GARA
ERRENTERIA

«Icône», hamar disenatzaileren jantzi ikonikoen bilduma

Modaren historia bildu liteke jantzi jakin batzuekin, garaiak gainditu eta ikonikoak bilakatu direnekin. Errenteriako Jantziaren Zentroak hamar diseinatzaileren lanak jaso ditu erakusketa batean. Estilo propio batetik sortuz, gaur, inspirazio iturri dira maisu-maistra haiek.

Errenteriako Jantziaren Zentroa erakusketa berri batean murgildu da, betiere jantzigintza eta historia zein istorioak uztartuz. “Icône-Modaren historiaren ikonoak” bilduma berrian XVIII. mendetik gaur egunera arte modaren munduan aitzindari izan ziren hamar diseinatzaile handienen historia batu du.

Garai eta gizarte ezberdinetan bizi izan ziren, eta maiz ulertuak izan ez baziren ere, bakoitzak irudi berri eta propioa proposatu zuen jantzigintzaren sektorean. Garaian garaiko modaz haratago gaur egun inspirazio iturri dira oraindik ere, hain zuzen, bakoitza estilo propioa sortzeko gai izan zelako. Errenteriako Kapitain Etxean gaurtik aurrera hamar diseinatzaileren jantzi ikonikoen erreprodukzioak ikusi ahal izango dira eta diseinatzaile bakoitzaren ibilbidea ezagutzeko aukera egongo da.

Erakusketara ekarri diren diseinatzaileak hauek dira, hurrenez hurren, kronologikoki kokatuta: Rose Bertin (1747-1813), Charles Frederick (1825-1895), Jeanne Lanvin (1867-1946), Mariano Fortuny y Madrazo (1871-1949), Paul Poiret (1879-1944), Gabrielle Chanel (1883-1971), Cristobal Balentziaga (1895-1972), Christian Dior (1905-1957), Yves Saint Laurent (1936-2008) eta Sybilla (1963, New York).

Aipatu hamar diseinatzaileetatik, sei gizonezkoak dira eta lau emakumezkoak. Jatorriari dagokionez, bakarra da euskalduna: Cristobal Balentziaga getariarra (hain justu asteartean betetzen dira 125 urte jaio zela), gainerakoen artean; sei frantziar (Bertin, Lanvin, Poiret, Chanel, Dior eta Saint-Laurent) eta espainiar, estatubatuar eta britainiar bana (Fortuny y Madrazo, Sybilla eta Worth).

Ia guztiek Estatu frantsesean kokatu zituzten euren tailer zein dendak. XVIII. mendean Rose Bertinek, Maria Antonieta Frantziako erreginaren jostunak, Paris munduko modaren gune bilakatu zuenetik, gaurdaino izan da eta da Paris diseinatzaile nagusien erreferentzia nagusia.

“Icône” erakusketan, modaren munduan ikono bilakatu diren hamar diseinu, jantziez gain, bost euroren truke, Jantziaren Zentroak argitaratutako lehen liburuxka erosteko aukera izango da. “Icône-Modaren historiaren ikonoak” izeneko liburuan erakusketako diseinatzaileen jatorria, hastapenak, lortutako arrakastak eta, kasu batzuetan ere, izan zituzten galerak jaso dira.

Bisita gidatu berezia

Erakusketarekin lotuta martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, bisita komentatu berezia eskainiko da. Lau emakumezko diseinatzaileen inguruan arituko dira: Bertin, Lanvin, Chanel eta Sybillak moda munduan egindako ekarpenaren, eta gizonezkoak nagusi ziren ogibide batean aurrera egiteko izandako zailtasun eta oztopoen inguruan mintzatuko dira.

Sarrera doakoa da eta ordu erdiko bi saio antolatu dira, 11.00etan euskaraz eta 11.30ean gaztelaniaz. Horietan parte hartu ahal izateko aurrez izena eman beharra dago jantziarenzentroa@errenteria.eus helbide elektronikora idatzita edo Errenteriako turismo bulegora deituta (943 49 45 21).

“Icône” erakusketa zabalik egongo da Errenteriako Jantziaren Zentroan gaurtik aurrera martxoaren 29ra bitarte. Ordutegia honakoa da: larunbatetan goiz eta arratsaldez 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Igandetan goizez, 12.00etatik 14.00etara.