Patxi GAZTELUMENDI
BILBO
Elkarrizketa
PELLO IRAZU
ARTISTA

«Nire kezka sortutakoarekin denbora zeharkatu eta garaikide izatea da»

«Dardara» erakusketa zabalik dago Bilboko Carreras Mugica galerian. Eskulturak eta pinturak areto bakar batean. Bi horma irudi handi mural gisa, beren-beregi erakusketa honetarako bertan sortuak. Tamaina txikiko eskulturak, egurrezkoak eta burdinazkoak. Margotuak. Eta zenbait koadro, tartean Kirmen Uriberen azken poema liburuaren portadaren seriekoak. Guztiak 2019an sortutako lanak.

Norentzat egiten da, norentzat egiten duzu artea?

Lehenengo guretzat egiten dugula uste dut; dinamika bitalak nolabait bideratzeko; ez da soilik aukera bat, naturalki bakoitzak daukagun gogo bat ere bada, gogo horri jarraitzea da gakoa. Hortik aurrera, bizitzari lotuta dago, hori da aukera. Zer da artea? Zer erabilera dauka? Orduan, norentzat egiten duzu? bada, zu bide bat zara. Eta oinarri horretatik abiatuta uste dut guztientzat egiten dugula.

Zuk zeuk lan hauek sortzean, zer ikusle duzu buruan?

Mota askotako ikusleak daude. Ikuslearengana nola iritsi pentsatzeko, lanaren prozesuan une ezberdinak bizi dituzu. Urte asko daramat honetan, eta uste dut ikusleari zer ikusi behar duen erakustea oso eginkizun zaila dela. Guk proposamenak egiten ditugu. Ikusleari ‘artea hau da’ edo ‘arteak hau esan nahi du’ esatea ez da gaur egungo lengoaiari lotuta dagoen gauza bat. Edozein ikuslerentzat baliagarria den errepresentazio espazio bat sortzea da kontua, eta saiatu espazio horretan murgiltzen, inguratu dadin. Nire bidea edo tresna artea da, eskultura –gauza fisikoak–, eta gaur egun fisikotasunak gutxiago balio du, gaur egun mundu birtualagoan bizi gara. Badirudi gauza materialak enbarazu egiten digula. Nire kezka nagusia da, guk sortzen dugun material eta diskurtsoarekin denbora hau zeharkatzea. Garaikidea izatea da helburua. Zer da garaikidea izatea? Gauza asko, baina kontzeptu mugikorra da.

«Dardara» erakusketa honetan, zer batu eta zer erakutsi nahi izan duzu?

Dardara kontzeptu bezala aitzakia bat da. Ez da dardarei lotutako erakusketa bat. Hausnarketa bat da, eta izena jarri nahi nion une edo momentu bati. Zalantza momentua.

Artistok lan prozedura bat dugu, eta prozesu horretan nahiak, asmoak, ezustekoak denak harrapatu behar ditugu. Lana prozesu horiek berreskuratzea da. Eta “Dardara” muga hori harrapatzea izango litzateke. Gauza, susmo, zalantza horiek sortzen diren unea. Dardara osasunarekin lotuta ere badago, gorputzarekin lotura dauka. Lurrikara batean ere, gauza bera da, susmo bat da, aurrekari bat. Baina ez dakizu zer etorriko den. Zerbait gertatu behar da, baina ez dakigu zer.

Behin erakusketan murgilduta, galeria honen sarrerak nolabait sentsazio bat sortzen du, erakusketa guztia ikusten ahal da, eta badirudi erakusketa osoa lan bat dela. Aretoak baldintzatu egin zaitu erakusketa planteatzerakoan?

Bai. Areto guztiak niretzat baldintzak dira. Eta aukera ezberdinen bidez egokitzen duzu, lanak nola egin planteatzen duzu, abstrakzio batean sartu edo lokalaren hutsuneak nola bete pentsatzen duzu. Arkitektoak planoa ematen dizu, eta hor agertzen dena da errealitatea. Hor sortzen dira aukerak: aretoak baldintzatu zaitzake, eta bestetik espazio propioa eraldatzen duzu.

Kasu honetan, argi neukan horma handi batean ikuslearekiko estrategia bezala murala egin nahi nuela; batez ere, aretoan murgiltzeko, errepresentazio inguru bat sortzeko. Muralek bitartekari funtzioa betetzen dute: lekuaren, lanen eta ikuslearen artean.

Bi mural handi hauei Piet Modrianen lanen antza hartuko die agian ikusleak. Marra horiek, forma karratuak.

Ez dut uste. Bi mural horiek nire bi marrazkitan oinarrituta daude. Modrianekin ez dut zerikusirik. Bereak oso abstraktuak iruditzen zaizkit. Hemengoak leiho sentsazioa sortzen dute, eta beste artelanekin batera paisaia bat lortzen saiatzen naiz.

Marrazkiak eta eskulturak daude hemen, zein da lan egiteko zure modua?

Joan-etorri handiak daude hor. Nik orokorrean ez ditut eskulturak marrazkietatik abiatuta egiten. Eskultura egiten hasten naiz, eta horrek eramaten zaitu gauzak zatika egitera.

Beste modu bat litzateke maketa bat egitea, eta gero maketa hori lantzea. Baina ez da nire egiteko modua. Gauza asko agertzen dira bidean, ez oso garbi, prozesuaren pausoak agerian uztea gustatzen zait. Material bat mailukatu behar badut, mailukatuta agertzea atsegin dut. Eta marrazkiek beren kondizioa dute diziplina bezala. Bidimentsionalak dira. Euskarri batean egin behar dituzu, paper batean, neurri jakin batzuekin. Forma aldetik ere, batak bestearekin zerikusirik ez izan arren, bakoitzak zentzu batean errespetatzen ditu bere diziplinaren beharrak.

Irudia eta bere kondizioak. Gaurko gure lana da nola lan egin iheska doazen ideiekin, nola ase une batez, nola egin ikuslearen begirada irabazteko, hori da gure aspirazioa.

Eskultura batzuk argazkietan ikusita uste nuen handiagoak izango zirela. Malevitxen hilobia eta Agiñan Oteizak daukan eskulturaren antzekoa iruditzen zitzaidan bat. Hemen ikusi eta harritu nau horren txikia izateak. Aulkiak ere txiki-txikiak dira hemen dauden guztiak.

Horrek zerikusi handiagoa dauka eskalarekin neurriarekin baino. Badaude txikiak diren gauzak –tamainaz– baina eskala handiarekin. Beti handi irudituko zaizkizu, nahiz eta txikiak izan neurriz. Hemen zera gertatu da, lan prozesuan gauzak osatu egin dira, sortu diren gauzek eskala antzekoa dute. Ez da aurretik erabakitako gauza bat, baina prozesuak horretara eraman nau. Oso kuriosoa da. Gauza batzuek oso handiak dirudite, eta beste batzuek beren tokira eramaten zaituzte bat-batean.

Aulkiak baliatu ditut bai, baina ez dira gure neurrikoak. Eta eskala horrek beste espazio batera eramaten zaitu. Oso kuriosoa gertatzen da hori.

Aulkiak, adibidez, ez ditut aukeratu, hor izan ditut. Ez dut pentsatu ‘aulki hori bat nahi dut’ edo ‘beltza nahiago’. Ez. Horiek neuzkan. Hor zeuden. Eta baliatu egin ditut.

Aspaldi honetan Bilbon zaude, eta hainbat erakusketa paratu izan dituzu. Ibilia zara nazioartean: Madril, Bartzelona, Londres eta New Yorken, besteak beste.

Londresen bizitzen egon nintzen, eta Euskal Herrira etorri aurretik 1990. urtetik 1998ra New Yorken bizi nintzen. Hemendik Londresera erakusketa bat antolatzera joan nintzen, han bizitzen geratu nintzen. New Yorken, erakusten, sortzen eta lanean zortzi urte pasa nituen. Eta orain gustura nago Bilbon. Gaur egungo egoerak duela 10 edo 15 urtekoarekin ez du zerikusirik. Orokorrean bolada oso aldakorra pasatu dugu, dardara izugarri bat, iraun egin duen krisi bat, guztiontzat. Eta horrek zeozer aldatu du artearekiko jarreran. Kontsumoan, garrantzian. Hein batean, instituzioen bitartez Euskal Herrian artea nahikoa babestua dago. Gizartea eta artea galdera hor dago. Behar den edo ez den behar. Eta gaur egun oso aldakorra eta mugikorra da. Bilbon ondo. Lan egiten dut. Moldatzen naiz.