GARA
BILBO

30eko grebak erantzun zabala izango du hezkuntzan

Astebete falta da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorrerako, eta dagoeneko susma daiteke zenbait sektoretan erantzun zabala izango duela; hezkuntza publikoan, adibidez, bertan erabateko gehiengoa duten sindikatuek parte hartzeko deia egin baitute. Osakidetzan, aldiz, prestaketa lanetan trabak izaten ari dira.

Urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eginiko greba orokorrerako deialdia dela eta, EAEko hezkuntza publikoan ia %90eko ordezkaritzarekin gehiengo sindikala osatzen duten LAB, Steilas eta ELA sindikatuek lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko aldarriarekin bat egiteko deia egin zuten atzo. Gainera, Nafarroako hezkuntza publikoko irakasle batzordean ere LAB, Steilas eta ELAren aldeko botoekin eta Afapna-ren abstentzioarekin grebaren alde egin dute. Beraz, esan daiteke deialdiak erantzun zabala izango duela hezkuntzan.

Hori kontuan izanda, sindikatu horiek Hego Euskal Herriko hezkuntza sistemako sektore guztietako langileei (irakasle, hezitzaile, sukaldari zein garbitzaileei) «grebara batu, beraren arrazoien difusioan aktiboak izan eta greba-dinamika zein honen inguruko mobilizazioetan parte hartzeko deia» egin zieten, prentsa ohar baten bidez.

«Batetik, pentsioena denon afera delako, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena. Bestetik, ondo dakigun bezala, lan baldintza duinen aldeko borroka zein kalitatezko zerbitzu publikoena eta bereziki hezkuntza publikoaren garapena ezinbesteko erronka dugulako. Eta, azkenik, eskubide sozialak bermatu behar direlako», azaldu zuten hiru sindikatuek.

Osakidetzaren oldarraldia

Testuinguru berean, ELAk, LABek eta ESK-k Osakidetzari leporatu zioten greba prestatzeko antolatutako mobilizazioak zapaltzen ari dela. Izan ere, sindikatu horiek elkarretaratzea deitu zuten atzo Gasteizko Txagorritxu Ospitalearen ate nagusian, aurretik, osasun zentroko arduradunei horren berri emanez, baina salatu zutenez, elkarretaratzea egiten ari zirela ertzain batzuk gerturatu eta parte hartzen ari ziren lagunak identifikatu zituen.

Horren arrazoiaz galdetzean, poliziek ospitaleko zuzendaritzak eskatuta aritu zirela azaldu zieten. Boikotik ez dutela onartuko esan zuten sindikatuek.