CCOOk adierazi zuen mugimenduaren «objektibotasuna» zalantzan dagoela eratu berri den gobernu progresistaren aurrean greba egitea babesten badu.

UGTk adierazi zuen ez dituela partekatzen grebaren aldarrikapenak, «gobernu progresista bat eratu berri delako eta bere asmoen artean 2013ko erreformaren deuseztapena dagoelako».

IRAUNKORTASUN FAKTOREA


Pentsioetan iraunkortasun faktorea ezabatzeko asmoa jaso dute PSOEk eta Unidas Podemosek beren akordioan. ELA ez da fio, baldintza batzuk txertatu dituztelako: epe ertain eta luzera sistemaren iraunkortasuna ziurtatzea, alegia.