GARA
lekeitio

UZEI Euskaltzaindiaren erakunde atxikia izango da

Akademiaren Osoko bilkurak UZEI Euskaltzaindiaren erakunde atxikia izatea erabaki zuen Lekeition, 2019ko abenduan. Ohar bidez azaldu dutenez, Euskaltzaindiak eta UZEIk «lan-hitzarmen berrirako urratsak egin nahi dituzte eta euskal gizartearekiko duten zerbitzu-bokazioa indartu, orain arteko lankidetza areagotu, eta beste eremu batzuetara eramaten ahaleginduko dira». Gaineratu dutenez, lankidetza areagotu nahi duten eremuak, nagusiki, hiru dira. Alde batetik, abian diren ikerketetan sakontzea eta ildo berriak irekitzea (lexikografiaren eta euskararen estandarizazioaren eremuan). Beste alde batetik, ezagutzaren transferentzia (pilatu duten eta arian-arian lantzen ari diren egitasmoetatik eratorritakoak). Eta, azkenik, egitasmo eta aplikazio berriak abian jartzea, bereziki, eremu digitalean.

Bide horretan, Euskaltzaindiak elkarte atxikiak sor edo izan ditzake, horien helburuak direla, besteak beste, euskararen jakintzan, erabileran, ikerketan, zabalkundean, sentsibilizazioan eta ezagutzaren transferentzian euskararen eremuan ari direnekin Euskaltzaindiarekiko lankidetza indartzea eta areagotzea, egitura egonkorrak sortuz.