Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Atx konpainiaren «7ak bat» antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Saria

Zazpi bekatu nagusiak, Mary Shelley-ren «Frankenstein» eleberria eta emakumeen aldarrikapenak nahasi ditu Atx konpainiak bere umorezko lehen antzezlanean. Gidoirik gabe abiatu ziren eta denek egin zituzten ekarpenak «superbekataria» munstroa eraikitzeko. «7ak bat» lanak mezurik baduen arren, umorearen bitartez tentsioa apurtzen da eta publikoak lasai barre egin dezake. Proposamen interesgarria dela-eta lortu du saria.

Zazpi bekatu nagusiak oinarri dituen “7ak bat” antzezlanak irabazi du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatutako XX. Donostia Antzerki Saria. Gipuzkoako hiriburuan aurreko urtean zehar helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako antzezlanik onena saritzen du. Aurten, Atx antzerki konpainiak egin duen umorezko lehen lanari egin dio aitortza epaimahaiak.

Saria 12.000 euroko laguntza eta artelan bat da –kasu honetan Amable Ariasek egindako margolan bat–. Horrez gain, martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Victoria Eugenia antzokian emanaldia eskaini ahalko du taldeak.

Norka Chiapuso Donostia Kulturako antzerki eta dantza zuzendariaren esanetan, “7ak bat” lanak «ikuslearengana iristea lortzen du, nahiz eta taula gainean oso elementu gutxi izan». Ezohiko antzezlana izanik, horri esker lortu du gainerako antzezlanen artean gailentzea.

Iñaki Ziarrusta antzezlanaren zuzendariak atzoko prentsaurrekoan aipatu zuen sari hau jasotzea «oso gauza polita» dela Atx bezalako konpainia txiki batentzat. «Testuko euskara sorkuntza saritzen duen Euskal Herriko sari bakarra da –azpimarratu zuen–; oso ibilbide polita izan da hasieratik». Izan ere, elkarlanean sortutako pieza izan da, gidoirik gabe abiatu zirelako.

«Etxean egositako proiektu bat izan da», aipatu zuen. Oholtza gainean aritzen diren hiru aktoreak Estibaliz Villa, Miriam K. Martxante eta Aiora Sedano dira. Azken honek esan zuenez, inprobisazioekin hasi ziren lanean. «Zazpi bekatuak, gaiztakeriak… horiei buruz hasi ginen testuak idazten. Prozesu luzea izan zen, askotan inprobisazioak ez duelako askorako balio. Guk emandako ideiekin zuzendariak dramaturgia bat osatu behar du. Guk hirurok asko disfrutatzen dugu, eta horregatik itzela izan da sari hau jasotzea sinesten dugun proiektu batengatik», adierazi zuen.

Ikuskizuna «komedia punk feminista» da, beraien hitzetan. Mary Shelleyren “Frankenstein” lanaren urteurrena, zazpi bekatu nagusien gaia eta emakumeen aldarrikapenak batu dituzte bertan; zazpi bekatuak elkartuz, «superbekataria» den munstro bat sortzen dute jendearen aurreiritziak hankaz gora botatzeko asmoz. «Zazpiak bat» esaera euskal lurraldetasunaren ikurra bilakatu den arren, ez du horrekin zerikusirik eta hitz-joko bat besterik ez da.

Atx Teatroko ekoizle Naia Muñozen esanetan, «jendeak barre egiten du eta oso ondo funtzionatzen du. Diskurtsoa hor dago, baina umorea duenez publikoa erlaxatu egiten da». Ziarrustak azaldu duenez, duela urte batzuk «gauza kontzeptualak» oso modan zeuden, baina azkenaldian «badirudi sailkatzeko arazoak ematen dituztela». Hala ere, beraien antzezlanak harrera ona izan duela argitu zuen.

Eskaintza murritza

Zuzendariaren hitzetan, sari honek «euskaraz egindako testuak behar duen espazioa aldarrikatzen du». Izan ere, Donostian errazagoa omen zaie euskarazko lanak eskaintzea, baina Euskal Herri osoan egoera ez da halakoa, eta «hizkuntza politika batzuk penagarriak dira». Euskaraz lan egiten duen konpainia izanik, beraien ekoizpenek ibilbidea mugatua dute. “7ak bat” lanak oraindik ibilbidea baduen arren, beren ustetan, aurten eskainiko dituzte azken ikuskizunak.

«Gu euskaraz aritzen gara soilik eta publikoa murritza da. Merkatua oso txikia da eta guk ate guztiak jotzen ditugu. Batzuek baiezkoa ematen digute, beste batzuek ezezkoa, eta horregatik ia urte batean aukera guztiak agortzen ditugu», esan zuen Ziarrustak.

Muñozek esan zuenez, Atx beti saiatzen da ikuskizun bakoitzean erronka bat hartzen. «Kasu honetan testurik gabe hastea izan zen. Ikuskizun berrian familia osoarentzako antzezlana prestatu dugu. Animatzen zaituztet ‘Kaskarot’ ikuskizun berria ikustera etortzera». Gonbidapena egina dago.