GARA
donostia

Nazioarteko elkarteak, etxebizitza defendatzeko fronte komun baten bila

Alemania, Errumania eta Estatu espainol eta frantseseko etxegabetzeen aurkako elkarteek Europa mailan «borroka bateratuko fronte bat» antolatu nahi dute «etxebizitzaren defentsan», eta «bizitzarako gune» horiek «paketatutako finantza produktu konplexuak» bihurtzea saihestu nahi dute, «funts putreek eurekin espekulatu ez dezaten».

Horixe da urtarrilaren 15etik 19ra bitartean Hernanin Etxebizitza eta Hiri Eskubidearen aldeko europar koalizioko kideak egiten ari diren topaketen ondorio nagusietako bat. Atzo Kaleratzeak Stop erakundeko eta aurretik aipatutako estatuetako erakundeetako ordezkariek agiri bat aurkeztu zuten, eta, bertan, gogorarazi zuten etxebizitza «arazo larria» dela, «pobrezian eta gizarte bazterketan eragiten duena, eta ehun milioi europar baino gehiagori eragiten diena».

Testuinguru horretan, Droit au logement, Berlineko Kaleratzeak Stop, Etxebizitzarako Eskubidearen aldeko Fronte Amankomuna eta Euskadiko Kaleratzeak Stop kolektiboetako ordezkariek «ekintza komun baterako kointzidentziak» agerian utzi zituzten, «estatu bakoitzaren berezitasunak» kontuan hartuta.

Era berean, Nazio Batuen Erakundeko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordearen irizpena bete dezatela eskatu zieten administrazioei, izan ere, behartuta daude «Europako estatuetan ez dadila egin indarrezko eta etxebizitza alternatibarik gabeko kaleratzerik». Etxe falta «gero eta handiagoa» dela ere salatu zuten; hirietako erdialdeen «turistifikazioaren aurkako neurriak» exijitu zituzten; «etxebizitza parke publikoa pribatizatzeko saiakeren aurka» agertu ziren; eta alokairuak ere «legez mugatzea» eskatu zuten.

Halaber, «Berlingo esperientziaren jarraipena» egitea babestu zuten, «pisuen %85 alokairukoak baitira» (heren bat esku pribatuetan), eta herri ekimeneko erreferendum bat egitea proposatu baitzuten, «etxezain handiei milaka etxebizitza desjabetzeko, Alemaniako Konstituzioan oinarrituta».

Estatuen betebeharra

Bestalde, BPGaren %1 baino gutxiago inbertitzen duten estatuei etxebizitzaren arloan gastu gehiago eskatzea eztabaidatu zuten, eta «legegintza ekimenak» aztertu zituzten, hala nola EAEko Etxebizitzaren Legea, «etxebizitza hutsen desjabetzea edo nahitaezko alokairua ahalbidetzen duena».

Arratsaldean, Kaleratzeak Stop plataformak Gipuzkoako hiriburuko Bulebarrean eta Jose Maria Sert Plazan deitutako elkarretaratzeetan parte hartu zuten hainbat auzo elkarterekin batera, hiriko «turistifikazioaren» eta etxebizitzarekin «espekulatzea» bilatzen duten inbertsio funts «oportunisten» aurka protesta eginez.

Zehazki, Airbnb eta zoru publikoan eraikitako babes ofizialeko etxeetatik bizilagunak kaleratzen dituen Blackstone-Testa Socimi enpresa salatzeko egin zituzten elkarretaratzeak.