GARA
BERA

Pertsona bat hil da N-121-A errepidean gertatutako auto istripu batean, Beran

Lesakako bizilagun bat ibilgailu astun baten eta turismo baten arteko istripu batean hil zen atzo, N-121-A errepidean, Berako udalerrian. Azken hiru urteetan 16 pertsona hil dira istripuz errepide horretan.

Lesakako 53 urteko bizilagun bat ibilgailu astun baten eta turismo baten arteko istripu larri batean zendu zen atzo goizean, N-121-A errepidean, Berako udal-barrutian, Nafarroako Foruzaingoak ohar baten bidez jakinarazi zuenez.

Kamioi batek eta auto batek aurrez aurre jo zuten, eta autoak, kontrola galtzearen ondorioz, bigarren kamioi bat ere jo zuen, Foru Poliziak emandako informazioaren arabera. Ez zuten zehaztu hildakoa kamioian edo autoan zihoan. Suhiltzaileak arduratu ziren hildakoa erreskatatzeaz eta, ondoren, galtzada garbitzeaz.

Bestalde, istripuak eragindako trafiko arazoen ondorioz, foruzainek A-15 errepidetik desbideratu zuen kamioien zirkulazioa.

Nafarroako Foru Poliziak zehaztu zuenez, istripua 09.57 inguruan gertatu zen Irun eta Iruñea lotzen dituen errepidearen 65. kilometroan.

Protestak

Puntu beltza da N-121-A errepidea; izan ere, azken hiru urteetan hamasei heriotza izan dira errepide horren Nafarroako zatian, bideak dituen 60 kilometro eskasetan; 2010etik 32 lagun hil dira.

Horregatik, errepidea igarotzen den udalerrietako alkateek elkarretaratzea deitu zuten ostiralerako, atzo gertatutako istripua salatzeko, ezbeharra jazo zen tokitik gertu.

Kamioien trafikoaz gain, zenbait irteera arriskutsuk ere kezka pizten dute bertatik igarotzen diren bizilagunen artean; horietako bat Berako irteera da, eta bertan egingo dute protesta.

Arratsaldeko 19.30ean hasiko dute mobilizazioa, eta ordubetez errepidea itxiko dutela iragarri dute. Besteak beste, eskatuko dute nazioarteko garraioa A-15 errepidetik desbidera dezatela, kamioiek sortzen dituzten arazoak ekiditeko.

Ez da leku honetan protestak pizten diren lehenengo aldia. Errepidearen Bortzirietako eremuan orain dela urte batzuk hasi ziren, eta duela hilabete eskas Iruñeko Legebiltzarrean eztabaidatu zuten gaiaren inguruan, N-121-A errepidean urte hasieran bi gazte hil ondoren –Mikel Manzano donostiarra eta Igantziko Xabier Taberna–, Ultzamatik igarotzean.