Martxelo DIAZ
iruñea

Inauterietan jazo zena Iruñean azal dezala eskatu dio EH Bilduk Arastiri

Joan den ostiralean, Iruñeko Alde Zaharra inauterietan zela, Polizia espainolaren furgoneta bat bertan sartu eta hamalau urteko neska bat harrapatu eta zauritu zuen. EH Bilduk agerraldia eskatu du, Nafarroako Legebiltzarrean Gobernu espainolaren ordezkari Jose Luis Arastik jazotakoaren gaineko azalpenak eman ditzan.

Jose Luis Arasti Gobernu espainolaren ordezkariak Nafarroako Parlamentuan Iruñeko Alde Zaharreko inauterietan jazo zenaren inguruan azalpenak eman ditzan nahi du EH Bilduk. Horretarako, eskaera bat aurkeztu zuen atzo Ganberaren erregistroan. Hurrengo asteleheneko Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean aztertuko da.

Eskaera onartuta ere, Gobernu espainoleko ordezkariek uko egin izan diote Nafarroako Parlamentuan agertzeari, soilik Estatuko aginteen aurrean erantzun behar dutela argudiatuz.

EH Bilduk Madrilgo Kongresuan ere azalpenak eskatu ditu. Kasu honetan, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari zuzendu dizkio galderak Jon Inarritu diputatuak.

Nafarroako EH Bilduko eledun Adolfo Araizek «erabat onartezin eta neurrigabekotzat» jo zuen Polizia espainolak Iruñeko Alde Zaharrean izan zuen jarrera. Ukatu egin zuen gazteek eskuetan makilak zituztela, sindikatu polizial batek eta eskuin muturreko hedabide batek zabaldu duten bertsioa, hain zuzen. Gazteak inauteri giroan zeuden, mamoxarroz (Nafarroako inauterietako pertsonaia) jantzita eta Polizia espainola beraien kontra sutsuki oldartu zen, Araiazek azaldu zuenez.

Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentaria gertatutakoaren lekuko izan zen. GARAri azaldu zionez, ostiral arratsaldean San Frantzisko plazan Poliziaren furgonetak ziztu bizian ikusi zituen. Horrekin batera, hamalau urteko neska bat zauritu zutela ikusi zuen. Polizia espainola neska hau atxilotzen ari zen.

Ramirezek anbulantzia bat eskatu zuen eta polizia taldea nork zuzentzen zuen galdetu zuen. Neska zaurituta zegoela agerikoa bazen ere, poliziek furgonetan sartu eta komisariara eraman zuten, eta ondoren, ospitalera. Pelbis hezurra hautsita du eta ospitalean dago oraindik.

Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak (AZGM) ere gauza bera kontatzen du. Ohar batean azaldu dutenez, «beti bezala» moxaurrez jantzitako gazteak taberna eta dendetan sartu ziren inauteria heldu zela iragartzeko. Pertsona batek Poliziari deitu zion, antza, eta San Frantziskon Poliziaren furgoneta batek neska hau harrapatu zuela diote. Inguruan inauteri giroa nagusi zela eta ume ugari jolasten ari zirela gaineratzen dute. «Argi daukagu hau ez dela gertakari isolatu bat», salatu dute.