Haritz LARRAÑAGA

EKIMEN UGARI, PENTSIOEN ERREFORMAREN LEGE PROIEKTUA ONARTU ZEN EGUNEAN

ZAZPIGARREN MANIFESTAZIO JENDETSUA EGIN ZUTEN 3.900 MANIFESTARIK BAIONAN, PENTSIO ERREFORMAREN LEGE PROIEKTUA MINISTROEN KONTSEILUAN TRAMITATZEN ZEN EGUN BEREAN. GOIZEAN ENGIE ENPRESAKO SARRERA BLOKEATU ZUEN MANIFESTARI TALDE BATEK ETA ARRATSALDEAN MOBILIZAZIOEKIN JARRAITU ZUTEN SINDIKATUEK LAPURDIKO HIRIBURUAN.

Arlo desberdinetako grebalariek bat egin zuten Baionan. Sindikatuen arabera, 3.900 lagun bildu ziren manifestazioan (2.800 poliziaren arabera) eta grebak irakaskuntzan izan zuen eragina nabarmendu zuten. Besteak beste, epaitegietako grebalariek, garraiolariek eta zerbitzu publiko zein pribatuko grebalariek bat egin zuten, Macronen pentsio erreformaren lege proiektua Ministroen Kontseiluan tramitatu zen egun berean.

Mobilizazioek etenik ez

Ostegun gauean hasi ziren mobilizazioak. Mila lagun inguruk Baionako karrikak zeharkatu zituzten lastargiekin eta atzo goizean Engie enpresako sarrera blokeatu zuten 40 manifestarik. Energia enpresako arduradunak erreformaren aldeko hitzaldiak eman zizkien langileei eta beste aldi batean greba egin zuen langile bat zigortzeko asmoa erakutsi zuen. Atzoko protestaren ostean, ordea, grebalaria ez zigortzeko erabakia hartu zuela iragarri zuen nagusiak.

Abendu hastapenetik Baionan egin diren manifestazio guztietan bezala, atzokoan ere gehiengo sindikalaz gain, arlo desberdinetako mugimenduek hartu zuten parte, eta mobilizazio koloretsua egin zuten; grebalari, pentsiodun edo ikasle, mozorrotuta edo laneko jantziekin, kolore guztietako banderekin, eta eslogan umoretsuak zituzten pankarta edo afixekin, Baionako kaleak bete zituzten.

Peio Dufauk, 46. greba eguna zuten trenbideetako langileak eta CGTko ordezkariak, arlo batzuetan protestak apaldu egin direla onartu zuen baina, bere iritziz, «gero eta eremu gehiagotara ari da zabaltzen mugimendua, eta hori zen helburua, zeren guk bagenekien bakarrik ez genuela deus lortuko».

Dufauren esanetan, «hastapenetan ehuneko ehun ginen grebalariak, orain gutxiago gara, eta normala da, grebalariek dirua galtzen baitute, baina grebaren ostean lanera itzuli direnak harrituak dira bezeroek erakusten dieten sostenguarekin».

Manifestazio amaieran iragarri zuten sindikatuek mobilizazioek ez zutela etenik izango, eta arratsaldean bertan elkarretaratzea egin zuten suprefeturaren aitzinean. Datorren astean ere mobilizazioak izango dira eta sindikatuek ekimen horietan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei.