GARA
Eskubaloia

Bidasoak Poloniatik bizirik itzuli ahal izatea du xede

Gaur zortzi Artalekun jokatzeko partidarako sarrerak agortu dira dagoeneko.

Orlen Wisla Plock talde poloniarraren aurka Txapeldunen Ligako kanporaketari egin behar dio aurre Bidasoa-Irunek gaur arratsaldeko 15.00etan. Jacobo Cuetararen gizonek badakite aurkaria –tartean Doneztebeko Niko Mindegia dagoela– Bidasoa baino gogorragoa dela, baina beren aukerak baliatu nahi dituzte. Gutxienez, gaur zortzi Artalekun jokatu beharreko partidara aukeraren batekin iritsi nahi lukete irundarrek. Jacobo Cuetarak berak %30eko aukerak bakarrik eman dizkio Bidasoari.

Aukerarik izan ala ez, Bidasoa-Irunek atzo bertan jakinarazi zuen hilaren 29an Artalekun 16.00etan jokatuko den partidarako sarrera guztiak agortu direla dagoeneko. Hasteko, klubeko 1.500 abonatuek atera zuten sarrera, eta gainerakoentzat ia-iasalgai jartzeaz bat saldu ziren denak.

Martxoaren 6tik 8ra Madrilen izango den Kopari dagokionez, lehen kanporaketa jokatuko du Bidasoak, Benidormen aurka. Irabaziz gero, derbia egon liteke aurreneko finalerdian, Anaitasunak Cuencari irabaziz gero.

Anaitasuna-Puente Genil

Asobal Ligari begira, aldiz, Helvetia Anaitasunak etxean jokatuko du gaur arratsaldeko 19.00etatik aurrera Puente Genil taldearen aurka. Biak ere sailkapenean 13na punturekin berdinduta daudenez, irabazleak azken postuekiko aldea atera eta arnasa hartuko luke.

Gauza garrantzitsua da hori iruindarrentzat, azkenengo hiru neurketak, Ademar Leon, Bartzelona eta Benidormen aurka, galdu dituztelako.

Emakumeen Liga

Emakumeen gorengo mailari dagokionez ere, gaur arratsaldean jokatu behar dute hala Super Amara Bera Berak nola Zubileta Evolution Zuazok ere. Bizkaitarrek Lasesarren Granollers hartuko dute 19.00etatik aurrera eta donostiarrek, berriz, Liberbank Gijonen kantxa bisitatuko dute 20.00etan.

Bera Berak Castellanos eta O’Mullony gabe egin du Asturiasa bidea, biak ala biak min hartuta baitaude. Horiek horrela, Renata Arrudarekin batera, Ainhoa Larrañaga atezain jubenila eramango du Imanol Alvarezek Emakumeen Ligako bigarrenaren aurkako partida honetarako.

Bestetik, azken postuetatik burua atera ondoren, Zuazok gorantz jarraitu nahi du. Baina aurrean azken hiru neurketak irabaztetik datorren Granollers arriskutsua azalduko zaio.