Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Euskaraldia Ipar Euskal Herrian garatzeko «lankidetza hitzarmena»

Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Konfederazioak «lankidetza hitzarmena sinatu» dute «Gehiago, gehiagotan, gehiagorekin» goiburua duen 2020ko Euskaraldia elkarlanean antolatzeko Ipar Euskal Herrian.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan 2018an egin zuten Euskaraldiko bilana aurkeztu eta bigarren edizioan izango diren berritasunak azaldu zituzten Baionan antolaketa lanetan ari diren erakunde desberdinetako ordezkariek.

Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak aditzera eman zuenez, lehen edizioko arrakasta hiru arrazoi nagusik eragin zuten: Herritarren parte hartzea, instituzioekin izan zen elkarlana eta herrietako lantaldeak koordinatu eta dinamizatzeko egin zen lana.

Guztira, Ipar Euskal Herriko 64 herri/eskualdetan egin zen Euskaraldia hamaika egun iraun zituen lehen edizioan, eta 6.013 lagunek hartu zuten hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa (%72 ahobizi eta %28 belarriprest). Hobetzeko gauzen atalean, ostera, «ahobizi eta belarripresten rolak definitzeko» beharra azpimarratu zuten.

Lankidetza horizontala

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldia garatzeko lau oinarri nagusi hartuko dituzte kontuan dinamizatzaileek: ahobizi eta belarripresten rolak gizarteratzea eta egonkortzea, herri batzordeak indartzea, entitateetan urratsak egitea eta hizkuntza ohiturak aldatzea.

Pasa den abenduan hasi ziren lanean Ipar Euskal Herrian. Batetik, euskalgintza eta instituzioak biltzen dituen lankidetza espazio horizontala zabaldu da eta, bestetik, lau lagunez osatutako «talde ibiltaria» sortu dute herrietan taldeak eratu, koordinatu eta dinamizatzeko. Hau da, Ipar Euskal Herrian Euskaraldia antolatzen ari den lantaldea herriz herri ibiliko da, baina aldi berean, EEP, Euskal Elkargoa eta Euskal Konfederazioko ordezkariekin ere elkarlanean arituko da, apiriletik aurrera egingo duten «dinamizazio lana ahalik eta eraginkorrena izan dadin».

«‘Gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin’, dio aurtengo edizioko leloak, eta hori errazagoa izango da eragile guztien parte hartzearekin», adierazi zuen Xan Aire koordinatzaileak.

Entitateekin elkarlana

Lehen edizioan hogei herriko etxek parte hartu zuten Ipar Euskal Herrian, baina orain, herriko etxeez gain entitateengana ere joko dutela iragarri zuten. Aireren ustez, «eremu anitzetan euskaraz hitz egin ahal izateko eta ‘ariguneak’ sortzeko, entitateak bitarteko egokiak dira».

Euskal Herri mailako bilkura bakarra egin da orain arte entitateekin, eta Hendaiako Sokoa enpresa zein Euskal Herriko Laborantza Ganbera bertan izan ziren. Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, euskararen erabilera eremuak zabaltzeko entitateekin lan egitearen garrantzia nabarmendu zuen. Haren iritziz, «Euskaraldiaren ostean ere elkarlanean jarraitzeko aukera ematen duen eremua da».