GARA
DONOSTIA

Egoitzetako langilea eta Markel Olano solasean, ELAren kartel berrian

Paki, Donostiako Alai Etxe zentro gerontologikoko 61 urteko langilea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin «hitz egiten» ari da, egoera «jasanezina» den ala ez argitzeko, ELAk foru erakundeari sektore horretako lan gatazka konpon dezala eskatzeko atzo argitaratu zuen kartel berrian.

Kartelak Olanoren eta Pakiren aurpegien erdiak batzen ditu argazki berean, eta sindikatuak deitutako grebekin bat egiten duten ehun bat langilek Donostian egin duten elkarretaratzean aurkeztu zuten. Ekimen horren bidez, atzo 214 greba egun betetzen zituzten langileek beren borrokaren izaera «feminista» nabarmendu nahi zuten, Emakumearen Eguna gertu dagoelako.

Ahaldun nagusiaren esaldi bat ere ageri da kartelean. «Egoitzetako langileen eskaerak onartzea jasanezina da eta sistema itota utziko luke», dio Olanok. Pakik erantzuten dio «jasanezina» dela «langileen herenak baino gehiagok» soldata «mileurista» ez lortzea eta, aldi berean Olanok «2020an aurreko urtean baino %8 gehiago kobratzea, 86.078,72 eurora arte».

Baldintza «miserableak»

«Jasanezina» da, halaber, beharginaren hitzetan, «soldata arrakala %30ekoa izatea; egoiliarrak 15 minututan altxatu, garbitu, jantzi eta aldatzea, edo gauetan 140 egoiliar artatzeko bi laguntzaile bakarrik egotea».

«Jasanezina dena zaintzak pribatizatzea da, gutxi batzuk gero eta mozkin handiagoekin aberastu daitezen, emakume langileen lan baldintza miserableen kontura», ondorioztatzen du.