2020/02/13

«Lurralde hizkuntzen» lege proposamena aztergai Parisen
Haritz LARRAÑAGA|URRUÑA
0213_eh_konfederazioa

Iazko azaroan Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen mugimenduak Parisen egin zuen mobilizazioaren ondorioz Libertes et Territoires taldeko diputatuek Frantziako Asanblea Nazionalean aurkeztu zuten lege proposamena aztertuko dute gaur Parisen. Gauzak horrela, Euskal Konfederazioak eta hizkuntza gutxiagotuen aldeko Estatu frantseseko erakundeek «lurralde hizkuntzen» eztabaida arretaz jarraituko dutela jakinarazi dute.

“Gure hizkuntzak bizi daitezen” manifestua sinatu zuten Estatu frantses osoko eragileek lehen aldiz elkarretaratze bateratua egin zuten iazko azaroaren 30ean Parisen, Hezkuntza Ministerioaren egoitzaren kanpoaldean. Euskararen alde lan egiten duten Ipar Euskal Herriko elkarte eta federazioak biltzen dituen Euskal Konfederazioak ere bat egin zuen hizkuntza gutxiagotuen aldeko dinamikarekin, eta Parisen abiatu zuten dinamika hura egun zertan den azaldu du prentsa ohar baten bitartez.

Aldaketa nabarmenik ez

Paul Molac diputatu bretoiak bederatzi puntuko lege proposamen bat aurkeztu zuen iazko abenduaren 30ean Frantziako Asanblea Nazionalean, Libertes et Territoires taldeko beste hemezortzi diputatuekin batera. Funtsean, lurralde hizkuntzak ondare gisa izendatzea, eta berauek irakaskuntza zein zerbitzu publikoetan erabiltzea proposatzen zuen aurkeztutako lege proposamenak. Kultura Batzordeak bi puntu soilik onartu zituen, ordea.

Euskal Konfederazioak jakinarazi duenez irakaskuntza arloari loturiko proposamen guztiak errefusatu zituzten, eta onartu zituzten bi puntuei dagokienez, berauek onartzen badituzte ere, ez dutela «deus berririk ekarriko» azaldu dute.

Alderdien jarrera

Hain zuzen, gaur aztertuko dute lege proposamena, edo batzorde horrek onartu zituen bi puntuak. Ondareari eta seinaleztapenei lotuak dira artikulu horiek. Hori dela eta, Euskal Konfederazioak jakinarazi duenez, aipatu lege proposamena onartzeak aldaketa handirik ekarriko ez duen arren, Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen dinamikako kideek arretaz jarraituko dute Parisko Asanblea Nazionalean gaur izango den eztabaida.

Alderdi bakoitzeko ordezkariek nolako jarrera erakusten duten eta zer argudio erabiltzen dituzten kontuan hartuko dutela nabarmendu dute hizkuntza gutxiagotuen alde lanean ari diren elkarteetako kideek. Izan ere, hitza hartzearekin batera, alderdi bakoitzak gaiarekiko duen jarrera zein den argituko du, eta modu horretan, aurrera begira zer urrats egin ditzaketen erabaki ahal izango dute.