2020/01/25

KARMELE JAIO EIGUREN
IDAZLEA

Karmele Jaio Eigurenek (Gasteiz, 1970) 2006an kaleratu zuen bere lehen nobela, «Amaren eskuak», sekulako arrakasta izan ostean zinemara eraman zutena. «Ez naiz ni» (2012) narrazio lanaren eta «Orain hilak ditugu» (2015) poesia liburuaren ostean, nobelara itzuli da berriro «Aitaren etxea»-rekin.

«Aitak ere beldurrak dituela konturatzea, eraikin handi bat jausten ikustea bezala da»
Nagore BELASTEGI|GASTEIZ
0125_kul_karmele1

Urtarrileko egun hotza da Gasteizen. Emakunderen egoitzan gelditu gara Karmele Jaio Eigurenekin. Bertan egiten du lan koordinatzaile eta prentsa arduradun gisa. Idaztea, berriz, bere zaletasuna eta barrenak askatzeko tresna da. Inprentatik atera berria zuen “Aitaren etxea” (Elkar) eraman zuen Durangoko Azokara, eta jada gaztelaniazko bertsioa, “La casa del padre” (Destino), liburu-dendetan dago. Genero rolen inguruko gogoeta bat da, hiru pertsonaiaren arteko harreman, sentipen eta kontraesanetan oinarritzen dena.

Emakumearen kontrako indarkeria mota desberdinak aipatzen dituzu liburuan.

Emakumeen kontrako indarkeriaz ari garenean zailena beti izaten da ikustea hain ebidentea ez dena, azpian dagoen indarkeria, ez duena zertan izan indarkeria fisikoa, baina hor dagoena lur azpiko ibai baten antzera. Horregatik ere agertzen da indarkeria bat agerikoa, emakume bat bortxatu dute, emakume bat erail dute, argi ikusten dena. Baina horren azpian dagoen guztia erakutsi nahi nuen eta protagonistak ere hori ikustea nahi nuen. Nola adierazi modu zoli batean baina era berean argi? Hori izan da nobelaren erronkarik handiena.

Hain zuzen ere, Iruñeko sanferminetan gertatutako bortxaketarekin hasten da eleberria, eta Ismaeli zerbait pizten zaio barruan. Nola gertatzen da prozesu hori?

Nobelak protagonistaren kontzientzia hartzearen prozesua kontatzen du. Hasiera batean ez du entzun ere egiten emakumearen ahotsa izaten duen amesgaiztoan, eta pixkanaka ikusten eta entzuten hasten da, kontzientzia hartzen doa. Eta ez bakarrik bera, beste protagonistek ere, emakumeek, galdetzen diote euren buruari ea nondik begiratzen duten eta nondik begiratzen gaituzten.

Kontzientzia hartze hori eleberri guztian dago: non dagoen bakoitza eta zergatik gauden gauden lekuan, zein faktorek eragiten duten. Horietako bat da, eta oso garrantzitsua gainera, genero aginduak. Bakoitzak ikusten du nola genero agindu horiek euren eguneroko erabakietan sekulako eragina izan duten.

Iruditzen zait batzuetan bizi garela halako fantasia batean pentsatuz leku neutral batean gaudela, leku neutral batetik hitz egiten dugula, leku neutral batetik idazten dugula edo hartzen ditugula erabakiak, eta ez da horrela. Atzetik karga handia dago eta horren kontra egin dezakezu edo inertziari jarraitu, baina beti zaude baldintzatuta. 

Zama hori Ismaelez gain, Jasonek eta Libek ere ba al dute?

Noski. Simone de Beauvoirrek esaten zuen «emakumea ez da, egin egiten da» –dio bere bulegoko mahai gainean duen liburua ukituz–. Gizonak ere badira gizarte honen produktu soziokultural bat. Denok daukagu arauei jarraitu beharra. Nobelan hasiera batean gizonaren gatazka ikusten da gehiago eta ikusten da ere Jasone gizonarena ikusten, baina gero hasten da berea ikusten, zenbat baldintza egon diren eta zenbat gauzari egin dien uko. Nahiz eta emakume askok egin duten ibilbide hori, hausnarketa hori,  feminismoak emandako tresnei esker, oraindik zeure buruari onartu ez dizkiozun gauzak daudela erakutsi nahi nuen. Nahiz eta teoria guztia jakin... 

Jasoneren kasuan berak onartzen du «izan naiz zaintzen duen ama, nire senarraren maitalea», baina badago gauza bat  deskubritzen duena orain arte ez zekiena eta da gizonekin izan duen harremana zertan oinarritu den, hau da, zein izan den bere jarrera gizonen aurrean eta zergatik. Gizonen onarpenaren bila ibili dela konturatzen da. 

Hirugarren pertsonaia, Libe, ere konturatzen da berak uste zuela oso iraultzailea zela eta agian jarrera hori ihesaldi bat besterik ez zela. Oso ahalegin handia egin dut pertsonaien kontraesanetan sakontzeko, denok ditugulako kontraesanak. Gure printzipioak zeintzuk diren eta gero zer egiten dugun horretan talkak izaten dira. 

Ismael konturatzen da gizona izateko modu batean hezia izan dela eta ez duela horrelakoa izan nahi. Maskulinitate desberdinak daudela erakutsi nahi izan al duzu?

Aita zaintzea tokatzen zaio eta horrek aitzakia bat emango dio hausnarketa egiteko, aztertzeko zein gizontasun eredu ikasi duen, ikusteko nola sentitu den berarengandik espero zena bete ez duenean. Nik uste dut hau pertsona askori (gizon eta emakume) gertatzen zaiela. Baditugu agindu batzuk, gure bidea, gure aukerak, hainbat egoeraren aurrean gure jarrerak nolakoa izan behar duen baldintzatzen dutenak.

Gugandik espero dena egitera ohituta gaude eta ez gara konturatzen, genero rolen teoria oso argi izan arren. Badakizu rol batzuei jarraituz egiten ari zarela zerbait eta, hala ere, egiten duzu, inertzia horretan erortzen amaitzen duzu.

Ismaelek gizon bezala hausnarketa egiteko aukera du, konturatzeko zein presio jasan behar izan duen eta nola egon den orain arte aitari balio duela erakutsi nahian. Behar hori sentitzen du eta bere buruari ez dio galdetzen zergatik. 

Une batzuetan emakumeek esandakoarengatik erasota sentitzen da. Hori al da gizonek feminismoaren aurrean sentitzen dutena?

Erreakzio bat da. Interesatzen zitzaidan gizonen buruan sartzea momentu aldakor honetan. Botere harremanak aldatzen ari dira. Batzuetan badago erreakzio bat, «nik ez dut ezer egin». Protagonistak badu sentimendu nahasketa bat: beldurra bere alabei gerta dakiekenagatik, eta bestetik errua sentitzen du eta deseroso sentitzen da horrekin, eta badago haserre puntu bat.

Emaztea irakurketa feminista talde batean dago eta halako gaiak lantzen dituzte, eta Ismaelek ez du ulertzen zergatik Jasonek sentiarazten duen errudun berak ez badu ezer egin. Gizon askok sentituko dutena izango dela uste dut. «Not all men» erreakzioa. Baina nola erakutsi ikasi duten gizontasun eredu horretan hain errotuta dagoen zerbait dela? Eta nola egin ikusarazteko euren eguneroko jarreretan ere egiten dituztela zenbait gauza euren pribilegioek uzten dietelako? Nola adierazi «zuk ez duzu ezer egin» baina inertzia bati jarraitzen ari zara? 

Kontu honekin tentu handiz ibili naiz. Oso zaila egin zait orokorkerietan eta karikaturetan ez erortzea. Gai honek hainbeste xehetasun ditu, hainbeste faktore ezberdin nahastuta oso zaila dela bi esalditan azaltzea. Nobela oso bat behar izan dut azaltzeko. 

Gizonei kosta egiten al zaie, beraz, konturatzea feminismoa aukera bat ere badela?

Aukera bezala ikus dezatela da erronka handia, mundu hobeago bat lortzeko. Ez da «ni kenduko naiz zu jartzeko», baizik eta boterearen zentzua aldatzea. Aldaketak sakontasun bat eskatzen du eta horregatik da hain zaila. Gauzatxo batzuk alda ditzakegu, baina errora joatean oso zaila da. Lehen pausoa kontzientzia hartzea da, eta gero pentsatzea nola egin dezakezun hori aldatzeko.

Emakumeok aurre hartu diegu gizonei eta hausnarketa egin dugu. Baina beharragatik egin dugu, geure burua oso egoera latzean ikusi dugulako askotan. Eta “normala” da ez sentitzea hausnarketa hori egiteko beharra leku erosoago batean zaudenean. Nola egin behar hori sentitu dezaten? Nola egin ikus dezaten honek merezi duela? 

Hiru pertsonaia daude, bi emakume eta gizon bat. Zenbat dute zure izaeratik?

Hirurek dute zerbait. Batek pentsa dezake Jasonerekin identifikatzen naizela emakume idazlea delako, baina ni hirurekin sentitu naiz identifikatuta. Jasoneren gauza pila bat ulertu ditut, Liberenak ere bai, eta baita Ismaelenak ere; gizonak sentitzen dituen hainbat gauzetan ikusten dut neure burua. Horretan ez gara hain diferenteak. Beti jartzen duzu zure parte bat pertsonaietan. Pertsona baten barrutik ari zara hitz egiten eta barrura sartzen zarenean zure barrutik ere zerbait hitz egiten ari zara. 

Ismaelen arazoetako bat da ez dela gai emakumeen azalean jartzeko. Zuri kostatu zaizu gizonaren azalean jartzea?

Onartu behar dut baietz, baina agian lehen aipatu dudan beldur horregatik, ez nuelako nahi orokorkerietan erori. Ez nuen gizon baten barrua modu sinple batean adierazi nahi. Guztiz kontrakoa, badakit pertsona guztiok gauza asko gordetzen ditugula eta konplexutasun handia dugula. Gainera orain arteko lanetan joera izan da emakume protagonistak aukeratzea. Nabaritu dut emakumeen atalak idazterakoan erosoago nengoela. 

Zer esan dizute irakurri duten gizonek? Eta emakumeek?

Oso pozik nago. Oraindik denbora gutxi pasatu da argitaratu zenetik, baina gizon askoren mezuak eta iruzkinak jaso ditut eta pozik nago denak onak izan direlako. Batzuek onartu didate barruko zerbait mugitu zaiela irakurtzean, ikusi dituztela beraien bizitzako hainbat gauza ordura arte hain onartuak ez zituztenak, eta horrek poz handia eman dit. Nabaritu nuen Durangoko Azokan ere inoiz baino gizon gehiago etorri zela nirekin hitz egitera. Emakumeen aldetik, ere bai, orain arte jasotako iritziak oso onak izan dira. Esan didate euren burua ikusi dutela pertsonaia batean edo bestean, eguneroko zenbait gauza ikusi dituztela islatuta. 

Gizonek hain onartuta ez zituzten gauza horien artean aitarekin duten harremana zegoen?

Askok esan didate Ismaelek aitarekin duen harreman horrek barruan zerbait eragin diela. Batetik, onartzea zure aitaren eredua zein izan den, ez duela zertan izan zehazki nobelan agertzen dena, baina ikustea aitak nola tratatu duen ama eta gero beraiekin nolakoa izan den harremana. Gizonen arteko, aita eta semearen arteko inkomunikazioa azaltzen da. Maitasuna ere sorbaldan kolpe bat emanez adierazten dena. Esan gabeko hitz asko daudela uste dut, genero aginduen eraginez. Sentimenduak adieraztea, nori eta aitari, ezinezkoa litzateke. Uste dut horretan gizon asko identifikatuta sentitu direla eta askok zauria sentitu dutela.

Aita zaurgarri ikustea, kontrakoaren eredu izan denean, ere oso zaila egiten zaie. Gizontasun mota horren eredu izan den norbait ahul ikustea zure ahulezia ikustea da. Aitak ere beldurrak dituela ikustea, ezkutuan, eraikin handi bat jausten ikustea bezala da.

Azken urteetan Emakunden lan egin izanak eragina izan al du eleberri hau idazterako orduan?

Denak du eragina. Idazleok ez ditugu gaiak erabakitzen, gure burura datoz. Egunero gaiarekin egotean presenteago dut. Egunero gertatzen zaigunak du eragina idazten dugun horretan. Hemen lanean izango ez banintz ere, uste dut gaiarekiko buruko min berdintsua izango nukeela.

Ez dakit gauzak argiago ikusten ditudan hemendik, baina inpaktu handiagoa dute nigan. Denean ikusten ditut genero agindu eta rolak. Batzuetan isildu egiten naiz, lagun artean ez dut ezer aipatuko bestela esango dute «hemen dator berriz bere rolloarekin». Ikusten dut botere harremanak leku guztietan daudela, bai gure ekintza publikoetan eta bai gauzarik intimoenetan ere. Izaten ditugun sexu harremanetan ere botere harremanek eragina dute, nola ez da ba iritsiko beste leku guztietara?

Istorio desberdina kontatzen da, baina gai batzuetan antzekoak dira «Aitaren etxea» eta «Amaren eskuak» (2006). Sail bat hasi al duzu?

(barrez) Zalantzak izan nituen izenburuarekin “Aitaren etxea” hasieratik jarri niolako eta pentsatu nuen ea hurrengoa izango den osabaren edo amamaren ez dakit zer… azkenean horrela gelditu zen. Ez da sail bat, baina iruditzen zait idazle bat beti ari dela bere gaiekin. Zure bizitza aurrera doan heinean agian zure kezkak desberdinak izan daitezke, baina oinarrizkoak hor daude. Nire liburuetan badaude gauza batzuk errepikatzen direnak: esan gabeko hitzak, inkomunikazioa, familia baten barruan nola izan gaitezkeen ezezagun nahiz eta egunero etxe berean lo egin. Zaintzaren gaia ere bai, gure gizartearentzat hain garrantzitsua den zerbait, gizartea bera sostengatzen duen arren hain gutxi baloratzen dena. Esaten dute idazle batek beti liburu bera idazten duela. Ez da guztiz egia, baina kezkak hor daude, eta nire kasuan beti agertzen dira.

Kontatzen denarekin identifikatuz gero, errazagoa da liburu bat gustuz hartzea. «Aitaren etxea»-ren istorioaren parte garrantzitsu bat familia da, harremanak, eta denok dugu «familia» bat.

Bakoitzaren bizitza oso desberdina den arren, berdintsua da finean. Guztioi gertatzen zaizkigu gauza oso antzekoak bizitzan. Harremanen kontuan denak gaude murgilduta, nahi eta nahi ez. Denok ditugu harremanak, izan gure bikotekidea, gure ama, gure aita, gure seme-alabak… eta hori kudeatzea ez da batere erraza.

Jendeak batzuetan esaten du bizitza sinplea dela eta guk konplikatzen dugula. Ez da egia, bizitza konplikatua da. Bakoitzak ditu bere iritziak, bere espektatibak, bere gizarte eredua, eta guzti hori ados jartzea gatazkarik izan gabe oso zaila da. Harremanak zailak dira eta bestearekin dugun harremanean agertzen da nor garen benetan, ispilu bat bezala.

Genero rolez gain, euskal gatazka eta idazketa prozesua ere badira liburuaren gaiak. Zergatik sartu dituzu osagai horiek kontakizunean?

Gatazka, batetik, iruditzen zitzaidan egon behar zela gure bizitzako dekoratua izan delako. Sekulako eragina izan du gure bizitzan eta pertsonaiek ere esaten dute nola baldintzatu gaituen; gure harremanak agian beste modu batekoak izango ziren gatazka izan ez balitz.

Eta bestetik, idazketari buruzko hausnarketa ere bada, bi planotan: batetik, emakumea eta gizona eta idazketa. Zergatik egiten da idazle gizona eta ez emakumea? Nork ematen du prestigioa? Nork erabakitzen du gai batzuk garrantzitsuak direla eta beste batzuk ez? Eta bestetik, idazkera deskribatzen da benetako hitzak agertzen diren leku bezala. Askotan eguneroko gure harremanetan oso hitz arinak erabiltzen ditugu, bisuteriazko hitzak, eta horren aurrean idazketan agertzen dira berunezko hitzak, egiak.

Zuretzat zer suposatzen du idazteak?

Nire bizitzaren oso gauza inportantea da. Ez nik aukeratu dudalako, behar bat delako baizik. Idazteko ditudan aukerak oso murritzak dira: egun osoko lan bat, seme-alabak zaindu beharra, eta orain ama zaindu beharra… oso baldintza txarrak ditut eta, hala ere, sakrifikatzen ditut gaueko ordu batzuk edo asteburua idazteko. Zergatik? Ez dakit, baina behar hori dut, agian berunezko hitz horiek ateratzeko. Badaude gauza batzuk sorkuntza prozesuan bakarrik aterako direnak. Idazteak balio du mundua arreta handiagoarekin begiratzeko.

Gugandik espero dena egitera ohituta gaude eta ez gara konturatzen genero rolen teoria oso argi izan arren.

Emakumeok aurre hartu diegu gizonei eta hausnarketa egin dugu. Baina beharragatik egin dugu, geure burua oso egoera latzean ikusi dugulako askotan.

Gizon batzuk onartu didate barruko zerbait mugitu zaiela irakurtzean, ikusi dituztela beraien bizitzako hainbat gauza ordura arte hain onartuak ez zituztenak.