2020/02/14

Txapelik gabeko finala

Irribarria-Rezusta barruan leudeke, txartela euren esku duten Olaizola eta Urrutikoetxeari Tolosan irabazita

Jon ORMAZABAL
0214_kir_pilota

Azaroan txapelketa aurkeztu zenean, askorentzat txapela janzteko faborito nagusiak ziren Irribarria-Rezusta eta Olaizola-Urrutikoetxea, 2017ko eta 2016ko txapeldunak. Lehiaketa, ordea, oso bestelakoa izan da bai batzuentzat bai besteentzat eta igandean Beotibarren jokatuko beharrekoa final moduko bat da bi bikoteentzat, baina txapela baino lehiaketan aurrera egitea izango dute jokoan.

Egoera ere ez da berbera, finaletan gauzak %50era egoten diren bitartean, igandean Aspeko bikoteak badu nolabaiteko koltxoi bat, irabaziz gero barruan leudekeelako baina galduta ere aurrera egiteko moduan izan litezkeelako, baina beste emaitza batzuen menpe geratuz. Bitxia den arren, Baikokoek ere beren esku dute sailkatzea, geratzen zaizkien bi partidak irabazita aurrera egingo luketelako. Hori bai, Beotibarren galduta, agur esango liokete txapelketari.

Gauzak horrela, espero izatekoa zen eta Mikel Urrutikoetxeak igandeko partidan izango dela berretsi zuen atzo, azken jardunaldian eskuko minagatik bere partida bertan behera utzi ostean. Asteartean proba bat egin eta atzo bertan ere beste saio bat egin zuen Aimar Olaizolarekin material aukeraketaren ostean eta, inolako minik sentitu ez zuenez, igandean ez du partida galtzeko asmorik.

«Arazoak arazo ondo heltzen gara. Elkarrekin jokatu genuen azken partidan gustura amaitu genuen. Argi dago txapelketan denetik izan dugula, gustura amaitu ditugun partidak eta sentsazio txarrekin amaitu ditugunak, baina oraindik bizirik gaude, igandean partida garrantzitsua daukagu, bikote indartsu baten aurka, baina guk gurea egiten badugu, aukerak izan ditzakegu», aipatu zuen Zaratamoko aurrelariak.

Bizkaitarrak badaki, bi jotzaile handiren aurrean, gogor lan egitea tokatuko zaiola. «Hori hala izango dela jakinda etorriko naiz, sufritzea tokatuko zait, hil ala biziko partida da, eta %100ean borrokatzera».

«Ez dugu gure maila eman»

Uste eta nahi baino lehenago heldu zaie bi bikoteei garrantzi izugarriko partidak jokatzea, baina laurak ere ohituta daude hil ala biziko partidak jokatzen. «Garbi dago guk ez dugula gure maila eman eta haiek ere ez, bestela ez ginateke finalez hitz egiten arituko garai honetan. Baina beste batzuek ere ezusteko ona eman dute, guk ez dugu gure maila eman, zergatiak aztertu eta aurrera egin behar dugu, mundua ez da-eta hemen bukatzen», azaldu zuen Irribarriak.

Bi bikoteek ez dute segidarik izan euren jokoan. Baikoko bikotearen kasuan Mikel Urrutikoetxeak eskuetan izandako arazoak izan daitezke irregulartasun horren arrazoietako bat; Beñat Rezustak, berriz, nahiko argi ditu eurek egindako akatsak; «gauza bat baino gehiago izan da, behar baino opari gehiago egin ditugu eta defentsan ere asko sufritu dugun egunak izan ditugu, eta aurkariek ez dute barkatzen».

Aurkariak ez bezala, azken partida irabaztetik datoz eta astean zehar egindako bi entrenamenduetan ere sentsazio onak izan omen dituzte. Baina finalak irabazteko dira eta horretarako erritmoa eurek jarri behar dutela uste du bergararrak.

Aukera berri bat Arangurenentzat

Ligaxkako azken-aurreko jardunaldiak bi partida izango ditu gaur, ostirala, Gernikan eta Urdulizen. Lehenengoan, gainera, azken orduko aldaketa bat egon da, Ander Imazen eskuin belaunak ez baitu behar bezalako hobekuntzarik izan eta oiartzuarrak ez du Santanapen jokatzerik izango. Aurreko astean Zestoan horren itxura ona eman zuen Aitor Aranguren arituko da, hortaz, Iñaki Artolarekin, Altuna eta Ladis Galarzaren aurka. Bi bikoteek bigarren posturako borrokan jarraitzen dute, nahiz eta bi ordu beranduago Urdulizen gertatzen denaren zain geratu beharko duten.

Izan ere, Joseba Ezkurdia eta Julen Martija dira bigarren postu hori euren esku dutenak eta gaur bertan utz lezakete dena erabakita. Horretarako, Laso-Albisu garaitu beharko lituzkete. Azken hauek ezer gutxi dute jokoan, play offa ziurtatuta dutelako, baina konfiantza handitzeari begira irabazi nahi dute. Aspekoak askoz erregularragoak izan dira txapelketa osoan eta, printzipioz, beraiek irtengo dira faborito. J.O.

URRUTIKOETXEA


Zaratamokoak ordu erdi inguruko proba bat egin zuen Beotibarren material aukeraketaren ostean eta, eskuin eskuan inolako arazorik izan ez zuenez, igandean kantxan izango dela berretsi zuen.