2020/02/19

Erreportajea
 
MIGRANTEEKIKO GIZAGABETASUNA ETA INJUSTIZIA AGERIAN, CIMADEREN ESKUTIK

Migranteak atxikitzeko Hendaiako zentroaren eguneroko errealitatea eta bertan egon direnen bizi istorioak ezagutarazten dituen erakusketa atondu du Cimadek, norbanakoak eta gizartea interpelatzeko. Hendaiako Mediatekan ikus daiteke, larunbatera arte.

Idoia ERASO
0219_eh_cimade

Hemen gertatzen dena izugarria da! Ez da garbiketarik egiten. Usaintzen baduzu, ulertuko duzu. Garbi egotea gustatzen zait, garbitzeko produktuak eskatu ditut, baina debekatua zela erran didate». Idrisen hitzak dira, 2019ko azaroan Cimadeko kideek Hendaiako atxikitze zentroan bilduak.

Larunbatera arte Lapurdiko hiriko mediatekan aurki daitezkeen testigantzetako bat da jatorri tunisiarreko libiar horrena. Lekukotza ugaritan agertzen diren gaiak ukitzen ditu Idrisenak: «Janaria, sabela betetzeko besterik ez da. Nazkagarria da. Estalki bakarra ematen digute, gauetan hotz egiten du, beste bat eskatzen dugunean, ‘hurrengo astean’ erraten digute».

Intimitaterik eza ere nabarmentzen dute. «Geletako ateak ez dira ixten. Nik mihiseekin ixten dut. Lo egiten dugunean jendea etortzen da», erran zuen 25 urteko Kamelek iazko abenduan. Segurtasunik ezak ezinegona sortzen du, Poliziak edozein unetan eraman baititzake, eta goizaldeko lauretan izaten da sarri: «Burua arras ongi izan behar duzu, bestela zoratzekoa da».

Ginea-Konakrytik heldutako T.S.-k iazko maiatzean errandako hitzek pisu emozional eta psikologikoaren berri ematen dute: «Psikologo batekin egon nintzen Madrilen, eta geroztik ez dut inoiz hitz egin [Mediterraneoko hildakoez], eta ez didate ezer galdetu. Ados egongo nintzateke psikologo bat ikusteko». Anitzetan entzuten den hitzekin bukatu zuen ginearrak: «Inoiz ez naiz hain bakarrik sentitu».

«Hemen egotea oso konplikatua da, amesgaizto bat da. Badago jendea justu paperen kontrola izan duelako dagoena hemen, emazte bat daukate, lana... Hemen egotea oin bat Europan eta bestea zure herrian izatea da», borobildu zuen Kamelek.

Cimaderen lana agerian

Testigantza horiek bilduz, gizarteari ezkutatuta dagoen errealitate honen berri eman nahi diote migrante eta errefuxiatuei sostengua ematen dieten Cimadeko kideek. Taldeko Dominique Cunchinabek hendaiar anitzek atxikitze zentroa ere badenik ez dakitela nabarmendu du. Zentroaren berri badutenek ere, ezer gutxi dakitela azaldu du Evelyne Birek: «Erakusketaren bitartez, jendearengana joan garelarik, ohartu gara ez dutela ezagutzen zein den bertako errealitatea, han bizi diren baldintzen berri ez dutela». Horregatik, mugako herri horretan, non etengabe ikusten diren migranteei loturiko egoerak eta eskubide urraketak, hori guztia ulertzearen garrantzia azpimarratu dute.

«Ez da soilik gizagabea, zentzugabea ere bada. Sortzen den traumatismo kopurua zein den ikusten duzularik, sistemak daukan eraginkortasunerako, oso garestia dela ikusten da; beldurraraztea bilatzen dute», azaldu du Birek Hendaiako zentroan, Estatu frantseseko zentroetan eta Europakoetan darabilten sistemari buruz.

Errefuxiatuen eskubideen aldeko ekintza, Irun eta Hendaia artean

“Muga blokeatuak, eskubide ukatuak” lelopean ekintza bat eginen dute larunbatean Hendaia eta Irun artean, 14.00etan, geltokitik atera eta Santiago zubiaren inguruan. Etorkinekin, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Harrera Sareak antolatutako hitzorduan «inor ez dela ilegala» aldarrikatuko dute.

Euskal Herria bitan erdibitzen duen muga hautatu dute protestarako, Bidasoaren bi aldeetako estatuen migrazio-politika salatzeko, eta eskubideak etengabe urratzen direla azaleratzeko. «Funtsezkoa da bi aldeetatik egitea ekimena; elkartu behar ditugu gure lanak muga gurutzatu behar duten pertsonak beren ibilbidean zehar lagundu ahal izateko», azaldu du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko Catherine Verbruggenek. Hori dela eta, amankomunean daramaten dinamika gero eta gehiago garatzen ari direla ere nabarmendu dute kolektiboetako kideek.

Muga horretan egunero gertatzen dena Europako beste toki askotan ere badela oroitarazi nahi dute. «Gure barneko mugetan, Europa kanpoko mugetan errefuxiatuen eskubideak urratuak» direla salatu du Ipar Euskal Herriko Etorkinekin kolektiboko Amaia Fontangek, eta legedia ez dela errespetatzen gaineratu du.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aurreko astean Melillako mugan migranteak zuzenean kanporatzea legezkotzat jo izana ere salatu dute: «Ez dugu ulertu eta ez dugu onartzen horrelako erabakirik». I. E.