GARA
BRUSELA

Energia «berdean» atzerakoienak birmoldatzeko plana onartu du EBk

Ikatzaren eta erregai fosilen mendekotasun handia duten herrialdeek energia «berderanzko» trantsizioa egin dezaten, funts berezi bat eratzeko proposamena egin du Europako Batzordeak. Itun Berdea delakoaren barnean dago funtsa, Ursula von der Leyen presidentearen ekimenez. Europako Legebiltzarrak asteazkenean onartu zuen estrategia hori. Hasiera batean ezezkoan ziren Txekiar Errepublika, Polonia, Hungaria eta Eslovakia azkenean ados agertu dira.

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek ekimen bat aurkeztu zuen kargua hartu eta egun gutxira. Itun Berdea izenarekin ezagutzen da, eta asteazkenean onartu zuen Europako Legebiltzarrak, 482 aldeko boto, 136 kontrako eta 95 abstentziorekin. 2050erako Europar Batasuna karbono isurketetan neutrala izatea da ekimen honen helburua.

Hori lortzeko, trantsizio energetikoan inbertitzea egokitzen zaio EBri eta pasa den asteartean aurkeztutako proposamena erreferentziatzat hartuz gero, Batzordea prest dago bilioi bat euroko laguntza eskaintzera datozen hamar urteetan. Inbertsio Jasangarrien Europako Plana da estrategia horren izena. Sektore publikotik abiatu bai, baina sektore pribatuak ere bere erantzukizunari heltzea da estrategia honen xede nagusia.

«Energia berdearen ikuspegitik pentsatu behar dugu inbertitzerakoan», esan zuen Europako Batzordeko ekonomia presidenteorde Valdis Dombrovskisek.

Dirulaguntzen zenbatekoari eta horien banaketari esker lortu zuen, hain zuzen, Von der Leyenek Europa erdialdeko herrialdeen aldeko botoa –Txekiar Errepublika, Polonia, Eslovakia edo Hungaria kasu, azken hau oso kritiko agertzen bada ere–. «Proposamena ona da, aurrerapauso handia da eta herrialde bakoitzaren ‘nahasketa energetikoaren’ aurreko elkartasuna erakusten du», adierazi zuen Poloniako lehen ministro Mateusz Morawieckik.

Herrialde hauek ikatz meategien edo erregai fosilen mendekoak dira eta horren araberako banaketa adostu du EBk. Poloniak, esaterako, aurreikusten den funtsaren %25 jasoko du.

Diru poltsa hau Europako Batzordeko aurrekontuekin, InvestEU inbertsio planetik, kide diren estatuen funtsekin eta bidezko trantsiziorako estrategiekin hornitzea espero dute.

Plan estrategikoak

Esan bezala, lehentasuna dute energia fosilen mendekoak diren herrialdeek. Zehazki, trantsiziorako funtsa horretara bideratzea aurreikusten da.

Laguntza horiek jasotzeko herrialde bakoitzak arlo zehatzetarako trantsizio plan bat osatu beharko du eta ondoren, Batzordearen oniritzia lortu beharko du. Ekonomia birmoldaketarako, langileen birkalifikaziorako, ekintza berrietarako instalazioak egokitzeko edo energia garbiak txertatzeko erabilgarri izango da laguntza.

Erregai fosilen erabilera ukatuta, berriro eztabaidagai suertatzen da energia nuklearrari babesa ematea. EBn argitu gabeko afera da eta badirudi indarra hartuko duela berriro.

Austria, hala ere, ideia horretatik aldentzen saiatu da. «EBko funtsa karbono isurketak alboratzeko da eta erabaki zuzena da, karbonoa toxikoa baita klimarentzat. Austriaren iritziz, garrantzitsua da energia nuklearra ez babestea eta berriztagarrien aldeko joera ezartzea», adierazi zuen Sebastian Kurz lehen ministroak. Gobernua estreinatu berri du “Berdeak” alderdiarekin koalizioan.

Estatu espainolak, aldiz, adierazi zuen funtsa ezin dela soilik herrialde atzerakoien mesedetarako izan, «eginbeharrak bete dituztenak saritu gabe».

Alemaniak, bestalde, plan propio bat zehaztu du, 2030. urterako berotegi efektuko gasak %55 murrizteko helburuarekin; hala ere, badirudi aurten zehaztuta zituen neurri klimatikoak ez dituela beteko. Abenduan aurkeztu zuen plan horretan zentral elektrikoak ixteko kronograma bat adostu zuen; aurten, RWE hornitzaileak Garzweiler meategitik hurbil –Alemania mendebaldean– duen zentrala itxiko du.

Energia berriztagarriek gora egin duten arren, Europan elektrizitatearen herena ikatz eta lignito meategietatik dator.

Horregatik, hain zuzen, Europako Legebiltzarrak Itun Berdea adostu bazuen ere, Batasunari eskatu zion hitzarmen horrekin koherentziaz joka dezala hartzen dituen gainerako neurrietan ere.