2020/02/15

Gatibu: «Euskaraz kontzertu masiboak egin daitezkeela frogatu nahi dugu»

Ez dira 8.000ra iritsiko, segurtasun kontuak tarteko, baina hortik gertu ibiliko da martxoaren 28an Bilboko Arena kirol aretoan Gatiburen 20. urteurrenaren ospakizun kontzertura gerturatuko diren zaleen kopurua. Sarrera gehiago jarriko dituzte salgai, orain artekoak berehala agortu direlako. «Bixotzez» jorratu eta zabaldu dute urte hauetan euskal rocka, eta ezinbestekoa den gihar horrek berak izendatuko du ospatzeko atondu duten bira eta kanta.

Amaia EREÑAGA|BILBO
0215_kul_gatibu

Aurtengoa mugarri da Gatiburentzat, 2020 honetan bi hamarkada betetzen baitute errepidean eta oholtza gainean. Sasoi berezi baten sentsazioaren zirrara nabaritzen zitzaien Gernikako taldekoei, edo halako zerbaiten zantzuak ikus zitezkeen behintzat atzo Alex Sarduik (ahotsa), Haimar Arejitak (gitarra), Gaizka Salazarrek (bateria) eta Mikel Caballerok (baxua) Bilbao Arena aretoan bertan egin zuten agerraldian.

Bi albiste eman nahi zituzten; bata, sarrera gehiago jarriko dituztela salgai martxoaren 28ko kontzertu-festarako; bestea, urteurrenaren harira, Garate estudioetan grabatutako “Bixotzez” kantaren aurkezpena egin zuten. “Bixotzez” abestia eta haren inguruan grabaturiko bideoa, bi hamarkada luze hauetan rocka euskaraz eta, zehazki, bizkaieraz lau haizetara zabaldu duen banda indartsu honek egindakoaren laburpentzat jo daitezke. Bazterrak mugitu zituen “Zoramena” (2002) hartatik iaz kaleratutako “Azken indioak” (2019) lanera, zazpi disko estudioko eta zuzeneko bat lotu dituzte, eta bizitzako asko dago errepidean... Alex Sarduik “Bixotzez” horretan dioen bezala; «(...) txiste txar bat, atzeko partien, umoreak egiten dau lagun bixotzien. Bixotzetik zuretzako, garelako positibo. Ahotsak urratute, atzamarrak bixortute, baina bixotza bizi-bizirik dekogu».

Eta, egia da, beti bezain positibo azaldu ziren atzo ere gernikarrak, baita esker onez beterik ere urte hauetan guztietan ondoan izan dituztenekin. Eskertza luzatu nahi izan zieten batez ere «gatibuzalei, gure oxigenoa eta gasolina zaretelako», hedabideei, baita herri, areto edo gaztetxeetan urteetan kontzertuak antolatzen isilean jardun direnei ere, eta «gure ingurukoei, izan duten pazientziagatik», Haimar Arejitaren hitzetan.

Ez zuten xehetasun handirik eman nahi izan martxoko jaialdiaren inguruan, ezustea eman nahi dietelako bertaratuko diren belaunaldi desberdinetako zaleei –haurrak ere onartuak izango dira, baimenarekin noski–, baina «Gatibu %100 izango dela» baieztatu dute. «Opari bat izango da gure zaleentzat eta baita guretzat ere».

Atzera begira salto egiteko

Are gehiago, galdera bat bota nahi izan zuten: «Kontzertu erraldoi bat egin nahi genuen, zeren zergatik ez horrelako toki handi bat bete? Horixe frogatu nahi genuen, hau da, euskaraz egindako musikarekin egin daitezkeela mota honetako ekitaldi jendetsuak», Arejitaren hitzetan. Azken batean, «indarrak biltzeko» balio izango die kontzertu honek, Mikel Caballeroren hitzetan, etorkizunerako finkatuta daukaten erronkari begira, Gatibu ez baita hemen bukatzen: «Gure musika beste herrialdeetan ezagutaraztea nahi dugu eta, era berean, sortzaile bezala musika esparru desberdinak ditugu ikertzeko, bide berriak ezagutu behar ditugulako. Eta horretan nahiko motibatuta gaude».

Bilboko hitzordua iritsi bitartean, 20. urteurreneko birarekin ari dira han-hemen. Salamancan eta Valentzian jo dute, aurki Galizian, ondoren Katalunian, eta uda parteko penintsulako jaialdi handietan jotzeko asmoa ez zuten ezkutatu. Etorkizunari begira beraien erronka mugak gainditzea baita, Euskal Herritik harago Gatiburen rock indartsu, dantzagarri eta herrikoia zabaltzeko asmoz... Beraiek dioten moduan, «egurre» emanez.

BERTSIO GAZTEA


«Bixotzez» kanta dantzagarri eta indartsuan hogei urte hauetan bizi eta metatutakoa islatu nahi izan dute. Bideoan, beraien bertsio «eguneratuekin» topo egiten dute; hau da, Gatiburen bertsioak egiten dituen gazte talde batekin. Gernikako Segundo Olaeta eskolako ikasleak direla azpimarratu zuten.