Amaia EREÑAGA
BILBO

«Ama kuraia», asmo handiko Bretchen euskal berrirakurketa gerra garaiei buruz

Euskal antzerkigintzak emandako muntaiarik handienetakoa izango ei da Bilboko Arriagan egunotan goiz eta arratsaldez entseatzen ari diren Bertolt Brechten «Ama Kuraia» («Madre Coraje», gaztelaniazko bertsioan). Lantalde handia eta bertakoa bildu dute, sekula baino gaurkotasun handiagoa duen XX. mendeko klasiko honen bi bertsio egiteko, gaztelaniazkoa eta euskarazkoa. Gerren aurkako alegatu hau euskarara ekarriko den aurreneko aldia da, gainera.

Bertolt Brechtek (Augsburg, 1898-Ekialdeko Berlin, 1956) esaldi esanguratsu hau jarri zuen Suediako Armadaren atzetik bizibidea ahal bezala ateratzen diharduen Anna Fierling kantinera azkarraren ahoan: «Nahi duzuena esan dezakezue. Ez dago gerra bezalakorik. Diotenez, gerrak ahulenak akabatzen ditu, baina hauek bake garaietan berdin-berdin lehertzen dira. Eta, aitzitik, gerrak berak jaten ematen digu aurre egiten diogun guztioi». Zinikoa, bortitza, berekoia, kontraesanez betea... Anna Fierling pertsonaia “Ama Kuraia” da, denboraren poderioz pertsonaia baino arketipo bihurtu dena.

“Ama Kuraia eta bere seme-alabak” (“Mutter Courage und ihre Kinder”, jatorrizko izenburua) XX. mendeko antzerkigintzako testurik adierazgarrienetarikoa dela inork ez du zalantzan jarriko. 1933. urtean, Alemania nazitik alde egin behar izan zuenean, eta Suedian emandako bost asteko tarte laburrean, antzerki “epiko edo dialektikoaren aitak” –izen biak erabili ohi dira– gerra eta faxismoaren aurkako alegatu hau sortu zuen antzerki formatuan. Musikarekin lagundutako antzezlana, ohiko zuenez; baina honetan, Kurt Weillen ordez Paul Dessauk konposatu zituen kantak. Suediatik AEBetarako eta erbesterako bidea hartu zuen Brechtek. Eta 1941ean estreinatu zenetik, Ama Kuraiaren orgaren gorabeherak behin eta berriz taularatu dira. Hamaika ikuskera, hamaika bertsio eta hamaika irakurketa izan ditu. Adibide bat; 2013tik gaur arte Estatu espainiar osoan Atalaya konpainiak taularatu du, eta iaz Madrilgo CDN Zentro Dramatiko Nazionalak. Bakoitzak berea; horixe baitute klasikoek, irakurketa anitz.

Bilboko Arriaga antzokiko agertokia leporaino beteta zegoen atzo eguerdian. 24 aulki eta beste horrenbeste partaide zenbatu genituen. Halere, ez zeuden parte hartuko duten guztiak, zenbaki hori hirukoiztu egiten baita ekoizpen lanetan ari direnak gehitzean. Pentsa, Bilboko Koral Elkarteko Euskeria abesbatzak ere parte hartu du. Aurkezpen jendetsuaren arrazoia Calixto Bietok, Arriaga antzokiko zuzendariak, eman zuen: antzoki publiko honen denboraldi honetako ekoizpen-lan garrantzitsuena izango da “Ama Kuraia / Madre Coraje”.

Gerra beti gerra

Lehenengo gaztelaniaz estreinatuko da, martxoaren 18an (22ra arte), eta handik egun batzuetara, martxoaren 25ean, euskaraz (28ra arte). Anna Fierling gorpuztuko dutenak ibilbide luze eta sendoko bi aktore dira; Itziar Lazkano (gaztelaniazko bertsioan) eta Ione Irazabal (euskarazkoan). Bertsio bietan parte hartuko dute biek, pertsonaiak trukatzean gainerako aktoreen multzoan lan egingo baitute. Muntaia berezi batean, eta «nik katedrala deitzen diodan testu batekin» ari diren sentipena dute, Ione Irazabalen hitzetan.

Lan mardula da Anna Fierling antzeztea, bi ordu luze taularen gainean, Armadaren atzetik gerrara bidali nahi ez dituen seme-alabak babestu nahian (Ane Pikaza, Eneko Sagardoy eta Mikel Losada aktoreak). «Brechtena ez da asko sentiarazten digun antzerki mota horretakoa, guk pentsatzea eta hausnartzea baitu xede –dio Itziar Lazkanok–. Ez nioke didaktikoa deituko, baina egia da gerra ikusten ohitu garela eta dagoeneko ez duela gugan eraginik. Pertsonaia honek gizatasunaren eta berezkotasunaren artean duen nahastea interesgarria iruditzen zait. Gerraren langilea da, ez du eskrupulurik eta gerrari etekina aterako diola uste du, baina oker dago. Gerra beti gerra baita, eta galtzailea jende xumea da».

Maria Goiricelaya gaur egungo euskal eszenan zuzendari indartsuenetakoa da. Berak moldatu eta zuzendu duen bertsio honek osagai asko ditu. Denak «lehen mailakoak», Calixto Bieitoren esanetan; Brechten irakurketa bertako ikuspegitik egina dago, baita estetikan ere... eta, horrez gain, gaur egunera ekarri da. Brechtek Hogeita Hamar Urteko Gerran kokatu zuen Anna Fierling eta bere seme-alaben historia. Goiricelayak, ordea, eguneratu egin du; «publiko gazteari gerturatu nahi nion, eta gune atenporal batean kokatu dut mundu distopiko hori».

Euskal gatazkaren erreferentziak daude, noski, baina kokapenak ez du garrantzirik. Gerra gerra da, han eta hemen. «Beste alderdi batean sakondu nahi izan dut gainera, emakumeen paperean eta gerren albo-kalteetan».