Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Liher taldearekin batera estudiora sartuko da NAIZ

Bidean da «Hemen herensugeak daude», Liher taldearen hirugarren diskoa izango dena eta, bihartik aurrera, NAIZ estudiora sartuko da eurekin batera grabaketa prozesua bertatik bertara jarraitzeko. Igandera bitartean, proiektuaren gakoak aletuko dituzte taldekideek.

Vilafranca del Penedes-eko (Bartzelona) Cal Pau masiara bidaiatuko du NAIZek bihartik aurrera Liher taldearen estudioko hirugarren diskoa izango denaren grabaketa prozesua bertatik bertara ezagutzeko. “Hemen herensugeak daude” lan berriarekin diskoaren formatua gainditu eta transmediaren munduan sartuko da Liher eta, hala, proiektuan kantuez gainera ilustrazioak eta ikus-entzunezkoek pisua izango dute. Horren aurrekari gisa, NAIZen grabaketaren berri emango dute egunero, idatziz zein irudiz (bideoak eta argazkiak), bihartik igandera bitartean.

«Normalean produktua (diskoa) bukatua dagoenean ikusten dugu, baina prozesua nolakoa den jakitea oso interesgarria da. Tripak ikusiko dizkiogu proiektuari, nola doan garatzen», aurreratu du Iñigo Etxarri taldekideak.

Hala, Bartzelonako abenturak, diskoaren osatze prozesuan hartu beharreko erabakiak eta prozesu horretan bertan diskoak bizi ohi dituen eraldaketak xehatuko dizkigute.

Lide Hernando Liherreko abeslariak azaldu digu proiektuaren mamia: «Oso proiektu berezia da, lehen aldiz saiatu garelako diskoaren barruan ideia orokor bat lantzen; ez da hainbat abestiren zaku bat», ziurtatu du. Zehazki, bortxaketa bat pairatu zuen emakumearen azalean sartuko da Liher eta, abestiz abesti, bere baitan bizi duen garapenaren lekuko bilakatu gaituzte. «Gure errealitatetik, gure ingurutik, gai honen inguruko esperientzia negatibo batzuk jaso genituen, tratu txarren ingurukoak, eta erabaki genuen horri buruz hitz egin nahi genuela. Lanketa handia egin dugu, abesti bakoitzari istorioaren fase bat esleitu diogu eta hitzak neurtzen, koherentzia bilatzen ahalegindu gara». Era berean, hitzek emozionalki melodiarekin konekta zezatela ere bilatu dute: «Ez da izan diskoa egiteko ohiko prozesua, ez da abestiak egin, grabatu, entseatu eta listo: zentzua eta kohesioa bilatu ditugu une oro».

Hitzen eta melodiaren arteko zubi lana egiteko Santi Garcia dute bidelagun. Euren lehen lana, “Hauts” (2016), Etxarrik Donostian dituen In estudioetan grabatu zuten eta, bigarrenerako, “Tenpluak erre” (2018), Karlos Osinaga Txapen partaidetza izan zuten nahasketetan. «Prozesu natural horri jarraituz», Garcia izan dute teknikari eta ekoizle: «Estudioan, askotan konturatzen zara %100eko ziurtasuna zenuen ideia hori moldagarria izan daitekeela. Burua irekita sartu gara estudiora, edozein aldaketa eta proposamenetara irekita», ziurtatu du.

Emaitzak prozesu hori erakustea ere espero dute: «Iruditzen zait ‘Tenpluak erre’-ko gitarren distortsioa eta astuntasuna hor egongo direla, baina jo dugu stoner ‘rollo’-ak baimentzen dituen adarretara: bluesa, punka, funka… Agian ‘Hauts’-etik ‘Tenplu’-ra jauzi handiagoa egon zen ‘Tenplu’-tik hona baino».

Lehen bideoklipa datorren astean zabalduko dute eta diskoa otsailaren 28an aurkeztuko dute. Bien bitartean, grabazioaren nondik norakoak eta proiektuaren gakoak NAIZera ekarriko dituzte, bihartik igandera.