Ibai AZPARREN
«ZENTRO ERLIJIOSOAK ETA

ABUSUEN BIKTIMA DIREN EMAKUMEAK, ELIZAK GEHIEN AHAZTU DUEN SEKTOREA

ELIZA KATOLIKOAREN BARRUAN, EMAKUMEAK DIRA BIKTIMEN %30. TERESA COMPTE ZIENTZIA POLITIKOETAN ETA SOZIOLOGIAN DOKTOREAK GENERO IKUSPEGITIK HELDU ZIEN EMAKUMEEN AURKAKO ABUSUEI IRUñEAN, BIKTIMEN, ESPARRU AKADEMIKOAREN ETA INSTITUZIOEN ARTEKO EZTABAIDAGUNEAN.

Unibertsitateko eta Zuzenbideko adituek eta Nafarroako zentro erlijiosoetako abusuen biktimek NUPekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean Iruñean antolatutako jardunaldian, abusu kasuak jasan dituzten pertsonen aitormenaren aldeko urratsak egin nahi izan zituzten. Ez, ordea, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikutzak, parte hartzeari uko egin baitzion.

Jardunaldian honako gaiak landu zituzten, besteak beste: “Indarkeria eta kleroa gaur egungo adinean”, “Sexu abusuak Elizan arazo global eta kultural gisa” edo “Dimentsio ahaztuak: sexu abusuak Elizan, genero ikuspegitik”. Teresa Compte Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea da, eta Elizaren Doktrina Sozialeko masterra egin du. «Erakunde erlijiosoek ahaztutako» pertsona horien inguruan, hots, emakumeen inguruan, hitz egiteko ardura izan zuen atzo.

Nahiz eta ez dagoen ez estatu mailan ez nazioarte mailan balorazio hori bermatzen duten zifrak ematen dituen ikerketarik, biktimei laguntzen lan egiten duten adituek adierazten duten bezala, «ziur aski sektore ahaztuena ez ezik, kaltetuena ere bada», nabarmendu zuen Comptek. Horren harira gaineratu zuen, Civicaneko areto betearen aurrean, kasu ezagunek eta horien azterketa sistematikoak agerian uzten dutela biktima gehienak gizonezkoak direla, erasotzaileak bezala. Hamar biktimatik zazpi gizonezkoak direla diote azterlanek ere. «Zer gertatzen da gainerako %30arekin?», galdetu zuen doktoreak, eta galdera hori «denbora luzez» ezkutuan egon dela erantsi zuen.

«Gaia ikuspegi maskulino batetik jorratu da, erasotzaileen jarduerari eta orientazio sexualari buruzko kezkak markatuta», esan zuen. Halere, 2002tik argitaratzen joan diren ikerketei esker, badakigu biktimak ez direla adin txikiko gizonak bakarrik, baizik eta emakumeak ere badirela. Era berean, biktima guztiak ez dira adingabeak, Eliza katolikoaren barruan biktima askok helduarora iritsitakoan jasan baitituzte abusuok.

Testigantzen garrantzia

Abusua jarduera sexualtzat hartzen duen ikuspegi maskulino hori gainditze aldera, Comptek «abusuaren izaera espezifikoaz» galdetzeko beharra azpimarratu zuen. Galdera horrek «abusuzko harreman eta harreman desegoki batera garamatza funtsean, non erabakigarria ez den erasotzailearen jarduera edo orientazio sexuala». Horrela, abusuzko erlazioa «erlazio asimetriko eta dual» bat da, harremanaren mugak lausoak dira eta egilea biktimaren konfiantzaz baliatzen da.

Auzi nagusia ez da, beraz, sexua, «gizonezko boteretsuago batek erabilitako indarkeria baizik». Doktorearen arabera, garrantzitsua da erasotzaileak Elizaren barruan eta emakume biktimaren aurrean zer posizio duen ulertzea. Bere autoritate eta botere mailaz baliatzen da, eta ez du «adostasuna nahi, sumisioa eta indarkeria baizik»

Comptek aitortu zuen zaila izan dela emakumeek eztabaida taldeetan parte hartu nahi izatea, baita beren esperientziak kontatu nahi izatea ere. Halere, nabarmendu zuen «ezinbestekoa» dela emakumeek agerian uztea «gehiegikeria ez dela adostasuna». Horrela, testigantzak errealitateari bere izena ematen laguntzen du, baita hobeto ulertzen ere, eta horrek «kultura patriarkal hori» salatu eta borrokatzeko aukera dakar.