GARA
BILBO

Izateko, sentitzeko eta maitatzeko askatasuna, Zinegoak jaialdian

Ondarroan bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi gazte transexualaren inguruko «Mi pequeño gran samurai» Arantza Ibarraren film laburraren estreinaldiarekin hasiko da Zinegoak jaialdiaren 17. edizioa, otsailaren 24an. Horrez gain, bestelako trans errealitateak ere azalduko dituzte DOK sailean. Ohorezko Saria Pepa San Martin zuzendari txiletarrak jasoko du. Guztira 22 film luze eta 45 labur eskainiko dituzte otsailaren 24tik martxoaren 8ra.

Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 17. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia otsailaren 24tik martxoaren 8ra izango da aurten, “Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko” lelopean. Sexu orientazioaz harago, jaialdiak lehen planoan egon ohi ez diren sexu aniztasunaren elementuei ikusgarritasuna eman nahi die edizio honetan, genero identitate eta adierazpena kasu.

Pau Guillen zuzendariak eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunak aurtengo programazioaren berri eman zuten agerraldian. Festibala otsailaren 24an hasiko da, Arriaga antzokian egingo den inaugurazio ekitaldiarekin.

Bertan, Pepa San Martin zuzendari txiletarrak Ohorezko Saria jasoko du eta Arantza Ibarraren “Mi pequeño gran samurai” film laburraren erabateko estreinaldia izango da. Lan horretan, Ekai Lersundi mutil transgenero gaztearen bizitza jasotzen da, hain zuzen, 2018an Ondarroan bere buruaz beste egin zuen gaztearena.

Guztira, 22 film luze izango dira Sail Ofizialean, hiru kategoriatan banatuta. FIK sailean nazioarteko jaialdietatik helduko diren fikziozko film luzeak izango dira. Bertan batu diren lan guztiek «interes eta kalitate zinematografiko handia» izango dute, besteak beste, Danielle Lessovitz-en “Port Authority”, Marko Skop-en “Let there be light (Nech je svetlo)” eta Rodrigo Belloten”Tu me manques”.

DOK film luze dokumentalen sailean, trans errealitateek hartuko dute protagonismoa, Ian W. Thomson australiarraren “Becoming Colleen”, Enrico Masi-ren “Shelter-Farewell to Eden” edo Marwa Zein-en “Khartoum Offside” moduko lanekin. KRAK sailean, berriz, beste urte batez, proposamen narratibo ausartak eta berritzaileak izango dira, genero, lengoaia eta estetikak nahastuko baitira. Hainbat lan poetiko eta bisual izango ditugu, adibidez, Lemohang Jeremiah Mosese zuzendariaren “Mother I am suffocating. This is my last film about you”, Bogdan Theodor Olteanu-ren “Câteva conversatii despre o fata foarte înalta” edota Lluis Miñarroren “Love me not”.

Euskal Herriko hamahiru lan

Halaber, Zinegoak jaialdiak film laburren hautaketa zabala izango du aurten ere. Guztira 45 izango dira, hainbat herrialdetatik jasotakoak. Beste urte batez, “Emakumeak” eta “Haurtzaroa eta Nerabezaroa” zikloak izango dira, baina film laburren zikloen kasuan, berritasun nagusi bi izango dira: alde batetik “Indarkeria patriarkalak”, patriarkatuak hainbat arlotan bultzatzen duen bortizkerien inguruan, eta, bestetik, “Gorputz errebeldeak”, gorputzek har ditzaketen hamaika forma eta identitateen ingurukoa.

Horrez gain, Euskal Herrian sortutako hamahiru lan izango dira: bederatzi film labur, film luze dokumental bat Sail Ofizialean (Iban del Camporen “Glittering Misfits”) eta hiru lan eszeniko, tartean, “Lurrun minez” antzezlanaren aurrestreinaldia, La Fundicion eta Loraldiaren lankidetzarekin.