Andres OSA «SAKONA»
GOMA GAINEKO MUNDUKO SOKATIRA TXAPELKETA

12 euskal talde Irlandan

Letterkenny hirian gaur hasiko den txapelketan domina batzuen jabe egitea espero dute euskaldunek.

Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketak gaur hasiko dira Irlandako Letterkenny hirian. Euskal Herritik 12 talde joan dira; Klub mailan tiratuko dute gaur eta bihar, eta larunbat eta igandean, Nazio mailan.

Parte hartuko duten nazioak 14 bat dira, baina azken unean baliteke beste bakarren bat ere gehitzea. Txina Taipeik parte hartuko du, baina beste Txina handia ez da agertzen parte-hartzaileen zerrendan. Hasieran eman zuen izena, baina koronabirusa dela-eta bertan behera utzi du partaidetza. Txinako tiralariek, emakumeak, gizonezkoek zein talde mistoek, goi mailako sokatira eta aski berezia agertu izan dute. Txapelketa honetan beraien hutsunea nabarmena izango da.

Lehenbiziko bi egunetan, gaur eta bihar, Talde edo Klub mailan izango dira tiraldiak. Euskal Herritik, “Basque Country” osatzen dutenak 12 talde dira eta ez da txantxa. Zerrenda honakoa da: Badaiotz eta Bizindar Arabatik; Gaztedi eta Murueta Bizkaitik; Ibarra Gipuzkoatik; Antsoain, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea Nafarroatik; eta Zuraide Ipar Euskal Herritik.

Lesakako Beti Gaztek bi talde daramatza, Muruetak daramatzan berak. Guztira sekulako jendetza doa Irlandara: 170 lagun inguru. Horietatik, emakumezkoak 65 bat dira eta gizonezkoak 105etik gora. Dagoeneko bertan dira eta gaur Klub mailako txapelketak hasiko dira. Atzo egin zituzten pisaketak. Epaileetako bat ere hemengoa da, Jose Mari Markaide Gudari. Oso epaile ona da eta aurreko txapelketetan ere goraipatu izan dute haren lana.

Klub mailako txapelketak

Goizeko 9.30ean hasi eta arratsalde erdialdean amaituko dira. Gaur euskal talde guztiek parte hartuko dute; 540 kilotan emakumezkoek, 560 kilotan gizonezkoek, eta azkenik talde mistoak ere bai (lau neskak eta lau mutilek osaturikoa). Bihar, gizonezkoetan talde bakarren bat goiz partean 640 kilotan neurtuko da eta 23 urtez azpiko gizonezkoak 600 kilotan. Arratsaldez, gizonezkoen 600 kilotan hamar taldek parte hartuko dute eta emakumezkoen 500 kilotan, sei taldek. Egun borobila dute. Gure tiralarien maila itxurazkoa izango da. Hemengo txapelketa burutu eta ezertarako astirik gabe berriro goma gainean izango dira. Klub mailan ia pisu gehienetan parte hartuko dute. Horretara doaz eta, lehen aipatu bezala, tamainan prestatuta.

Nazio mailako txapelketak

Larunbat eta igandean Nazio Mailako Txapelketak jokatuko dira. Egun bietan 9.30ean hasi eta arratsalde erdian amaituko dira neurketak. Goizean zehar lehiatuko diren pisuak hauek dira: 680 kilotan gizonezkoak, eta Basque Country ordezkatuko duen taldea Lesakako Beti Gazte izango da. 540 kilotan emakumezkoak; Beti Gazte neska taldearen ardura izango da. Zergatik horrela? Euskal Herriko Txapelketan urrezko domina lortzen duenak Europako zein munduko txapelketetan ordezkari izateko ardura hartzen du.

Arratsalde partean 560 kilotan gizonezkoak izango dute aukera eta Ibarrak beteko du ordezkapena. 580 kilotan talde Mistoa eta Lesakako Beti Gazte Euskal Herria defendatzen.

Igandean, goizean zehar 640 kilotan gizonezkoak eta Ibarra taldea izango da ordezkatuko gaituena. 600 kilotan 23azpiko gizonezkoak ziur aski Euskal Herriak ez du parte hartuko. Arratsaldean 600 kilotan Gizonezkoak Beti Gazte taldea izango da lanean. 500 kilotan Emakumezkoak Gasteizko Badaiotz, Jon Lapazaranen gidaritzapean ea dominaren bat eskuratzerik baduten.

Txapelketa honetan oso kontuan izateko nazioa da Irlanda. Etxean jokatzen du, oso jende prestatua eramaten du, kategoria guztietan aurkezten da eta, horretaz gain, gogoan dugu lur gainean Irlandako San Pet taldeak eta Laukizko Gaztedik izan zuten neurketa; urte batzuk badira, 55 minutu lur gainean tiraldi bakar batean. Irlandak talde bikainak aterako ditu.

Holandak ere oso kontuan hartzeko taldeak izaten ditu, indar handiko tiralariak eta kolpe bortitza izaten dutenak. Ingalaterra ere prestakuntza oso ona duen nazioa da eta sokatiran ongi baino hobeto egiten duena. Ipar Irlanda ere aintzat hartu beharrekoa da. Gureak ere ez dira besomotzak eta egingo dute gauza onik.