Amaia EREÑAGA

HOGEI URTEREN BURUAN, ZELAI ELURTUETAN ELKARTUKO GARA LORELEI

Bi disko soilik atera zituen, 90eko hamarkadan, Asier Serrano eta Mikel Gorosabelen elkarlanetik sortutako Lorelei taldeak, «Bada hiri gorri bat» eta «Tatuatu zenidan zerua». Utzitako lorratz sakonean hazia hozitu ei da, antzokietara itzultzeko erabakia hartu baitute.

Nolabaiteko revival gose garaian gaudela dirudi, musikagintzari dagokionez bederen. Nola uler daiteke bestela azken hilabeteotan hainbeste taldek –Hertzainak, La Polla Records, Lorelei, Sorotan Bele eta Tahures Zurdos– taularatzeko proiektuak iragarri izana? Entzuleak nostalgiak jota gaude, antza, iraganaren egarri. Agian, gaztaroan barrenak uzkurtu zizkiguten doinu haiek berriz zuzenean xurgatzeak gaztetuko gaituen esperantza izango dugu. Eta musikariak? Denetarik dago, noski; batzuk, erretirorako sos batzuen bila ari dira; beste batzuk, hain emankor izan ziren proiektuei bigarren aukera bat eman nahian. Horrexen inguruan jardun gara solasean Asier Serrano idazle eta musikariarekin eta Mikel Gorosabel “Norton” ibilbide luzeko musikariarekin, Andoaingo Bastero kulturgunean Lorelei taldeak gaur gauean emango duen kontzertu erabakigarriaren bezperatan. Erabakigarria, bi hamarkadaren buruan itzultzeak urduritasuna dakarrelako; «izan ere, ulertuko al dute gaur egungo ikusleek? Gure gose al dira?».

«Bada hiri gorri gorri bat/ non erretzen den ilargia / Kale urtuetan irristrantzian/ zaitut oroitzen ene maitia». Hiri gorritik –Eibar; alegia, Asier Serrano eta Mikel Gorosabelen jaioterria– eta bata bestearengandik geografikoki urruti daude mintzatzen ari garenean, bakoitza Euskal Herriko puntu batean harrapatu baitugu. Bata, Asier Serrano, Zarautzen bizi da. Lanbidea –eta pasioa, irakaskuntza bere pasioa dela ohartu dela aitortzen baitu– Donostian du. Bestea, Mikel Gorosabel, Arabako Lautadan bizi da, «haurrek bultzatuta» han finkatuta. Lur eta eremu lasaiak, Norton hara iritsi aurretik bizi izan zen Bilbo edo Bartzelonako kaleetako estresetik urruti. Baita Eibarko kale gorrietatik ere, baina eibartarren hitzetan, beti daramate herri langile eta zatarra –ederra bere zatartasunean– bihotzean. Izen poliedrikoa duen Lorelei taldea bizirik lurperatu ondoren, Antxon Sarasua eta Loiola Maderarekin batera berreskuratuko dute orain. Poliedrikoa eta irakurketa ugarikoa diogu emakume izena izan daitekeelako, taldeak berak Leonard Cohenek “Suzanne” kantaren harira eginiko adierazpen batzuekin lotzen baitu, baina Rhin ibaiaren ertzean kokatutako izen bereko arroka bat ere izan daiteke...

Poesia solidoa garai likidoetan

EH Sukarra taldearen diskoetan hasitako lankidetzan ditu sustraiak pop lirikoa eta poesia uztartzen dituen proiektu honek. Mikel Gorosabelek aipatu izan du noizbait hura «gazte denborako konplexurik gabeko» proiektu bat izan zela. Asier Serranoren “Bada hiri gorri bat” poema liburuaren errezitalak abiapuntu hartuta, olerki hauei musika jarrita prestatu zuten ikuskizunek sekulako harrera izan zuten orduko musika eszenan. Maitasuna eta heriotza, gai unibertsalak plazaratzen zituzten, poesia doinuen hitz bihurtuta poesia bera herriratzeko ahaleginean. «Hizkuntza gutxitu eta gutxiagotu batean aritzen gara idazten; hau da, literatura egiten, eta, gainera, literatura horren barnean, poesia; beraz, bazterragoaren bazterrekoa».

Eta gehiago: «Eta bada jarrera bat munduari begiratzeko, begirada poetikoa eta txikia handitu nahi eta handia txikitu nahi. Ez dago besterik. Eta gero dago formatuena, populuari hitza era erraz batean eskaintzeko moduan. Poesia lotzen dugu kontu solido batekin: astuna edo zaila, eta gero gainera ez dut ulertzen. Bi adjektibo eta aditz horrekin apurtu egin behar dugu. Poesia dago iradokitzeko eta horrela ulertu behar da, baina berez solidoa da –gatza izan daiteke, edo azukrea izan daiteke– eta, beharbada, likidoetarako ohitura dago gure herri honetan. Eta biak nahasi egin behar ditugu. Gure kasuan horrela izan zen: poesia errezitalekin hasi, halako batean ikusi errazago heltzen zela musikarekin, eta azkenean kantu bihurtu. Badagoela beste geografia intimoago bat, poesia eta sormena, eta hor itxuran, zelai elurtu horretan, nire arrastoa jartzearena. Oso gauza intimoa da sorkuntza prozesua eta zapaldutako elur hori zabaltzen bada, izan argitalpen baten bidez, disko edo kontzertu baten bidez, hor gelditzen da. Territorio edo lurralde hori, erresuma hori, oso intimoa dena, beti geratuko da».

Bigarren aukera bat

Sortu eta denbora gutxira utzi zuen bere ibilbidea Loreleik. Bi seme-alaba utzi zituzten disko formatuan; “Bada hiri gorri bat” (1997, Gaztelupeko Hotsak) eta “Tatuatu zenidan zerua” (1999, Gaztelupeko Hotsak), diskoak. «Kontua izan da, nire ustez, nahiko modu arraroan utzi genuela –aitortu du Asier Serranok–. Kantxa askorik ez genion eman gure agurrari, egun batetik besterako erabakia izan zen eta gero bakoitzak bere bidea egin zuen. Urteetan entzun behar izan dugu galdera bera; hau da, aspaldikoekin topo egin eta ‘joe, zuek noiz itzuliko zarete?’».

Hamabi literatura lanen egile, letrista eta musikaria, Asier Serranok 2016 eta 2017an hainbat sari jaso zituen bere “Linbotarrak” liburuarekin. Orain honen beharra zuen, garai haiei bigarren buelta bat emateko gose zen: «Niri pertsonalki gertatu zaidana da urte gogorrak izan direla azken hiru-lau hauek, kontu pertsonalak. Orduan, halakoetan, baxu zeudenean edo bizipen pertsonal gogortxoak pasa dituzunean, bilatzen duzu iraganean. Niri Loreleik sormen prozesurako ematen zidan haizealdi hori edo... hau da, sormenak edo fikzioak errealitatearen terapia edo ukendu moduan balio izan dit».

Mikel Gorosabeli buruz hitz onak besterik ez ditu. Argi du, «jenio bat da». Lautadatik, «topera» dagoela aitortu digu Nortonek, eta ez da harritzekoa, kantak egiten jarraitzen baitu. Bederatzi disko EH Sukarrarekin, bi Norton Klubekin, eta 2017an “Barne basoan barna”, bere lanik intimoena, kaleratu zuen. «Ez naiz gelditu azken 30 urteetan, baina gelditu egin gaituzte, EH Sukarra, hedabideek. Beti galdera bera: ‘Itzuli al zarete?’. Onartuta daukat, guk ez dugu inoiz utzi. Gertatzen dena zera da, diskografiari dagokionez, izan genuela geldiune handi bat eta 2002-2013. urteen artean ez genuela ezer atera. Zuzenekoak egiten jarraitu genuen. Ni ere kanpoan egon nintzen, baina bolo edo kontzertuetan, hau da, Euskal Herriko plazetan urtero jo izan dugu». Aurrera jarraitzen dute, beraz. Rocka ez da gelditzen.

 

Bira gorri bat eta urteurren borobil bat

Andoaingo Bastero kulturguneko gaurko kontzertua (urtarrilak 17, 21.30ean eta 12 euroan) izango da Loreleiren itzuleraren estreinakoa. Oraingoz martxora artekoa dute lotuta, data zehatz hauetan: otsailaren 7an, Eibarko Coliseo Antzokian; otsailaren 14an, Zarauzko Modelo aretoan; eta martxoaren 24an Lekeitioko Ikusgarri Zineman. Egitura itxia daukate, antzokietan giro intimoa lortzea dutelako xede. Entzule zahar eta berriekin zubiak eraikitzeko balio izango al die? «Diskoak egin genituenean, oso argi geneukan iraungitze luzeko abestiak zirela sortu genituenak; hau da, ondo sartzen direnak edo behintzat entzungarrienak direnak oraindik ere», azaldu du Serranok. «Nahikoa ikusmin dago Basterokoarekin. Ez dakizu gauzak nola joango diren eta», esan du Nortonek.

Loreleiren itzulerak badu beste faktore bat bere protagonistentzat, EH Sukarraren 30. urteurrena bete baita berriki, iaz zehazki. Euskal eszena irauli zuen Eibarko musika banda hau gure musikagintzak bizi izan zuen “bigarren iraultzaren” parte izan baitzen. A.E.

 

«EH Sukarrarekin, publiko gaztea hurbiltzen ari zaigu»

Duela hilabete batzuk Eibarren EH Sukarraren 30. urteurrena ospatu zenuten. Gauzak asko aldatu dira hiru hamarkadatan. Zuen entzuleak ere bai?

Mikel Gorosabel «Norton»: Gurea betiko publikoa da, nostalgikoa, 35 urtetik gorakoa, baina hasi da publiko berria etortzen gure kontzertuetara. Zeren, hamaika urteko geldiunearen ostean, bi disko atera ditugu (“Uhinak” eta “Azken gezian”) eta horiek heldu zaizkie gazteei. Jendeak baloratzen du zuzenekoa, baita gazteek ere eta jarraitzen gaituzte. Azken finean, gure garaian ohituago izan garelako zuzeneko musika entzutera. Gaur egun askoz eskaintza zabalagoa dago, baina halere guri publiko gaztea hasi zaigu hurbiltzen; esaterako, etorri dira plaza batera ikustera eta gero errepikatu egin dute. Gero ere bideoklipak atera dira, “Aspaldiko loreak” eta aurrekoa “Azken biztanleak”, Unamuno plazan grabatuta dagoena. “Azken biztanleak” izan da guk egin dugun lehen bideoklipa.

Ezin dizut sinetsi, 2013ra arte ez al zenuten bideoklipik grabatu?

Noski, guk ez dugu aurretik ezer. Youtuben Aginagako testigantza on bat dago, zuzeneko kontzertu baten zati handi bat, baina bestela bideoklip moduan atera dugun lehena “Azken biztanleak” da. Zergatik? Ez genuelako diskorik grabatu hamaika urte horietan, eta justu garai horietan kristoren iraultza egon zen sare sozialetan. Lehen ez zegoen bideoklipik; bideoak egiteak dirutza balio zuen eta, gainera, ez zegoen non zabaldu. Akordatzen naiz nire garaian bideo bat egiteak bi milioi pezeta balio zuela, oraingo 12.000 euro.

Aldatu dena, batez ere, merkatua da.

Diskoak ez dira saltzen, baina euskarria ez da aldatu. Hor hutsune bat dago eta saiatzen ari dira gauza berriak egiten; esaterako, diskoa atera beharrean ez dakit nola sareetan kantuak sartuta… baina nik uste dut azkenean CDak bizirik dirauela, alde batetik kalitate handikoa delako, momentuan kalitate onena ematen dizuna CDa da, eta beste aldetik ez dagoelako beste formatu garbirik; euskarri bat behar duzulako nahitaez musika egiteko. Trantsizioan baino, gauzak hegan moduan daudela esango nuke.

Irakurri dizut ez duzula musika entzuten.

Azken boladan ez, gutxi. Ni oso purista naiz eta azkenekoz entzun dudana David Bowie da. Idolo asko ditut, baina handiena Bowie da. Bueno, orain dela 40 urteko soinu oneko musika asko dago. Esan nahi dut kalitatea ez dakit aldatu den, baina musika egiteko era, bai. Halere, musika modernoa, nahiz eta ez entzun, egunerokoan entzuten duzu, nik neuk batez ere irratian. Euskal musikarekin galduta nago azken garaian eta moskeatuta nago, orain arte euskal talde denak ezagutzen nituelako… baina gazteak ez ditut ezagutzen. Halere, ez naiz bakarra. Anekdota bat kontatuko dizut, Iñigito Txapelpunkekin. Lekeitioko malekoian dagoen txiringitoan jo nuen bakarka eta bera ikusten egon zen. Joan nintzen CD bat ematera eta esan zidan (barrez); ‘Ez eman, ez dut musikarik entzuten’. Ez zidan CDa hartu nahi izan ere! Zer egingo zuen ba horrekin? Ez zuen entzuteko irakurgailurik izango ere!A.E.