GARA
ZALDIBAR

Segurtasuna indartu dute A-8 autopistan Zaldibarren, «irristatutako hondakin masa ez delako egonkorra»

A-8 autobidean eta Ermuko saihesbidean segurtasun neurriak indartu dituela jakinarazi zuen atzo Bizkaiko Foru Aldundiak. Izan ere, geologoek egindako etengabeko monitorizazioak zehazten duenez, zabortegia hautsi ondoren irristatutako hondakin masa ez da egonkorra. Dena den, otsailaren 6az geroztik «desplazamendu esanguratsurik ez» dela izan baieztatu zuen.

«Autobidea trafikoari ixteko Ertzaintzarekin batera ezarritako protokoloa indartu da, geologoek alerta aktibatzen badute luizi berriak gertatzeko arriskuagatik. Harri-lubeta egiteko dikeaz gain, autobidearen babesa handituko du Aldundiak, lur-jausien aurkako pantaila dinamiko baten bidez, eta neurri gehigarriak aztertzen jarraitzen du», azaldu zuen oharrean.

«Aldundiak lan handia egin du 11 egun hauetan zabortegiaren ezaugarri geoteknikoak sakon ezagutzeko, autobidera ateratzen den ibarrean zehar irristatu zen material-masari eusteko neurriak aztertu eta hartzeko, eta autobidea trafikorako irekita mantentzeko neurriak hartzeko, erabiltzaileen segurtasuna bermatuz», gaineratu zuen oharrean Aldundiak, baita honakoa ere: «Funtsezkoa da hondakin-masaren eta haren jatorrizko lursailaren ezaugarriak ezagutzea, ondorengo jardunbideak baloratu eta zehazteko».

«Halako bi eusteko gai»

Gauzak horrela, zabortegiko «funtsezko puntuetan» 19 lekuko jarri dituzte teknikari espezializatuek. «Estazioak etengabe bidaltzen ditu seinaleak prisma horietako bakoitzera, eta errebotea jasotzeak aukera ematen du eskala milimetrikoan mugimendurik gertatzen den zehazteko», agertu zuen. Bigarren estazio topografiko bat martxan jartzeko lanak amaitu nahi dituzte gaur, kontrol sistema indartzeko.

Inguruan harri-lubetazko dike bat eta «bultzada handiak jasateko gai den» metalezko sare bat paratu ditu Diputazioak. «Egindako kalkuluen arabera, materialak berriro irristatuz gero, euste-dikearen eta pantaila dinamikoaren baturak 7.700 metro kubiko isuri atxikitzeko adinako gaitasuna izango luke. Otsailaren 6an autobidera eta N-634 errepidera erori zen kopurua halako bi», erantsi zuen oharrean.