MIKEL TERRONES ARGUESO

Ez diezaiegun, beraz, plazer hori eskaini

“España existe” goiburuaren eskutik, eskuin muturreko Vox alderdiak Euskal Herriko hainbat hiriburutan izan du presentzia azkenengo egun hauetan. Horren harira hainbat eta hainbat izan dira erantzun gisa kalera atera eta beren aldarriak edota desadostasunak kaleratu dituztenak.

Ez da erraza horrelako egoera baten aurrean erantzun zuzena topatzea, edo, hobeto esanda, zuzentasunetik hurbilen dagoen erantzuna topatzea. Baina badago euskal herritar guztiok batzen gaituen zerbait: ekintza horien aurrean erantzun koherente eta estrategiko baten beharra.

Behar horrek, askotan, berotasunez pentsatutako ekintzetara eta nahi gabeko ezjakintasunera bideratzen gaitu, azken batean, mina eta amorrua nahasten dituztelako gure zauri hain zabalduetan.

Horren harira, nire uste apalean, sare sozialetan izan duen ahotsa gehiegizkoa izan dela pentsatzeaz gain, kaleetan eman den erantzuna ez dela zuzenena izan pentsatzen dut. Guk geuk ematen diegulako publizitatea nahi ez dugunei, eta guk geuk kentzen diegulako benetan behar dutenei.

Garai berriak heldu direlako Euskal Herrira, arazoak lehen ikusten genituen begi berdinekin ikusten jarraitzen dugulako, baina bereziki, lehen ikusten ez genituen leiho desberdin batzuetatik ikusteko gai bihurtu garelako. Honekin esan nahi dudana da azken egunotan gertatu diren ekintzen aurrean balitekeela posible leiho berri batetik begiratzea, begiradaz aldatu gabe.

Beharbada irudi horiek inondik ez zabaltzean eta kaleetan erantzunik ez ematean, momentu horretan jakingo dutelako ez direla ongi etorriak. Kontrakoa eginez, publizitatea emateaz gain, existentzia ziurtatzen diegulako. Min egiten digutela, eta bide batez, hor daudela esaten diegulako, hau da, indar gehienarekin nahi eta eskatzen dituzten gauzak ematen dizkiegulako. Alienatu egiten gaituzte, berenganatu. Gure zauria barne-barnetik erakustera eramaten gaituzte; horren beharrik ez dagoenean.

Guk geuk aberasten diegu diskurtsoa eta irudia, eta azkenean, gurea da kutsatzen dena.

Hori nahi dute. Mina. Amorrua.

Ez diezaiegun, beraz, plazer hori eskaini.