GARA
DONOSTIA

Baldintza «latzenak» dituzten eremuak hauspotzeko ekimena

Ekonomia sozial eraldatzailean (ESE) oinarritzen diren proiektuak sustatuko ditu Udalbiltza Partzuergoak despopulazioa, langabezia tasa altua eta zerbitzuen irisgarritasunean arazoak dituzten lehentasunezko bost euskal lurraldeetan. Koop 57 eta OlatuKoop taldeen laguntza izango du horretarako, eta formakuntza jardunaldiak antolatzeaz gain, ESE oinarri duten tokiko hainbat proiektu finantzatuko dituzte maileguen bidez.

Baldintza sozioekonomiko «latzenak» dituzten eskualdeetan ekonomia sozial eraldatzailea (ESE) bultzatuko du Udalbiltzak, Koop 57 eta OlatuKoopen babesarekin, “Hauspotu, herriak bizituz” proiektuaren bitartez. OlatuKoopeko Leire Udabek, Koop57ko Gorka Juliok eta Udalbiltzako Jabi Asurmendik eman zuten proiektuaren berri atzo Donostian.

«Urteen joanarekin, lurralde desoreka areagotzen joan den arazoa dugu Euskal Herrian», aipatu zuten. Landa eremuaren despopulazioa kari, berriki Nafarroako Gobernuak argitaratutako datuak ekarri zituzten, non «agerian geratu den Pirinio eta Ameskoa ibarretan biztanleria gutxitzen ari dela». «Udalbitzak Euskal Herri mailako arazo larri horri, Euskal Herri mailako erantzuna ematea proposatzen du», agertu zuten.

2013-2015 urteetan Euskal Garapen eta Kohesio Funtsak garatutako “Euskal Pirinioetan lan eta bizi” programaren ondorengoa da Udalbitzak proposatutakoa, berau lurralde gehiagotara zabaldu asmo duena.

Esku hartzea gehien behar duten duten lurraldeak identifikatzeko, Gaindegiak azterketa bat egin dio Udalbitzari. Hala, ondorioztatu dute bost eremu hauek dutela lehentasuna “Hauspotu, herriak bizituz” ekimena martxan jartzeko: Pirinio kontinentala (Nafarroa Beherea eta Zuberoa), Pirinio penintsularra (Auñamendi, Pirinio Aurrea, Erronkari, Zaraitzu, Zangozaldea eta Irunberri), Nafarroa Erdigunea (Tafallaldea, Estellerria eta Izarbeibar), Araba (Mendialdea, Trebiñu eta Ibarrak) eta Enkarterriak.

Bi ardatz ESEren baitan

Egitasmoak bi ardatz nagusi izango dituela azaldu zuten: babes teknikoa eta babes ekonomikoa. «Horiek biak ESE perspektiba duten proiektu eta egitasmo berrietara eta dagoeneko abian diren baina aurrera egiteko laguntza behar dutenetara bideratuko dira», eta, besteak beste, zaintza, etxebizitza, agroekologia eta proiektu komunitario eta kolektiboak sustatuko dituzte.

Babes teknikoaren baitan, formakuntza-jardunaldiak eskainiko dituzte otsail eta martxo artean; orotara, sei saio: Agoitzen, Argantzonen, Balmasedan, Garesen, Galozen (Izizen) eta Izuran. Bertan, Udalbiltzak tokian tokiko errealitatea ezagutu eta parte hartzaileak ESEren munduan murgiltzera gonbidatuko ditu, Euskal Herrian OlatuKoop sarearen baitan ESE bultzatzen duten proiektu ezberdinen parte hartzearekin.

Sei saio ibiltariak borobiltzeko, zazpigarren bat egingo dute, aurrekoetan parte hartu dutenen artean «sinergiak sortzeko edota kezkak partekatzeko».

Babes ekonomikoari dagokionez, ESE oinarri duten proiektuak maileguen bitartez finantzatzeaz arduratuko da Koop57. Orotara, 250.000 euro arteko maileguak eskainiko dira.