Jon GARMENDIA «TXURIA»
Idazlea

Gertu eta urrun

Badakit ohituago zaudetela Goya sarien berri ukaitera, kulturalki gertutasun gehiago baituzue Ebrotik beherako kontuekin Bidasoaz honagokoekin baino; tira, gertutasun bera nuelako nik ere lehenago, eta hori Eneko Bidegainek biziki ongi azaltzen du bere “Lurraldea eta Herria” maisulanean, gauzak kontatzeko manerek, hedabideenek eta abar, anitz eragiten dutelako gure egunerokotasuna zehazten duten lerroetan. Nor edo nongo garen jakiteko orduan. Oro har, kilometro edo bizi denboran donostiar bat Baionatik hurbilago baitago Gasteiztik baino. Baina ez. Errealki askozaz urrunago dago. Cesar sarien karietara bildu naiz sarrera honekin, ziur baitut izanen dela Cesarrena Frantziako Zinemaren Akademiak kudeatzen duela jakinen ez duenik –Goya sariak baino dozena bat urte lehenago sortuak–, eta tira, bizi naizen tokian nahiko eztabaida eragin du duela astebete zinema munduko 200 bat pertsonek egindako eskaerak, non erreforma bat beharrezkoa zela ondorioztatzen zuten, demokrazia gehiago eskatzen zuten, berdintasuna eta gardentasuna. Adibide gisa, administrazio kontseiluan 15 gizon zeuden eta 6 emazte; batzar orokorrean, aldiz, 39 gizon eta 8 emazte. Roman Polanskiren azken filmak eskuratu zituen izendapen gehien laster burutuko den ebazpenean, eta feminista anitzen kexa entzun da ondotik, hori erraten du zinema zuzendariak, bere kontrako kanpaina amaigabe bat dela iritzita. Eta iragana baliatu dut hau aurkezteko, akademiak dimisioa eskaini baitu osotasunean. Orain zalantzak baino ez daude, sarien festa egingo ote den, zer gertatuko den gero, nola kudeatua izanen den akademia etorkizunean... Baina argi da protesta entzuna izan dela, balio duela ahotsa altxa eta iritziak plazaratzeak, ez beste bazter askotan bezala, entzungor egiten baitute agintean goxo-goxo dauden horiek. Gaiaz urrunduz baina urrun joan gabe, hala ikusi da Zaldibarko zabortegiaren aferarekin, lerrokada hau irakurriko duzuenongan gertuago dagoela, jendea karrikara protestan atera bada ere nehor guti baitago bere ardura asumitzeko eta aginte tokia uzteko prest. Hezkuntza izanen da diferentea beharbada.