Aitor AGIRREZABAL
IRUÑEA
Elkarrizketa
ANTONIO IRIARTE, IMANOL OLAGUE, NIKOLAS LEONARDO
SKABIDEAN TALDEKO KIDEAK

«Reggaera bideratutako 11 lagun ezberdinen fusioa da ‘Izaera’ diskoa»

2012an Iruñerriko Iturrama eta Biurdana institutuetan elkartu ziren zortzi gazte. 80ko hamarkadako euskal punk eta rocketik, reggae jamaikarreraino «ska-bidea» egin dute, inongo zigilurik gabe eta lanak gaur egun taldea konposatzen duten 11 lagunen artean banatuz. Orain, «Izaera» disko berria dakarte.

Nola eta noiz hasi zen Skabidean taldea?

Antonio Iriarte: 2012. urtean Iturrama institutuan elkartu eta 2015eraino ibili ginen herriz herri. Orduan sortu genuen lehen maketa. Ehun kopia egin eta lagunartean banatu genituen. 2016an, lehen diskoan, hasi ginen doinu jamaikarragoak sartzen. 40 kontzertu inguru jo eta 2018ko otsailean argitaratu genuen “Bideak darrai”. Urte amaieran, hainbat zalantza egon ziren eta hiruzpalau hilabetez geldirik egon ginen.

Hor sartu ziren hiru emakume taldean. The Black Birds.

Imanol Olague: Ilusio berri bat piztu zen. Motibazio bat, helburu berri bat. Dena berritu zuten, Eta 2019a urte borobila izan da. Hatortxun amaituta.

Skabidean. Izena eta izana?

Nikolas Leonardo: Institutuetan talde bat sortzen zenean beti zuen aurrizki hori. Ska gehi zerbait. Izenak zentzu gehiago hartu zuen bigarren diskoarekin. “Bideak darrai” lanak jamaikar doinu askoz gehiago zituen eta ska original horren bidean jartzen gintuen.

Nondik datorkie 20 urteko gazte batzuei duela hamarkada batzuetako musika jamaikarrarekiko zaletasun hori?

A.I. Egia esan, ez dugu inoiz musika jamaikarrik entzun. Lehen maketa grabatu zigun pertsonak erakutsi zizkigun talde jamaikarrak.

N.L. Hasieran egiten genuen musika gurasoengandik hartu dugu. Haiek bultzatu gintuzten La Polla, Cicatriz edo Potato jotzera. Baina, hau jotzen ari ginela, Lasarteko reggae jaialdi batean engantxatu ginen.

Orduan, orain zein da zuen taldearen estiloa?

I.O. Anitza. Hamaika lagun gara eta guztiok dugu gustuko reggaea, baina subgeneroen artean alde nabariak daude eta bakoitzak bat du gustuko. Disko berrian hori oso deigarria da. Reggaera bideratutako hamaika lagun ezberdinen fusioa da.

Nolakoa izan da disko berri hau sortzeko prozesua?

A.I. Desberdina. Kaki Arkarazoren grabaketa estudioetara joan ginen. Han sartuta eman genituen hamar egun, mendian, kobertura eta wi-firik gabe.

N.L. Sari bat izan da grabaketa bera. Hamar eguneko oporrak izan ditugu, elkarrekin. Esperientzia hau edozein talderentzako oso gomendagarria da. Aberatsa. Gure arteko harremanak sendotu ditugu.

Zer kontatzen duzue disko berri honetan?

I.O. Letrei erreparatuz gero oso lan pertsonala da. Esperientzia propioak, kezkak, beldurrak edo hausnarketak dira. Horregatik deitu dugu “Izaera”.

Zuen kabuz, zigilurik gabe, kaleratuko duzue lan hau ere.

A.I. Orain arte autogestioa egiten genuen, bai, baina ez genuelako beste eskaintzarik. Baina 2019. urtea oso ongi joan zen eta promotore ezberdinekin kontaktuak izan ditugu. Gero, gure artean elkartu ginen eta hausnartu genuen promotore batean sartuz gero proiektuarekin fideltasuna galduko genuela. Diru justua ematen digu honek Skabideanekin aurrera jarraitzeko eta gitarra bat hartzen ez dakien jendea ari da honetaz bizitzen, gure musikaz. Hau aldatu beharra dago.

I.O. Hautsi beharra daukagu promotore bat atzean ez baduzu mundu hau ezinezkoa dela dioen ideia horrekin. Gai gara. 11 gazte gogotsu gara eta horrela egiteak beste kutsu bat dauka. Pertsonalagoa da. Gure proiektua guk baino hobeto ez du inork kudeatuko.

Horrek baina, musika sortu edo jotzeaz gain, lan karga handia ekarriko du.

N.L. Baina horrek betetzen gaitu. Antoniok aipatu du lehen Hatortxuko kontzertua. Txikitatik bertan egon eta bat-batean egin duzun lanagatik oholtza horretara iristea ikaragarria da. Eta taldea handitu ahala, lana ere handitu egiten da. Hala ere, ikusten dugu posible dela gure kabuz egitea.

Handitzen doa jarraitzaile kopurua, bai. Zer eskainiko die disko berriak?

A.I. Nahiz eta jarraitzaile gehiago izan, fidelak izan gara gure estiloarekin. Orain hiru nesken ahotsak berritasuna dira, noski, eta ikus daiteke musika beltzaren kutsu handiagoa, baina berdin jarraitzen dugu.

I.O. Gauza da egin dugun musika gure gustuko musika dela. Ez da lelo bat. Urteetan egon behar gara hau jotzen. Zure gustukoa ez bada, ezinezkoa da jarraitzea. Jendeak gustuko izatea ondorio bat da, ez hasierako helburua.

Eta zein da?

A.I. Egia hau da. Ulisesen (hasierako taldekideetako bat) aita Lendakaris Muertos taldeko kideen laguna da. Argazki, bideo edo kontatzen zutena ikusten zuen eta txango batera gindoazela, autobusean, behartu egin gintuen talde bat sortzera.

Hilaren 22an aurkeztuko duzue lan berria Totem aretoan.

I.O. Zuzeneko berezi eta luze bat prestatzen ari gara. Disko berria osorik entzun ahal izango da, baina betiko gure abestiak ere ez dira faltako.

N.L. Gogoz gaude eta denbora hartu dugu zerbait desberdina eskaintzeko. Bertan lortu ahal izango da diskoa eta, hurrengo egunetik aurrera, plataforma digitaletan eskura egonen da.