Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Santi Zubizarreta eta Beñat Amade, giza proban txapeldun

Asteburuan jokatu ziren Nabarnizko probalekuan Euskal Herriko Giza Proba Txapelketak. Guztira hamar indartsuk parte hartu zuten bi mailatan banatuta, 85 kilotik azpikoak eta hortik gorakoak. Erabili zuten harria 800 kilokoa izan zen.

Txapeldun nagusia Santi Zubizarreta izan zen. Iaz irabazitako txapela etxean utzi eta beste baten jabe egin zen. Baina sinestezina da bertan gertatu zena. Ordu erdiko lanean, 3 plaza edo untze eta 4,29 metro egin zituen. Horretan ez dago misteriorik. Baina bigarrenak, Gorka De La Concepcion bizkaitarrak, 3 plaza eta 4,25 metro egin zituen. Sekula ez dugu ikusi herri kiroletan ordu erdiko lanean horrelako tarte estua.

Gogoratu behar da bi indartsu hauen artean lehia estua izaten dela. Bizkaiko txapelketan alde txikiarekin baina Gorka izan zen txapelduna. Bien arteko lehiak beti izaten dira ikusgarriak eta desafio bat egitera animatzen badira ziur jendeak ongi erantzungo lukeela.

Hirugarren Juan Karlos Lopez sailkatu zen, 2 untze, 3/4 eta 1,62 metro eginda. Laugarren Joseba Santxez (2 untze, 1/2 eta 6,94 metro), bosgarren Eneko Bilbao (2 untze, 1/2 eta 2,26 metro), gero Bernardo Ureta Urpe (2 untze eta 1,51 metro) eta, azkenik, Aitor de la Concepcion (untze bat, 3/4 eta 1,02 metro).

Beñat Amade, arinetan

85 kiloz azpikoetan, hiru kirolarik parte hartu zuten. Beñat Amade nagusitu zen untze bat, 3/4 eta 3,93 metroko marka eginez. Aitor Etxanizek untze bat, 3/4 eta 1,41 metro; Kerman Perez de Herediak untze bat, 3/4 eta metro bat. Hemen ere aldeak zentimetrotan neurtu ziren.