GARA
DONOSTIA

Lakuaren proposamena filtratu izanak kritikak eragin ditu

Jonan Fernandez Lakuako Giza Eskubideen idazkariak erabaki zuen asteazkenean jendaurrean jakinaraztea Pedro Sanchezen Gobernuari proposatuko diotela orain urrun dauden preso guztiak Euskal Herriko eta inguruetako zazpi kartzeletara ekartzea. Hain zuzen, presoen afera EAJk eta PSOEk inbestidurarako lortutako akordiotik kanpo gelditu ondoren gertatu zen hori, eta jeltzaleek joan den larunbateko manifestazioarekin bat ez egitea erabaki eta gero.

«Kontzeptu aldaketa» bat badela ere defendatu zuen Fernandezek: «gizarteratzeko» lehen urratsa hurbilketa edo Euskal Herriratzea da.

Planteamendu horretaz, edo horren plazaratzeaz, mintzatu ziren atzo Sare Herritarra, Arnaldo Otegi (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE) eta Josu Erkoreka Lakuako bozeramailea.

Sarek ez zuen haren berri

Ohar baten bitartez, Sarek azaldu zuen «ez zuela aurrez proposamen honen berri» eta, beraz, albistea ezagutu orduko Jonan Fernandezi bilera eskaria egin zioten, «proposamena sakon ezagutu eta baloratu ahal izateko» eta, era berean, «gure jarduera-eremuan garatu duguna eta garatuko duguna transmititu ahal izateko, kontuan hartuta egungo espetxe-politikari amaiera emateko herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren artean lortu diren adostasun zabalak».

Sareren ustez, «horrek izan behar du oinarria proposatutako helburuak lortu nahi baditugu, betiere eman beharreko pausoetan beharrezkoa izan ohi den diskrezioa ahaztu gabe».

Nolanahi ere, lehen irakurketa horretan adierazi zuten «interes handiz» hartu dutela «Eusko Jaurlaritzaren jarrera berria», Bilbo eta Baionako manifestazio jendetsuetatik lau egunera iritsi dena eta, alde horretatik, espetxe-politika aldatzeko bidean jendartearen mobilizazioak duen garrantzia azpimarratu zuten.

Bestalde, Herri Irratian, Otegik «propaganda politikorik» ez egiteko eta aterabideak «zorroztasunez eta diskrezioz» bilatzeko eskatu zion Lakuari. Izan ere, EH Bildu Lakuaren planteamenduaren edukiekin bat etor badaiteke ere, Otegik esan zuen ez duela ulertzen ez haren formulazioa ez oinarriko prozedura: «Duela sei hilabete programa bat zegoen, eta orain beste bat dugu, eta gauza aldatu dira, eta ez dakigu zergatik. Ez dakigu norekin hitz egin duten. Badakigu presoen senideekin ez dutela hitz egin, ezker independentistarekin ez dute hitz egin. Orduan, norekin hitz egiten dute halako proiektuak egiten dituztenean?», galdetu zuen.

Idoia Mendiak urgentziaz deitu zituen komunikabideak eta adierazi zuen plan hori «Jonan Fernandezen proposamen gisa» ulertu behar dela. «Zuhurtzia» eskatu zuen, PSOEn ez dutelako haren berri eta hura «aztertu eta landu» arte iritzirik ez zuen eman nahi izan. «Segur aski» akordio batera iristeko gai izango direla gaineratu zuen.

Bere aldetik, Jonan Fernandezek formula berritu gisa azaldu zuen bitartean, Josu Erkoreka Lakuako eledunak nabarmendu nahi izan zuen ez dela «ezer berria. Rajoyri zein Sanchezi planteatu zitzaien jada».