GARA
IRUÑEA

Nafarroako Gobernuak bizikidetzari buruzko plan estrategikoa egingo du

«Berdintasunean eta askatasunean oinarritutako bizikidetza» lortu nahi du Maria Chiviteren Exekutiboak, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak aurkeztutako Plan Estrategikoaren bidez.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak Plan Estrategiko baten proiektua aurkeztu zuen atzo, eta, horren bidez, Nafarroako Gobernuak «berdintasunean eta askatasunean oinarritutako bizikidetza» lortu nahi duela azaldu zuen.

Adostasunak lortzeko plana inplikatuta dauden Exekutiboko sail ezberdinentzat zeharkakoa izango dela azpimarratu zuen Ollok, nafar Gobernuaren «erabateko konpromisoa» izango duela gaineratuz.

Lau fasetan aurreikusita dago. Atarikoari dagokionez, adituei egindako elkarrizketak barne hartzen ditu eta partaidetza-izaera nabarmena du, gizarteak online esku hartu ahal izan dezan, «lehen hausnarketa gisa, elaborazio handirik gabe». Hurrengo faseak honakoak izango dira: lanketa –horretarako, foroak eta lan-batzordeak aurreikusten dira–; zirriborroa jendaurrean agertzea; eta plana onartzea, Ollok 2021eko lehen hilabeteetarako aurreikusi duena.

Lana diagnostiko bat eginez hasiko da, eta, diagnostiko horretatik abiatuta, proposamen bat egingo da, datozen urteetarako ekintza- eta ebaluazio-ildoak jasoko dituena. Hori, sailburuaren iritziz, elkarrizketarako eta adostasunerako aukera bat da, «garai aztoratu hauetan inoiz baino beharrezkoagoa delako», bereziki «giza eskubideen urraketa onartzea eta onargarria izatea eragozteko».

Horregatik, elkarbizitza pluralaren alde egin zuen kontseilariak, giza eskubideen eta balio demokratikoen errespetuan oinarrituta, aniztasuna «erronka eta balio gisa» ulertuta.

Xede horrekin, planak eskubide eta askatasunak ere jorratuko ditu, baita berdintasunean bizitzeko eskubide sozialak ere, eta kontuan hartuko du Nafarroa askotariko taldeen «harrera-lurraldea» dela, identitate eta kultura desberdinekin, «komunitateari aniztasun hori ematen» diotenak.

Hori dela eta, elkarbizitza arloan inplikatuta dagoen pertsona orori dei egin zion bere ekarpenak egin ditzan, baita prestatzeko prozesuari berari dagokionez ere, «ahalik eta irekitasun eta parte-hartze handienarekin tratatu behar baita» plana, Nafarroako Gobernuko Bizikidetza zuzendari Martin Zabalzak esandakoaren arabera.

Ollok Nafarroan elkarbizitza arazo larririk dagoenik ukatu zuen, baina azpimarratu du aniztasunak liskarra eragin dezakeen guneak badirela. Horren harira, gogorarazi zuen Nafarroa plurala dela arlo sozialean eta politikoan, besteak beste.