GARA
IRUÑEA

Gorritiren iruditeria, Ziudadelako lorategian libre

Juan Gorritiren erakusketa Iruñeko Ziudadelako Labean hasi eta kanpoko lorategira zabaltzen da. Barruan, sei metroko diametroko cromlech-a. Berdegunean, ehun bat piezaz osatutako beste cromlech bat, tamaina handiko totem pare bat, hainbat eskultura eta behi urdina aurki daitezke, bost metro eta 2.000 kilokoa. «Gogoan dut soroan lanean idiek eta behiek zenbat sufritzen zuten. Ordain modura, posizio noble batean jarri dut», azaldu du egileak.

Aire zabalean aurkitu du Juan Gorriti artistaren (Larraun, 1942) unibertso partikularrak behin- behinean atseden hartzeko lekua. Eguzki izpiez goxatzen, euriz bustitzen eta bisitarien eskuez laztantzen uzteko. Bere sorkuntza berriena biltzen du “Araitz bailaratik Iruñeko Ziudadelara” erakusketak eta, egileak berak esan duenez, obren sorkuntzan lurrak, euriak, suak eta denborak ere esku hartu dute, berak “Art-Denbora” deitzen duenaren bidez. Aipaturiko Ziudadelako Labean jarri du ondoko lorategiraino hedatzen den bere cromlech berezi horietako bat. Erakusketa datorren martxoaren 29ra arte dago zabalik.

Egitasmo honek Juan Gorritik 2019ko ekainean Azkuen, Mallopen, “Gaztarri” izenez aurkeztu zuen erakusketan du jatorria. Horregatik, Iruñean aurkeztu diren piezak «aireak, haizeak, zirimiriak, eguzkiak eta Araizko euriaren ondorengo lurrinak laztandu dituzte». Bigarren aldiz izango dugu Gorriti Ziudadelan; izan ere, 2007an bere eskulturen bakarkako erakusketa bat egin zuen Ziudadelako Mistoen eraikinean.

Labearen barruan sei metroko diametroko cromlech bat paratu du, 50 eta 180 zentimetro artean dituzten piezek osatua. Gunea zaindua, lasaia, bildua eta isila denez, obra ikustera bertaratzen direnei beren barren-barreneko pentsamenduetara iristeko aukera eskainiko diela pentsatu du, eta horrek hartaratuta erabaki du obra hor kokatzea. Hala, nahi dutenek piezak ukitu eta zurei egin dizkien zuloetatik begiratu ahal izango dute. Diseinuak 70 piezaz osatutako zirkuluaren inguruan ibiltzeko aukera ere ematen du, sorkuntza horri zein ikuspuntutatik begiratu nahi zaion erabakitzeko.

Bigarren cromlecha kanpoaldean instalatu da. Barrukoa baino handiagoa da, hamar metroko diametroa eta egur paregabe eta ezberdinetako ia ehun pieza ditu eta osotasunaren oreka ematen du aditzera. Bestea bezala, «gure arbasoek duela milaka urte hasitako lanaren jarraipena da, guztiok elkartzen gaituen zirkulu bat». Batean zein bestean egurrak kolore naturala du, denboraren joanak eta materialaren gorabeherek eman diotena.

Lorategitik atera gabe, cromlecharen inguruan sorginak eta pertsonaiak aurkituko ditugu, duela milaka urteko gizakien itxurarekiko jakin-mina piztu zitzaionetik Gorritik sorkuntza prozesuan sortutakoak. 2 metrotik gorako altuera duten 8 irudi dira, teknika mistoa erabiliz landutakoak.

Behi urdina guztiaren lekuko ageri da, bi enbor handiren gainean atseden hartzen. Artistak infinituaren kolorearekin margotu du behia, haren «haurtzaroko oroitzapenak jasotzen dituen urdinez, denboraren atzaparrei ihes eginez, maite duen askatasunarekin bat egiteko». Obra honi buruz, honako hau dio egileak: «Gogoan dut soroan lan egiten nuenean idiek eta behiek zenbat sufritzen zuten. Orain, ordain modura, behi hau bi enborren gainean jarri dut, posizio noble batean», adierazi zuen iragan ostiralean, erakusketaren aurkezpenean. Obra bost metrokoa eta 2.000 kilokoa da.

Berdeguneko erakusketan, aurrekoez gain, bi totem handi daude; batak 4 metroko altuera hartzen du eta besteak, hirukoa. Behi urdinean bezala, piezak koloretsuak dira, Gorritik zuraren gainean pintura akrilikoa erabiltzeko hautua egin baitu. Aurreko material berberekin (pintura akrilikoz margotutako zuraz) osatu du azken obra, “Malatxa”, erakusketa osatzen duen konposizio urdina.

Labea aretoan ikusi ahal izango da honako ordutegi honetan: asteartetik ostiralera, 18.30etik 20.30era; larunbatetan, 12.00etatik 14.00etara eta 18.30etik 20.30era; eta igande eta jaiegunetan, 12.00etatik 14.00etara. Kanpoaldea ikusteko, Ziudadelako parkea 9.00etatik 21.00etara egoten da zabalik.