Oihane LARRETXEA
HERNANI
Elkarrizketa
JOSERRA SENPERENA
MUSIKAGILEA ETA PIANO JOTZAILEA

«Arrunta denetik harago bilatu behar du artistak, leku ezezagunetara jaitsi»

Hogei urte atzera egin behar da Joserra Senperenaren (Donostia, 1965) lehen diskora ailegatzeko, baina musikari eskainia dio bizitza dezente lehenagotik. Oholtza gainean da berriz ere, piano hutsez egindako diskoarekin, «Existentzia minorrak». Bakarrik egin duen lana da, zentzu guztietan, bakarrik editatu eta konposatutakoa. Bihar, ostirala, kontzertua eskainiko du Victoria Eugenia antzokian.

Badira begiez ikusi eta hatzez uki daitezkeenak, eta badira ez ikusi ez ukitu ezin direnak. Baina sumatu eta senti daitezke. Adi egonez gero. Esentzia, mamia, arima hortxe ei dago. Keinuetan. Hitzetan. Egunerokoak ezkutatzen dituenak. Bilatu behar diren altxor hauskorrak. Horien bila joan da pianoarekin Joserra Senperena. «Agerian egon ez arren, existitzen diren gauzak dira», azaldu du; ezagutzen ez dugunak duen potentzialtasuna interesatzen zaio musikagileari.

David Lapojaude filosofo frantsesaren “Les existences moindres” liburuaren izenburua maileguan hartu du diskoan dagoena ondo jasotzen duelako. Bere ibilbideko hamargarren diskoa, autoeditatutako bigarrena.

Zentzu guztietan bakarrik zaudela diozu. Hautatua izan al da bakardade hori?

Piano hutsez egindako hirugarren diskoa da hau. Aurreko biak, hau ez bezala, lan kolektibo baten emaitza izan ziren. Rafa Egiguren eta Jose Luis Zumetarekin izan zen aurrenekoa, 2003an, eta Dora Salazar eta Harkaitz Canorekin bigarrena, 2010ean, Tabakalera zaharberritu baino lehen. “Existentzia minorrak”, baina, nire izenean bakarrik doa. Bakarrik nago, aldi berean, atzean ez dagoelako ez zigilurik ez managerrik, autoedizioa da bere osotasunean.

Lan kolektiboa ez izatea bai, hala erabaki nuen neuk, baina ez da autoedizioa izan nik hala nahi izan dudalako. Ez dut beste erremediorik izan.

Hogei urteren ondoren itzuli zara autoediziora, duzun ibilbide oparoarekin. Baditu aukerak eta arriskuak?

Dudarik gabe arrisku horietako bat da diskoak oso promozio gutxi izango duela, eta ia ezkutuan geldituko dela. Agian egin nezakeen diskoetxe batekin, baina oraingo diskoetxeetako baldintzak lizentziak dira: diskoa egiten duzu eta haiek argitaratu egiten dute. Zer eskaintzen digute? Disko merkatua desagertzen ari da, oso gutxi saltzen da eta musika gehiena plataforma digitaletan entzuten da. Baldintza horietan ekoizteko aukera gutxi dute diskoetxeek. Diskoetxeek are gutxiago dute eskaintzeko nirea bezalako disko batekin.

Saio bakarrean grabatu zenuen, bi ordu eta erdian. Konposizio prozesua ere hain intentsoa da? Nola egiten duzu?

Lehen pianoan zuzenean egiten nuen, baina gaur egun ordenagailuarekin. Berehala grabatu dezakezu, pentsatu eta hor gelditzen da. Erraztasuna ematen du konposatzeko. Bestela zer gertatzen da? Pianoan eseri eta ideia bat bururatzean berehala hasten naizela “pianistikoki” pentsatzen; hau da, pianoan ideia hori ondo entzuteko beharra sentitzen. Orduan galdu egiten dut ideiaren ildoa. Konposatzeko ez zait interesatzen pianoan nola joko nukeen jakitea, baizik hari horri jarraitzea.

Bihotza edo burua behar da konposatzeko?

Biak. Konposatzeko saiatzen naiz trantzean sartzen, oinek lurrarekin duten kontaktua galdu eta mundu abstraktu batean sartzen, non ez duzun pentsatzen, ez duzun ikusten… linbo batean zaude. Hor aurkitzen ditut ideiak. Prozesu intelektual horretan askotan galtzen dugu hasierako xarma, izan zitekeen hori. Horrek kezkatzen nau. Ideia horri eman behar diozu harmonia bat, erritmo bat, estruktura bat eta orduan sartzen da burua, intelektoa. Eta hor arriskua dago hasierako magia hori galtzeko.

Buruan dabilkizuna zer da?

Doinu bat. Eta doinu horri lotzea dago sentimendu bat. Momentuan bertan gainera ez dakizu nolakoa den sentimendu hori, forma ematean dakizu, forma ematean ideia hori bide batetik edo bestetik eraman dezakezu. Zaila da prozesua azaltzea: lehendabizi burua galdu behar da eta gero burua erabili behar da aurkitutakoari forma emateko.

Akademikoki konposatu daiteke, oso kontziente izanda zer egiten ari zaren; enkarguetarako, adibidez. Soinu banda batek badu eszena bat, eta horri jarri behar diozu musika. Koadroaren markoa baduzu, eta buruarekin jokatu behar duzu. Baina halako disko batean bide guztiak irekita daude eta infinituak dira.

Pianoak zer ematen dizun galdetuko banizu…?

Entzuten dudan musikan pianoa dagoenean musika hori hurbilagoa sentitzen dut. Orain dela gutxi konturatu nintzen gauza batez: hamabost urte nituela 50eko hamarkadako rock-and-rolla entzuten nuen. Eta entzuten nituen Fats domino, Jerry Lee Lewis eta Little Richard. Hor zeuden Chuck Berry eta Bill Haley, Elvis… baina horiek ez nituen entzuten. Gogoratzen naiz ezagutu nuela “Johnny B. Goode” kantua eta joan nintzela diskoa erostera. Orduan entzuteko aukera zegoen erosi aurretik eta gogoratzen naiz ez zitzaidala gustatu, soinua oso bortitza zela, mikatza. Orduan ez nintzen konturatu, baina zer zuten besteek amankomunean? Piano jotzaileak zirela; Chuck Berrirenean berriz gitarra zegoen, eta hori ez zitzaidan iristen. Pianoa niretzat zer den definitzen ez dakit, baina nire adinean oraindik erakargarria zait.

Eta zuk pianoarekin zer eman nahi duzu?

Azkenaldian kezkatzen nauena da bestearengana iristea. Musika eta artea prozesu komunikatibo bat da, eta bi agente daude. Eta nik nahi dut bestearengana iritsi eta zerbait kontatu.

Zein da zure ama hizkuntza musikan?

Ama hizkuntza pop-a da. Txikitan entzuten nuen musika hori da; gero etorri ziren klasikoa eta jazza. Ondoren, garaikidea eta denetik. Beatles, eta Simon&Garfunkel, Xabier Lete… kantuak eta melodia argi bat, kantatzeko musika.

Talde askoren bidelagun izan zara eta ama hizkuntza hori landu zenuen urte luzez.

80ko hamarkadan jazzarekin sukarraldia izan nuen, lauzpabost urtez. Ondoren hasi nintzen 21 Japonesas taldearekin jotzen eta handik hiru urtera Duncan Dhurekin. Nik flipatzen nuen nola konposatzen zuten. Ni orduan jazz munduan murgilduta nengoen, bere konplexutasun harmoniko eta erritmikoan, eta bat-batean agertu ziren Mikel Erentxun eta Diego Vasallo melodia hain argiekin! Haiek musikalki analfabetoak ziren, zentzu onean diot; ni ez, ordea, baina ez nintzen gai halako doinu bat egiteko. Sukarraldia pasa zen eta bueltatu nintzen pop klasikoa entzutera.

Popari atea itxi diozu?

Ez, inoiz ez. Segitzen dut, nire klasikoak dira. Baina adin jakin batean musika asko entzun dugu eta denekin gozatzen dut.

Piano kontzertua eskainiko duzu bihar Victoria Eugenian. Erraza da formatua entzulearen ikuspegitik?

Egia da ez dugula ohiturarik halako musika entzuteko. Baina badator Brad Mehldau edo Ludoviko Einaudi eta Kursaala bete egingo da, seguru. Ez dugu ohiturarik eta, bai, publikoari eskatzen zaio esfortzu bat musika hau entzuteko.

Konposizio prozesua bilaketa prozesu bat da?

Bai. Konposatzen jartzen naizenean nik badakit lehenengo egunetan ez dela interesekorik ezer agertuko. Aurkituko dudan guztia zakarrontzira doa zuzenean. Eta orduan hori da basoan sartzea bezala, kendu behar duzu, bidea egin behar duzu. Eta gero bilatu egin behar duzu. Eta aurkitzen dituzu gauzak, baina gauza horiek agian esanda dituzu dagoeneko, edo pobreak iruditzen zaizkizu… bilatu behar da eta sakondu egin behar da, jaitsi, jaitsi, jaitsi behar duzu ezagutzen ez dituzun lekuetara.

Diskoaren izena “Existentzia minorrak” da. Filosofo batek idatzi zuen liburu hori, berak zioen banatzen zituela existentziak zenbait multzotan. Existentzia minorrak dira ezkutuan daudenak, begi bistan ez daudenak. Artistak bilatu behar duela arrunta denetik harago. Orduan, bilaketa horretan gauza asko aurkitzen dituzu, asko ezagutzen dituzu, beste batzuek ez dute baliorik… gauza berriak edo orain zure interesekoak direnak topatzea zaila da. Beraz bai, bada galderak eta erantzunak egitea bilaketa prozesua.