Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Azora «putre funtsak» kaltetutako bizilagunak Goiarekin bilduko dira

Azora «putre funtsak» Inmobiliaria Vascongadaren akzioak erosi izanagatik kontratuak iraungita edo iraungitzear dituzten eta beren etxebizitzetatik kaleratuak izateko arriskuan dauden Donostiako lau familiak «irtenbide kolektiboak» eskatu dizkiete Azorari eta Udalari, alokairu kontratuak «egonkortu» eta kaleratzeak ekidin ditzaten.

Donostiako auzo elkarteetako kideek –tartean, Benta Berriko Alokairu elkartekoak, Blackstone «putre funtsaren» mehatxupean daudenak–, Azora funtsak kaltetutako familietako ordezkariek, sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, ESK, Steilas) eta Kaleratzeak Stop plataformako kideek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean, Azora inbertsio funtsaren Donostiako egoitzaren aurrean. Bi astean hirugarren elkarretaratzea izan zen atzokoa, eta jakinarazi zuten ostiralean Eneko Goia Donostiako alkatearekin bilduko direla.

Zehazki, iazko martxoan Pedro Sanchezen Gobernuak bultzatutako Hiri Errentamenduaren Legea betetzeko eskatu zuen Rosa Garcia Kaleratzeak Stop plataformako bozeramaileak, eta, hala, gutxienez zazpi urteko iraupena duten alokairu kontratuak sinatzea eta kontratu horien prezioa KPIaren araberakoa izatea eskatu zuen, «igoera espekulatiboak galarazteko».

Donostiako Ategorrieta etorbidean eta Galtzada Nagusian bizi diren lau familietatik biri urtarrilaren 31n iraungi zitzaien alokairu kontratua eta, beste bienak otsailaren 28an (ostiralean) iraungiko dira. Gainera, Azorak beste hamar familiari burofax bidez jakinarazi die beraien kontratuak maiatza eta ekaina bitartean amaituko direla. Orotara, Donostiako 320 etxebizitza kudeatzen ditu Azorak.

Jasaten ari diren «ziurgabetasuna» salatu zuten bizilagunek, eta beldur dira Azorak Madrilen kudeatzen dituen babes ofizialeko 3.000 etxebizitzekin gertatutakoa Donostian ere jazoko ote den. Azora inbertsio-funtsak 2013an alokairuko 3.000 babes ofizialeko etxebizitza erosi zituen Madrilen, eta errentari gehienak kanporatu zituen, alokairuaren prezioa %100 igota. Elkarretaratzean Iñaki Setien kaltetutako bizilagunen bozeramaileak ohartarazi zuenez, Bartzelonan ere alokairuen prezioa %70 igotzen ari da Azora.

Setienek zehaztu zuen inbertsio funts honen eraginpean dauden familiek 600 eta 950 euro arteko alokairuak ordaintzen dituztela, eta Gustavo eta Monica kaltetutako bizilagunek adierazi zuten «inbertsio» handiak egin dituztela beraien etxebizitzetan; hileroko alokairua eta ondasun higiezinen gaineko zerga «garaiz» ordainduz, erreformak eginez eta mantentze-lanak pagatuta.

Azora funtsarekin bilera

Setienek jakinarazi zuen Eneko Goia Donostiako alkateak baiezkoa eman ziola, atzo, bilera egiteko eskaerari. Ostiralean bilduko da bizilagunekin, 10.00etan.

Aurretik ere Goiak esku hartu du gai honetan, Azora inbertsio funtsaren ordezkariekin izandako bileran. Bileraren ostean lasaitasun mezua zabaldu zien oraindik kontratua iraungi gabe duten bizilagunei, baina azken hauek salatu zuten alkateak ez zuela argitu zer gertatuko den kontratua amaitu zaien donostiarren etxebizitzekin.

 

Adierazpenak

«Sinatu ditzatela kontratuak ahalik eta azkarren, eta neurrizko prezioetan»

ROSA GARCIA

Kaleratzeak Stop

 

«Espero dugu alkateak lagunduko digula eta jazarpen finantzario honekin bukatuko duela»

IÑAKI SETIEN

Bizilaguna