GARA
Dublin

Sinn Fein: hiru urteren buruan independentzia erreferenduma

Irlandako hauteskundeen lurrikararen erreplikak jarraian datoz, bata bestearen atzetik. Sinn Feinek gobernua osatzeko negoziazioen ardura bere gain hartu du eta buru-belarri jardun horretan ari den bitartean, bere lider Mary Lou McDonaldek adierazi duenez, independentziaren erreferenduma hiru urteko epemuga batean ikusten du egingarri.

Sinn Fein alderdi errepublikanoaren buruak, Mary Lou McDonaldek, "Times" egunkariari atzo emandako elkarrizketan aurreratu zuenez, «bost urtean guztiz egingarria da, baina hiru urte barru ere egin daiteke Irlandako lurralde osoan independentziaren inguruko erreferenduma». Eta hartara, Irlandako Errepublikako gobernua «erreferendumaren prestaketa lanetan» lehenbailehen abiatu beharko litzateke eta Londresek berak ere «bere burua prestatzen hasi beharko luke».

McDonalden arabera, «Brexita ez da gertakizun sinple bat, gauza sakonago bat da: joko zelaia eta joko arauak erabat aldatu dituena». Izan ere, Irlanda berriro batzeko ideia inoiz baino gaurkotuagoa eta popularragoa bilakatu da. Britainiaren menpeko Irlanda iparraldeko biztanleak modu argi batean egin zioten uko Brexitari, eta Irlandako Errepublikarekin bat egitea Europar Batasuneko kide izatea litzateke, erakargarria eta kitzikagarria den alternatiba.

McDonaldek berak ideia horretan sakondu zuen: «Iparraldera begiratzen baduzue, gehiengoa ez da jada unionista. Gurpilak buelta eman du, belaunaldi mailako aldaketa bat izan da». Eta hari beretik tiraka, zera gaineratu du: «Nire bizitzan sekula ikusi ez dudan modu batean eztabaidatzen da Irlandaren batasuna». Eta Boris Johnson Britainia Handiko lehen ministroari zuzenduta zera gaineratu zuen: «Irlanda batu baterako prest egon behar duzu».

Gobernu osaketa negoziatzen

Bestalde, Irlandako gobernu osaketarako Sinn Feineko negoziatzaile buru Pearse Dohertyk adierazi duenez, bere alderdia «ez da atzeko aulkian geratuko» eta «zabaldu den aukera ikaragarria aprobetxatuko du Irlandaren aurpegia aldatzeko». Hala, Sinn Feinek «urgentziaz» osatu nahi du gobernua eta «elkarrizketa areagotzeko» deia egin du. Elkarrizketa hauen lehen fasean «programa komuna» duten ezkerreko alderdiekin hitz egiten ari da, berdeekin, laborista irlandarrekin eta People Before Profit taldeekin, hain zuzen.

Zentzu honetan, jardunean den Irlandako lehen ministro Leo Varadkarrek Sinn Feinen eskuetan utzi du gobernu osaketaren ardura. «Hauteskundeetan galtzaile atera ginen, ezin zaio horri mozorroa jarri», eta Sinn Feinen «programa sozialistaren» inguruan gehiengoa lortzea alderdi errepublikanoaren ardura dela gaineratu zuen. Edonola ere, gaur-gaurkoz den-dena posible dela esan zuen, baita ere –Sinn Feinek porrot egingo balu gobernu osaketan– «berriro hauteskundeak egiteko aukera, nahiz eta herrialdeentzat ez litzatekeen ona izango».

Gogoratu behar da Irlandako politikan mende batez agindu duten zentro-eskuineko Fianna Fail eta Fine Gael Sinn Feinen atzetik geratu zirela boto kopuruan, eta kanpainan Sinn Feinekin gobernatzeari atea itxi ziotela. Hauteskundeetako lurrikarak gauzak goiti behera aldatu ditu eta horren erakusle da Varadkarren Fine Gaelen jarrera berria.